OHIKO JAINKOARI
Eli, Eli
lamma-sabakthani?
Josu bar-Joseph, Nazarethen zinaudelarik
Tenplu-heipean hitzal eta hitz emaiten,
Oi zergatikan hor etzaitu Judu zar batek
Judako zuhain gazte hori, jo 'ta moztu!
Josu bar-Joseph, ebili naiz zure elizetan
Ezkoen suan bihotz sor haur sutu nahiz
Nuen orduon, Rabbi, zure baithan sinhesten
(Eta ondikotz! aingeruen baithan ere...)
Josu bar-Joseph, ikasleak zurekin ziran
Zuk ereitean nola gari goi-elheak
Ni ere izan nauzu mintzo nire anaiei;
Bainan anaiok erran dute hitz haur: «Ertzo».
Josu bar-Joseph, badut othoi egin gauerdiz,
Argizagia begi makhur so zan etoi
Eta zuk aldiz utzi nauzu... Zergatik arren?
Zergatik arren, on hotsezko Jainko Josu?
Josu bar-Joseph, badut burhau 'in zuri aitzi:
Biotzean osk bainituen zazpi ziraun
Zeure munduon soilik nago — edozein zakhur
Zoriontsuago bizi da ni bainoago.
Josu bar-Joseph, deithu zaitut haizeen artetik
Hilbeltz erdiko gauhil hartan zurtz eta zut,
—Argizagia ezpain hertsi parrez zegoen—
Zeure zerutik deus ez duzu ihardetsi.
Josu bar-Joseph, gaztaroan maite zindudan.
Maitakeri hark noradino nau iroan...
Gaur, Judu-seme, gutartera itzul bazinde,
Gurutzifika zindezaket nik ostera.
|