www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristabaren bizitza (2. arg.)
Agustin Kardaberaz
1760

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

LENDABIZIKO PAUSOA

BIZIERA BERRIA GOGOTIK ARTU,
TA KONFESORE ON BAT BILLATU

 

        Galdea. Gurutzearen señalea bekokian egiteak, zer esan nai du?

        Eranzuera. Kristau izateaz, ta gerala, guzien aurrean erakusteaz, lotsatu bear ez gerala.

        G. Munduko esamesak, edo errespeto banoak, ezertan ez dauzkanari, zergatik iñork ezer esaten ezdio?

        E. Zeren txakurrak, kalorik ez, edo ezjaramon egiten dionari, zangarik egiten ez dion.

        G. Zeruko Bide onetan ez utsegiteko, nondik asi bear da?

        E. Biderako Lagun, edo Gida on bat artzetik.

        G. Zer Lagun izan bear du orrek?

        E. Konfesore artu bat, Santu, jakinsu, juiziozko, ta animen zeloduna.

        G. Ta Konfesore orrekin seguru, ta ondo ibiltzeko, lenengo gauza, edo erregla zeñ da?

        E. Animako gauzen, baita tentazio guzien kontu osoa batek ematea, ta berari itsu itsuan jarraitzea.

 

PAUSO BAKOITZEKO KONKLUSIOA

        Galde, ta Eranzute laburren ondorengo dotrinari Konklusioa deritza, eta orazio, edo itzketaren azkeneko partea da, ta len esan diran arrazoien ondoren orietatik atera bear dana.

 

PAUSO ONETAN ATERA BEAR DANA

        Mundu onetako guziak duten egitekorik andiena, edo bakarra, Aita Santuak Eleiza gobernatzean, Erregeak beren kezka guzien artean, Soldaduak gerretan, Letraduak beren estudioan, ta Merkatariak beren tratuetan; or guzia besterik ezta, ezpada Jainkoa serbitzea, ta beren animak salbatzea. Azken fin, edo egiteko andi onetara, ondo izateko, illkor guzien, edo gure beste nai, gogo, uste, ta alegin guziak zuzendu bear dira. Gerrak, eta pakea, ta beste, anditzat lurrean dauden egitekoak onen aldean ametsak, ta jostaerak dira. Ezer ez dira, ta ezer balio ez dute, baldin salbatzeko laguntzen ezpadigute. «Gizonari zer aprobetxatuko dio, Kristok dionez, mundu guzia irabaztea, galtzen badu bere anima?» Quid prodest, &c.

        Demagun ordu onean, edo kontu egizu, zure gogoak asma al ditzakean ondasun, errenta, ta azienda guzien jabe munduan ikusten zerala. Zure biotzako ordua azkenik etorriko da. Quid prodest? Ondasun oriez guziaz zer probetxu izango dezu ordu artan? Ezer ez; ezpada zure animaren kezka, ta arazo andia. Konta egizu beste aldetik, zure alabeharrak puestorik altuenetara igo zaituela, guzien buru, gobernadore, ta agintari, edo Errege baten aldeko adiskide, onra, ta adoraziorik andienetara igo arteraño. Quid prodest? Orrez guztiaz zure eriotzako orduan zer probetxu dezu? Ezer ez, zeren guzia aize utsa baizen eztala, ikusiko dezun orduan. Ea demagun, osasunaz, ta indarsu eun, ta geiago urte bizi zerala, atseden, erregalo, ta atsegin zure gogoak nai dituen guziakin. Quid prodest? Ori guzia zure eriotzako orduan zertako izango da? Ezertako ez, ezpada ordu ura samiñago egiteko. Beraz, Jainkoa ondo serbitu izana, ori bakarrik zure probetxua, ordu artan, ta betiko izango da.

        Ar ezazu, bada, ta orañdaño baño gogotikago zure animaren egiteko bakar au. Bearbada zure irabazi, ta lurreko aurrera naietan beti zoraturik, egunen batean ozta onen gañean pensatzen jarri izan zera. Beste guztirako denbora izan dezu, ta badezu, ezpada zure salbazioaren onetarako, zeña guziak baño bearrago dezun. Zure biziaren geiena nai utsetan, ta Jainkoa serbitzeko uste, edo aldartezko asi aldi, edo gale batzuetan igaro zatzu: Errosario gaizki errezatu bat, Meza bat, al dan laburrena, ta beste debozio ariñ batzuekin zure salbazioa txit seguru zeneukala iritziko ziñion. Baña ai! Zeruko ateetan orrelako orazio, ta indar gabeko bitartekoakin negar, edo ots egitea, ez da asko. Geiago kostatzen diran gauzak, edo medioak Zeruak eskatzen ditu.

        Gogo egiazko bizi bat, ausardia eragille, ta indarsu bat eskatzen du, gure Jesus onak dionez: «Ate estutik sartzeko alegiña egizute». Beste konturik egiten ezpadezu, bada, Mandamentuak gordetzea baizik, jakiñik zaude, gordeko ez dituzula. Epeltasunaz, erreparo, edo atzerapenaz asitzen bazera, edo besteen esamesak gatik, edo utzi bear dituzun gusto, ta konbenienziak gatik, ez dezu ezer egingo. «Asko, ta guzia inportatzen du (dio Santa Teresak) gogo bizi, ta determinazio egin, ta eragille batek. Lendabiziko determinazio oiek gauza aundia dira». Soldadu ausardiaz, ta karga itxiaz erasotzen ez duenak gutxitan bitoria irabaziko du.

