www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristabaren bizitza (2. arg.)
Agustin Kardaberaz
1760

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZI-GARREN PAUSOA

LEKZIO ESPIRITUALA

 

        G. Zer beste janari animaren frutu andikoa izango da?

        E. Libru on deboto bat egunoro zuk irakurtzea, edo irakurri-erazotzea.

        G. Onelako Libru batek etxekoenzat serbi dezake?

        E. Bai, ta Predikadore santu, ta Maisu betikoa izango da.

        G. Ta beste ipuien, ta komedietako Libruak zer dira?

        E. Animen izurri, ta pozoi gaisto dira oriek.

        G. Zerura bear dutenen, edo arako predestinatu, edo doatsuen lenbiziko señalea zeñ da?

        E. Jainkoaren Dotrina, edo itza frutuaz enzutea, edo irakurtzea.

        G. Ta enzun nai ez dutenak, zer señale dute?

        E. Galdu-bearren, edo kondenatuen señalea, Jesu Kristok berak dion bezala.

        G. Dotrina buruz artzea, edo memoriaz asko da?

        E. Ez Aita: bere modura, nolere bait aditu bear du.

        G. Ta edolarik substanzia, edo bearrena aditzen ez dutenak, pekatu mortala egiten dute orretan?

        E. Baldin galdetzen ez badute, ta ez enzutera etortzen, edo jakiteko biderik artzen ez badute, bai Aita.

        G. Dotrina obeto jakitera nor daude obligatuak?

        E. Gurasoak, Eleizako Buruak, Nagusiak, ta besteai erakasteko obligazioa dutenak.

        G. Baldin berak, edo bestez etxekoai erakasteko alegiña egiten ez badute, egongo dira pekatu grabean?

        E. Bai, Aita, ta txitezko pekatu grabean.

        G. Onelako Guraso, ta Nagusiakgatik Jainkoak zer dio?

        E. Fedea ukatu dutela, ta Jentilak baño gaistoago dirala.

        G. Gaitz orren anditik libratzeko, zer erremedio ar diteke?

        E. Etxekoakin Dotrinara etortzea, eta gero etxean errepasatzea.

 

ONETATIK DATORRENA

        Orañ zu bizi zeran errira S. Ignazio Loiolako bat, S. Franzisko Sales, edo Maisu andi Luis de Granada bat, etorriko balira: zer poza? Nola galdetuko zenduke, zer dioten? Zer erakusten zuten? Ta aiekin puska bat itz egitea, edo aien konseju onak aditzea, ditxa anditzat artuko zenduke. San Krisostomok esaten dizu, bada: edozeñ Santuren Libruak idiki itzatzu, ta orietan obeto, bentaja andiakin, Santuak aditzeko ditxa ori izango dezu. Zeren itzketa, edo konbersazio batean, orduan berak dakarrena baizen, ezin esango lizukee; baña beren Libruetan, Jainkoaren argi, ta orazio askorekin ikasi zuten onena esaten dizute.

        Jaungoikoak dio: Ondasunik ezta, ta ez gauzarik adiskide on fiel batekin zer ikusi duenik. Ta esan diteke, adiskide, Libru on batekin zer ikusi duenik ez dala. Zeren adiskide, ta konsejero bat da, noranai, zurekin, zu engañatu gabe, zuzaz kansatu gabe, ekarri dezakezuna: nai degunean baizik, itz egiten, edo laguntzen ez diguna: beti egia libertade suabe batekin, estalki, gezur, edo interes gabe garbiro, pasio, ta enpeño gabe esaten diguna. Zer deskuido itsuagorik, bada, gurea baño: onen erraz Jainkoak señalatzen digun ondasunik andiena, Libru Santu batean iduki dezakegula, guk ez gozatu naia, ta askotan idiki ere nai ez!

        Gogorik artzen, ta galdetzen badezu: zer Libru irakurri ditzakezun? Konfesore jakinsu espiritual batek eranzungo dizu. Baña geiena zurekin fratikeran ekartzeko, serbituko dizute S. Ignazio-ren Ejerzizioak: Kristabaren Pensamentua: Maximak: Kempis: Lutxa: ta orrelakoak. Etxerako, zeren Libru andiagoak dira: Pekatarien Gia: ta Maisu Luis Granada B.aren beste Obrak: Denboral, ta eternoaren Diferenzia: Sales-en Biziera debota: Palma Jesus-en Pasioa: Alonso Rodriguez-en Libruak. Zer neke izango da, egunoro ordu erdi artu, ta Zeruko gizon oiekin jarduten, edo konbersazioan zu egotea?

