www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristabaren bizitza (2. arg.)
Agustin Kardaberaz
1760

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEZAREN SAKRIFIZIO
SANTUA OFREZITZEKO

ta Meza ondo enzuteko Ejerzizioa,
Eliza Ama Santaren Orazioetatik,
ta San Franzisko Sales gozoaren
deboziotik ateraa

 

Mezaren asieran ziñatu ondo soseguz, ta esazu.

        Jauna, ez naz ni diña, ta merezi ez det, zure Aldarera alderatzea; baña nola zure miserikordiak nakarren, lizenzia indazu, Zu adoratzeko, ta zu ainbeste bider ofendituaz, daukadan damua erakusteko.

        Sartuko naiz, bada, Jauna, zure Etxean, ta zure Tenplo, ta Aldare Santuan adoratuko zaitut. Ona non agintzen dizudan, zure diñako Sakrifizio bat, ta Ofrenda bat, zure begietan ederrena, ta zure Biotzaren gloria,ta atsegiñik andienekoa. Confiteor Deo, Sazerdoteak esan, ta zuk ere, Ni pekataria konfesatzen naiz guzia, al dezun pekatuen damurik andienaz, esazu; eta gero:

        O nere Jauna, ta zure Ontasuna zeñ andia da! Orañdik ere ni zure Santuarioan artzean, ta emen sartzea, ez Zuk niri eragoztean! Zure Justiziaren aurrera, ta oñetara nator; nere kulpen barkazioa eskatzera, biotz guztitik, ta askotan diodala: Jauna, miserikordia nizaz, miserikordia nizaz.

        Au, Sazerdoteak bezala, bederatzi bider, esazu, eta ark Gloria in excelsis, dionean, zuk esazu:

        Aingeru Santuak, nere Jainkoaren Ontasuna leia gozoaz alabezazute, bada gaur zerutik lurrera jatxi nai du, ta jaio nere animan, izanik au milla bider ez diñago, bera artzeko, Belengo portale, edo pesebrea baño.

 

        Epistolaren denboran, zuk esazu.

        Kriatura guziak beren Jaun, ta Maisuaren aurrean beude ixillik. Atoz, Jauna zu bakarrik, ta Zuk zerorrek itz egidazu, bada zure sierboak enzuten zaitu. Zure Profeten zeloa indazu, ta zure Apostoloen amorioa, nere barren onetan zure deseo, ta promes santu guziak kunplituaz.

 

Ebanjelioaren denboran esazu.

        Nere Jaungoikoa: lurreko bizimodu triste onetako karzelan nagoen artean, gauza bi txit bear ditut: argia, ta janaria. Ez arren, Jauna, oiek niri ukatu. Zure itz, eta dotrinak nere pausoak argi bitza, ta nere bide guzien argi izan bedi: Zure Gorputz santua nere animaren janari indazu, zerurako falta zadan bidean, desmaiatu ez nadin. Amen.

 

Kredoaren denboran.

        Gauzarik onena da, zuk ere Kredoa esatea, baña txit soseguz ta debozioaz, Apostoloak erakatsi ziguten zeruko dotrina bezala: Kredoan dauden fedeko gauzak sinisten dituzula: ta gero esazu:

        Jauna, sinisten det Zuk Eliza Ama santarekin erakasten didazun guzia: indazu, nere obrak fede onekin batean egitea, ta fede onetan bizi, ta iltzea. Amen.

 

Ofertorioko denboran, esazu.

        Jaun guziz altu, ta soberanoa: Zure Semearen Sakrifizio, ta Ofrenda andi au eskentzen dizut, Sazerdotearekin batean: 1. Zure gloria, ta atsegiñik andienerako: 2. Niri, ta mundu guziari zuk egindako benefizioen esker onak emateko: 3. Nere, ta mundu guziaren pekatuen satisfaziorako: 4. Neretzat, eta nere kargu, edo obligazioko guzienzat eskatu bear, ta nai ditudan miserikordia, doai, ta zure grazia guztiak zugandik alkanzatzeko, zure Seme, Gure Jesu Kristo Jaunagatik. Amen.

        Ofertoriotik Konsagrazioraño, San Anbrosioren, ta Elizak erakusten duen urrengo Orazioaz balia zaite, Jainkoarekin ondo tratatu, edo jarduteko, eta amorio, ta humildadezko, bear diran afektoak zure biotzean sentituaz.

        Sazerdote andi Gure Jesus ona, gure pekatuen barkaziorako, zure Aitari, Biktima, edo Sakrifizioa bezala ofrezitu ziñana: eta zure Gorputz, ta Odola alimentu bizitzat anima illai ematen diezuna, zuri ezin pagatuko zizkituzten zorrez beteak zeudela: Gorputz, eta Odol, gure Redenzioko prezio onegatik erregutzen dizut, ta zure amorio andi, gurekiko Sakrifizio miragarri onetan agertzen dezunagatik, zure grazia eskatzen dizut, bear dan errespeto, bildur, ta amorio santuaz, Sakramentu onetara ni allegatzeko. Ezagutzen det, zure miserikordia, ta Ontasunak, ez bestek, fabore onen andia egin zezakeala.