        Baña ikasbide, dotrina, edo diktamen oiek, ta beste orrelako zure salbaziorako bear diranak, Konfesore oitu, ta jakinsu batek obeto erakatsi, ta emango dizkitzu: eta Konfesore jakin seguru bat artzea, iñoiz ere bearrago ez dezu, deboziozko bizimodu onen asieran baño. San Franzisko Salesek ainbeste Konfesore orren aukera, edo elekzioa enkargatzen du, non deitzen dion. «Oar guzien oarra, edo adbertenzia guztien adbertenzia». Ta orren gañean Santuak esaten du: «Maisu Abilak orregatik dio: Milla Konfesoretatik bat ar ezazu: eta nik diot: amar millaren artean bat: zeren ofizio onetarako gai, edo kapaz diranak uste degun baño gutxiago arkitzen diran. Karidadez, jakintasun, ta prudenziaz betea Konfesoreak izan bear du: eta parte oietatik bat falta bazaio, peligro andia du».

        Nola, bada, konpontzen dezu zuk, Zeruko bide onetan ez uts-egin naia, ta orretan nork zaramatzien, ez ondo begiratzea? Baldin zure osasun, auzi, edo aziendarentzat, Mediku, Letradu, ta Maisterrik, al dezun onen billatzen badezu: nola zure anima, ta onen salbazioa edozeñ Konfesore, edo lenena topatzen dezunaren eskuetan ipintzen dezu: O zeñ gutxi pensatzen dezun, Konfesore on bat ez billatze orretan, edo zure maliziazko nagitasun, ta deskuido orretan, ta bear ez dezun Konfesorea artzean, zure Salbazio, edo kondenazioa dagokeala! Baña au Ejenplo izugarri onetan obeto ikusiko dezu.

        Italia-ko erri batean, oi dan bezala, Jaun bat bere Eleizako Artzai, edo Kurarekin konfesatzera joan zan; baña onek ikusirik aren animaren estadua, ta biziera galdua, bere oñetatik absoluzio gabe bialdu zuen; zeren gaizki irabazitako ondasun batzuek beren jabeai biurtzeko gogorik etzeukan, ta biotzeko gogortasun andia erakutsi zuen. Konbentu batetik bestera Jaun ori ibilli zan absoluzioaren billa: zeren, askok uste duten bezala, pensatzen zuen, Konfesoreagan zegoela kulpa, edo eskrupulosoa zala. Azkenik Relijioso bat topatu zuen, ta onek bizarria andiaz absoluzioa eman zion: eta Jaun ori añ pagatua geratu zan, non berarekin aurrera ere konfesatu oi zan: eta erregaloren batzuek egiten ziozkan, eta jatera, edo bere maiera askotan konbidatzen zuen.

        Beñ batean afaritara eraman zuen, eta alkarrekin afaldu ezkero, Konfesorea bere Konbentura biurtu zan, ta Jaun ori oiera joan zan. Baña emen, uste gabeko aldi gaisto, edo akzidente añ estuak eman zion, non lekurik gabe bertan, ta beñgoan illik gelditu zan. Denbora orretan, gizon orren etxeko ziruditen mutil bik Konfesoreari etxe orretara ots egin zioten; baña oiek ziran demonio bi. Erlijiosoa bereala joan zan, ta etxean sartu, ta eskaletan gora igotzen zala, Jaun ori ikusi zuen eskal-burutik zetorkiola, jaikitzeko soñeko luze batekin estalirik. Mutillen mandatua burlatzat zeukala, betik esaten asi zan, zer ikara eman zioten, ta nola esan zioten, gaitz andi batekin erremedio gabe zegoela.

        Orduan Jaun orrek boz ikaragarri batekin eranzun zion: Añ erremedio gabe nago, non ta infernuan erretzen nagoen; zeren ainbeste urtean gaizki konfesatu naizan. Ta, bada, zu ere, zure absoluzioakin nere kulparen parte izan zera, ta zeren desengañatu ez ninduzun: Jainkoaren justiziak agintzen du, penan ere nere lagun izan zaiteala. Onetan dunbadako, ta lur ikara aundi batekin etxe guzia ikara ibilli zan: eta Jaun orri demonio bata, ta Relijiosoari bestea itsatsirik, biakin eskutatu, ta infernuan sekulako ondatu ziran: ta ala geroz ez aien gorputzik, ez arrastorik ere idoro etzan. Jesusen Konpañiako Aita Juan Lorino, Eskritura Sagraduaren gañeko bere Libru guziz estimatuaz, gizon mundu guzian ondo ezagutua, Ejenplo triste onen testigu izan zan. Ta zuk, emendik Konfesore al dezun onena billatu, ta artzea atera bear dezu.

        Libru, edo Autoreen deierak, edo zitak Euskaldunai faltarik egiten ez die; eta Erdarazko Librutxoetan arkitzen dira.

 

aurrekoa hurrengoa