        Erremedio onetan, Jainkoaren itza enzutearen gañean, Santuak diozkaten irabazi, ta sari andi guziak, enzerratzen dira, eta au predestinatuen señale izatea, Jankoaren itza enzuten zerurako señalea baldin bada, Libru oietan irakurtzea, gutxiago ezta: garbia, ta klaroago, sermoi askotan enzuten dan baño dakarte Libru santuak. Baña ala irakurtea, nola enzutea, Jainkoaren itza bezala, bear da, begirunez, debozioz, ta frutuaz. Familia baldiñ badezu, ta zuk ez badakizu, edo eziñ irakurri badezu, dakien bati eragiozu: eta besteak beren bearrean ari diran artean, isillik, eta ondo adi dezatela.

        Ta onetan beste ondasun andi bat Jainkoak agertzen dizu, ta zure zer andi bat pagatzeko bidea. Dotrina erakasteaz gañera, gauza ziertoa da, zure familiak Jainkoaren bildur santuan azitzeko, ta bide, edo medioren batzuek orretarako artzeko, obligazio grabea dezula: ta au bearbada txit azturik daukazu. Obligazio au kunplitzeko, bada, zer bide errazagorik, ta poderosoagorik, Libru oietatik batean zure familiari Predikadore santu, jakinsu, ta zeloso bat ematea baño? Onek zuk naizunean, predikatu, ta zeruko bidea, ta bizia erakatsiko dizu, edolakorik Jai egunetan.

        Familiakoen gusto geiagorekin au nai badezu; esan diran Libruakin, aldizka irakurri dezatela Pasioko Historiaren bat, edo Ejenploena, edo Santuen Bizitzak, Ribadeneiraren Flos Sanctorum deriztenak. Baña kendu, ta etxetik aienatu bear dituzu, pozoia bezala, munduko beste Libru galgarriak, ta Jainkoa deabruarekin ez iduki. Libru santu oien ejerzizio, ta uso au baño errazago, obeago, ta arrazoiari egokiagorik arkituko dezun ez dakit: eta zurekin, zure familiarenzat gusto, ta probetxu andiagokorik ere ezta erraz. Bada Libru oiek erakusten dutenaz, ya diotenaz, ya esanzat bezala ematen dutenaz, senti gabe, dotrina erakasten dute, entendimentua argitzen, ta alaitzen dute; ez jakinde, edo ignoranziak kentzen dituzte; gure pasioak lotutzen dituzte; biotzai beren anz, edo kolore ona ematen die: ta animetan añ frutu andia ateratzen dute non G.A.S. Ignaziok, ta S. Joan de Dios-ek bide onetatik asko anima irabazi zituzten, erriz erri Libruak eraman, ta merkeago salduaz. S. Isidorok dio: «gure probetxu guzia lezio, ta meditaziotik datorkigula».

        Jakiña da, S. Agustin, S. Fuljenziok, S. Ignazio Loiolakoak, ta beste askok beren konbersio, ta santidadea Libru onai zor ziela. Alderago degu ejenploa gure egunetan Jakobo bigarrenean, Inglaterra, Eskozia, ta Irlandako Erregean: Errege Kristau guzien ispillu fedeko firmetasunaz izan zan, eta Libru santuai guzia zor zien. Errege Katoliko, ta deboto onek egunoro irakurtzen zuen esan diran Libruetan, ta are geiago Denboral, ta eternoaren arteko Diferenzian: eta au añ altu, ta gogotik josi zitzaion, non askotan esan oi zuen, Orange-ko Prinzipeari baño, iñori geiago zor etziola; bada iru Erreino kendu zizkanak-gatik, guziak baño geiago balio zuen betiko zerua, ta Erreinoa irabazteko bidean ifiñi zuen: ta ala Jainkoari egunoro txit enkomendatzuen. Beñ batean, gizon andi berari Franzian jarraitzen zion batek kontatu zion bera pena andi bat, eta loa kentzen ziola. Erregek esan zion: nik emango dizut erremedio bat guziz eragille segurua. Ta Diferenziaren Librua erakarri, ta esan zion: Ar ezazu, Milord, eta irakurri zazu Libru au, ta nere kontu, edo prometen dizut, lo egingo dezula. Onekin aditzera eman zion, ezerk ere animako sosegu, ta pake andiago emango ez digula, munduko gauzak utzitzeak baño; eta au Libru santuetan arkitzen, ta ikasten dala.

 

aurrekoa hurrengoa