www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristabaren bizitza (2. arg.)
Agustin Kardaberaz
1760

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMABI-GARREN PAUSOA

JAUNGOIKO-AREN
BORONDATEAREKIN KONFORMIDADEA

 

        Konformidadea da erakida, edo araukida: ta esan nai du borondate bi era batera egitea, edo egotea. Pauso onetan, zure borondatea Jainkoaren borondatearekin bat egitea, esan nai du.

        G. Eguna, Astea, ta Illa onela errepartitu ezkero, birtuteen ejerzizioan beti ari bear degu?

        E. Bai, Aita, baña orien gañean ez diguzu orañdik ezer esan.

        G. Bada, zuk esazu birtuteren bat, beste guziak berekin dakartziena?

        E. Ori da Jainkoaren borondatearekin konformidadea.

        G. Birtute ori zertan iduki, edo erakutsi bear da?

        E. Gauza guzietan berdin, ala penetan, nola konsueloetan.

        G. Edozeñ gauzatan Jainkoari zer esan diozakegu?

        E. Jauna, egin bedi zure borondatea denbora guzian, ta eternidadean.

        G. Birtute hau beti orren beardana da?

        E. Bai, Aita, zeren ezta Kristaurik egunoro, bear, edo nekea ez duenik.

        G. Birtute onek zer estadutaraño gure animak igo-erazo ditzake?

        E. Kristau biziera batetik Jainkozko bizimodu bateraño.

 

EMENDIK DATORRENA

        Itz bakar oietan: Jainkoaren borondatearekin konformidadea, Birtute guzien izate, edo suma bat, Zerurako biderik laburrena, ta lurrean Zorion, edo Bienabenturanza egin, edo kabala, eskeñtzen dizut. Baldin orañdaño pensatu badezu, errezo luzeetan, Meza asko ikustean, penitenzia gogorrak egitean, zegoela birtutea, ta orregatik birtuteari jarraitzera atrebitu ez bazera, txit engañaturik bizi izan zera. Gauza orien birtuterako bide santu, ta bitartekoak dira: penitenzia, ta errezoak, neurriaz, ta Konfesore prudentearen konsejuaz baizen, ez dituzu artu, ta usatu bear: oriek azaletik, edo espiritu gabe artu, ta birtuteak ez dira.

        Ta baldin, Birtutea zertan dagoen, galdetzen badezu? Teologoak eranzuten dizute, Birtutea, ta Birtute guztien anima, zure borondatea Jainkoarenaz bat egitean, edo konformatzean, dagoela; zure borondatea sujetatzean, edo ukatzean. Nai badezu, bada, Jainkoa gogotik, edo deberas serbitu, ez dezu Martirioetan, eremuetan, ta beste konseju askotan, zer pensatu. Zure etxe barrunbean, ta egunoroko zure esku arteko gauzetan, Birtute txit altu bat Jainkoak ifiñi dizu: ta onetara igo, edo allegatzeko, besterik bear ez dezu, ez bada Aita Gureko itz aiek: Egin bedi zure borondatea, nola zeruan, ala lurrean, beti zure biotzean, ta aoan idukitzea.

        Zure egiteko, lan, edo obra, asko kostarikakoa, ta ondo irtetea nai zenduena, gaizki irten zatzu? Bada Jainkoari biotzetik esaiozu: Jauna, zure borondatean orañ, ta beti egin bedi: eta onetantxe dago birtutea. Orrako zure mirabe, seme, edo alaba, senar, edo emazte orren soberbia, modu gaisto, edo aren gaizki egin, edo esan ori, diozu, betiko tormentu bat dala zuretzat, ta ori zuk sufritzea, Jainkoak nai du? Bada biotz guzitik esaiozu: Jauna, orañ, ta beti, zure borondatea egin bedi: ta orretan zere burua sujetatzean, dago birtutea. Besteak gaitz, edo agrabioren bat egiten dizu, edo kentzen zure kreditua, ta Jainkoak erremedia dezakeala, erremediatzen ez du? Bada biotz guzitik esaiozu: Jauna, orañ, ta beti, zure borondatea egin bedi: ta onetan dago birtute andia.

        Onelako gauzetan Jainkoak nai du, beragatik bestea zuk ondo tratatzea, karidade, ta agradoaz, ta arpegi alai ta biotz onaz, onenbat orregatik beragatik, al badezu, ari egitea. Animo, bada, ta gogotik artu, ta egin, zeren Jainkoak nai duen, ta akonsejatzen dizun: ta orretan dago Jainkoa galanki serbitzea. Fin onetara zure orazio, barau, limosna, ta obra onak zuzendu bear dituzu: zure burua benzitu, sujetatu, ta Jainkoaren borondatearekin neurritu, ta bat egitera, ta are geiago, egunoroko, ta orduoroko zure etxeko gauzetan: ta S. Franzisko Salesek dionez, oiek ondo artzen, ta eramaten badira, bide eder bat dira, ta ondasun espiritual asko juntatzeko modua.