        Betor, bada, Jauna, nere barren onetara, betor zure Espiritu Santua, nere entendimentua argi dezan, ta nik, Zuk nai, ta agintzen dezun bezala, zure Biotzeko amorio guziaren, ta Fedearen Misterio eskutatu au sinistu dezadan. Zure Espiritu gozo onek nere biotzean itzegin bizat, ta erakutsi, konbeni zadan guzia; zeren zure Sakramentu au gauza guziz eskutatua dan, ta fedearen belo santuaz txit estalia.

        Birjiña guzien Erregea, ta Anima garbien koroa: bada biotzeko garbitasuna ainbeste nai dezu: nigan arkitzen dan pekatuen sua, arren itzali, ta illerazo ezazu, ta gaitzaren arrasto, ta inklinazio loi guzia ken nigandik, gorputz, ta anima garbiaz, zure Gorputz Birjinala ar dezadan, ta Birjiñen erregalo, zure ardo gozoa garbiro edan, ta nere biotza garbiago egin dezan.

        Ateritzatzu, Jauna, ta sustraietik, zure Fede, Esperanza, ta Karidadearen kontrako nigan diran etsai guziak, ta zure borondatearen neurrian indazkitzu birtute oriek, ta zure antzeko humildade, pazienzia, ta nere bizimoduko neke, ta zuk nai dituzun gurutzeak ondo eramateko bear dedan konformidadea, Sakramentu onen birtutez guzian zurekin bat egin nadin.

        Ai nere Jesus ona! Au guzia Zuk nai dezu, ta guzien salbaziorako Sakrifizio miragarri au egin, ta zure Aitari agintzen diozu! Bada, ori, bera nik ere nai det, Jauna, ta guziak gatik agintzen dizut, ta eskatzen guzien erremedioa. Bestek iñork ere baño, neronek bearrago det, nigatik guziak erregutzea. Egia da, Jauna: alere zure ontasunak, nik ere erregutzea nai du.

        Ea, bada, Salbadore amorosoa: zure begien aurrean ipintzen ditut Eleiza A.S.ren, erri, ta fiel guzien premiak, ta orien erremedio, zure eskuetan dagoena. Eleizak berak erakutsi, ta orañ Sazerdoteak Mementoetan, bizi, ta illak gatik erregutzen, ta eskatzen dizun guzia, nik ere zure miserikordiari erregutu, ta eskatu nai diot: ori bera, nere Guraso, Senide, aide, ta adiskideenzat, ongille, ta gaizkilleenzat, ta pekatari guzienzat eskatzen dizut, guziak zure graziara biurtu, ta zure Lege, borondate, ta amorio santuan bizi, ta ill gaitean, zeruko glorian Zu beti alabatzeko. Amen.

 

Ostia altxatzean, esazu:

        Adoratzen zaitut, Jesus nere Jauna, Ostia santa orretan. Adoratzen det, Jauna, nere biotz guztiaz zure egiazko Gorputz guziz Sagradua, Guritzearen Aldarean, mundu guzia erredimitzeko diña izan zan Ostia. Nere fede on guziaz sinisten det, Zu, nere Salbadorea egiaz or zaudela. Zure Ontasun, ta miserikordian esperatzen det: eta nere biotz guztitik amatzen zaitut gauza guzien gañean. Amen.

 

Kaliza altxatzean, esazu:

        Adoratzen zaitut, nere Jesus onaren Odol preziosoa, nere amorioz Gurutzean isuria, nere pekatuen mantxak garbitu, ta nere anima salbatzeko. Fede osoaz, zu or zaudela, sinisten det: Odol txit prezioso onetan esperatzen det, ta zure Ontasunagatik amatzen zaitut, ta nere kulpa guzien barkazioa eskatzen dizut.

 

Gero Sazerdotearekin esango dezu.

        O nere Jaungoikoa: Bada Zuk agintzen dezu, Sakrifizio, ta Ostia au berau zuri biurtu, ta ofrezitzea: Ala nik ere Eleiza Ama Santarekin, agintzen dizut, zure Seme, gure Salbadorearen Misterio andien memorian, aren Pasio, Eriotza, Resurrekzio, ta zeruetara Aszensio gloriosoaren erreberenzian.

        Zure diñako Ostia au da: Ostia garbia, Ostia santa. Ostia mantxa gabea, gure mantxak kentzeko, gure animak garbitu, ta santifikatzeko. Begira, bada, Jauna, zure Biotzeko Seme maite oni, ta ez niri, ezpada nere biotza trukatzeko, ta beraren artzeko garbi, humill, obediente, deboto, ta guzian arekin bat nerea: egiteko, ta zu beti amatzeko. Amen.

        Illen Mementoetan, zuk ere aiek-gatik erregu ezazu.

        Pater noster, Sazerdoteak esatean; zuk ere errezezazu; aren Zazpi Eskariak ondo pisatuaz soseguz. Egunoroko ogia eskatzean, pensezazu ondo, Ostia santa au, ta Komunioa aditzen, ta eskatzen dala emen.

        Agnus Dei, Sazerdoteak esatean, zuk esazu: Jainkoaren Bildots, munduko pekatuak kentzen dituzuna, miserikordia nizaz.

        Iru bider au esan bear dezu: ta irugarrenean: Jauna, zure pakea indazu. Zu bakarrik zera gure pakea, ta gloria bizia. Arren, zure Gorputz santuagatik, nere gaitz, ta peligro guzietatik libra nazazu, ta zure Mandamentu, ta borondateari beti jarraitzeko, ta zugandik ez iñoiz apartzeko grazia indazu. Amen.

        Domine, non sum dignus, esatean, zuk ere esazu: Jauna, ez naiz ni diña, zu nere etxean sar zaitezen; baña itz bat esazu, ta nere anima salbatuko da.

        Sazerdoteak bezala, iru bider au esazu, ta ura komulgatzean, zu ere espiritualmente, edo deseo santuaz komulga zaite. Anima debotak emen fedea bizituaz, biotz garbiaz, gogo andi bero bat irazakiaz, Komunio espirituala artzen dute. Zuk ere, bear bezala, zure animan Jesu Kristo artzeko deseoaz, biotzetik esazu:

        Nere Jesus, guztia amoriozkoa, borondate ona duten animai zure erregalo au ematera zerutik jatxi zerana: Atoz, Jauna, atoz, ordu onean zerori nere animan, Zu ondo artzeko, bear dedan guztia prestatzera. Ni ez naiz zure Majestadea artzeko diña, ta ez Jarleku zuni dagokizuna. Baña zure graziak estali, ta bete bitza nere faltak: zure begi ederrak ofenditzakean guzia truka beza, ta nere biotza berritu, ta garbituaz alda beza.

        Janzi, ta apaindu ezazu, Jauna, anima pobre au zure ondasun, ta birtuteaz, bada nik nerez zure diñako gauza onik batere ez det. Ezaguera osoa idukiko det, guztia zurea dala: eta bakarrik atrebituko naiz, o nere Jainko doai guzien jabea, ta on guzien Emallea! zuri eskatzera, nere animatik joan baño len, zuk naien dezun, ta nik bearren dedan grazia bat eman zadazula, Zu beti nerekin emen lurrean egoteko, ta ni zurekin beti zeruan. Amen.

 

Bendizioa Sazerdoteak ematean, esazu.

        Betor, nere Jauna, zure bendizioa nigana. Bedeika nazazu, ta zure amorioz nere anima Tenplo bizi bat, zuri sekulako konsagratua, egizu, orañ, ta beti zure diñako Jarlekua izan dedin. Amen.

 

S. Joanen edo atzeneko Ebanjelioan esazu.

        O nere Jesus adoragarria! Bada Zu beregan artzen zaituena, zure Ontasunez, zure ume izateraño altxatzen dezu, S. Joan zure Ebanjelista maiteak dionez; arren, Jauna, mesede au niri ere egidazu: ta orretako aragi, ta odolaren, edo gaitzerako inklinazio guzien kateak zure birtutez urra itzatzu, ta Penitenziako Sakramentu, edo nere kulpen Konfesioan berriro zuretzat jaiorik bizimodu santu bat eragidazu, zure amoriozko Eukaristia, edo Komunio sagradura ondo allegatzeko.

        Indazu, Jauna, zure argia, testimenioa eman dezadan, nola nere animan egiaz zauden, ta bizi zeran: zure Aldarearen aurrean, al dedan erreberenziarik andienaz egon nadin, ta zurekin bat egiña bezala, zure borondatea beti egin dezadan: Aldareko Sakramentuan zu grazian artu, ta iduki zaitzadan, eta gero betiko goza dezadan zure Gloria, zeña Aita Eternoaren Seme bakarraren Gloria da, ni bere egiaz, ta graziaz betetzeko. Amen.

        Orañ modu laburtxo au asko da. Bear dan fede, erreberenzia, ta debozioaz. Sakrifizio andi au ikusteko, emen, edo lenago bear litzake, Meza zer dan, ta Jaunaren Pasioko Misterio, ta Pausoak, nola Mezatan berritzen diran, ta zeremoniak zer esan nai duten, banaka, ta ondo adierazo. Jainkoak nai badu, denboraz ori ere ikusi, ta ikasiko dezu.

 

aurrekoa hurrengoa