        Ta ez dudatu, orrelako gauza txiki batean zere burua benzitzea, askotan Jainkoari geiago agradatzen zaiola, ta zuk gloria andiago irabaziko dezula, eun baraurekin baño. Zer du baña, zer ikusi, Jainkoak zuri sufritu dizun, ta egunoro sufritzen dizunak, besteai zuk sufritzen diezunarekin? Zere burua, bear dezuna izateko ezin zuzen dezu, ta besteak zuzendu nai dituzu?

        Neke orretan, ta are andiagoetan Jesu Kristo bera agertuko balitzatzu, ta esango balizu: Nere borondatea da, nik bialtzen dizudan neke au zuk eramatea. Nork eztaki, zu zeran gaistoena izan arren, esango ziñiokela: Jauna, ori da asko zuk nai izatea: ori eraman nai det: egin bedi zure borondatea. Bada, Salbadoreak berak esango lizukeana bera, esaten dizu, ta añ seguru Fedeak. Onak, eta gaitzak, bizitza, ta eriotza, pobreza, ta ondasunak Jainkoagandik datozkigu. Baña zure itsumena, ta desditxa guzia dago, zuri naigabea eman dizun sujeto artan zure begiak ifintzean, ta ez zure Jainko amoriozkoaren esku gorde artan, zeñak neke ori, bestearen bidetik bialtzen dizun.

        Pobreza, gasotasuna, deskreditua, ta orrelako nekeak dira egunoroko ogia, zeñarekin Jainkoak bere umerik maiteenak azitzen dituen, ta oiek dira zerurako biderik seguruenak. Bide au bere Seme maiteen bakarrarenzat artu zuen. Beti tristeak zuk konsolatzean, pena oriei egunoro Jainkoaren erregaloak detzen diezu. Baña zugana datozenean, ezin ori sinistu dezu, edo, sinisten ez bazendu bezala, begiratzen diezu: ta zeru asko irabazi bearrean, ta iru itz oiekin: egin bedi zure borondatea, oriek ariñago egin bearrean; zure betiko itzak, ta deadarrak dira, Jainkoak pena orietatik libra, ta atera zaitzala: ta are geiago lurreko, edo gauza denboralen gañean bada: zuk eskatu, ta uste dezu Jainkoak aditzen etzaituela, geiena, ta obeto aditzen zaituenean. Eta zuri osasuna, ondasunak, ta beste zuk nai zenduen, ta eskatzen zenduena, ukatzea, edo ez Jainkoak ematea, da ez bestegatik, ez bada, zeren zure animaren galgarri, edo kalte izango dan, Ejenplo onetan ikusiko dezun bezala.

        Bost eun, ta ogei, ta zortzigarren urtean, Tebaidan Eulojio zeritzan gizon bat ofizioz argiña, bizi izan zan: pobrea bera; baña birtutez añ aberatsa, non aoko bokadua bere buruari kendurik, Kristoren pobreai limosna asko egiten zien, ta erromes, edo peregrinoai ostatua ematen zien. Beñ batean, besteen artean, Monje Santu bat, Daniel zeritzana iduki zuen etxean. Onek, ikusirik barrendik nekazari pobre onen birtute andiak, bere Monasteriora biurtu zanean, Jainkoari erregutu zion, ta barau askorekin eskatu zion, arren Eulojio ondasunez bete zezala, zeren aren iritzian, Santuen, ta Limosnarien ispillu bat izango zan.

        Jainkoak eranzun zion, Eulojiori, estadu artatik irtetea, konbeni etzitzaiola. Orregatik ere Danielek berriro orazioa egin zuen, ta añ biziro ta gogotik, non bere anima buruzagi, edo fiadore ifiñi zion Jaunari. Orduan, Jainkoak nai, ta Eulojiok, atxurrean ari zala, lurpean gordairu, edo tesoro andi bat arkitu zuen ta orrekin Konstantinoplako Kortera igaro zan. An Soldadutzako bizimodu edo runbo peligrosoa artu zuen, eta bere diruak, ta adiskideak laguntzen ziotela, denbora gutxiren buruan, Enperadore Justino zarraren Guardietako Agintari, edo Kapitan izateraño igo zan.

        Baña bere poderio, ta anditasunez, len zanetik, bere oituretan añ trukatua, non lengo limosnak biurtu ziran jokoetara, ta orazioak ibillera txar desonestoetara. Denbora onetan Daniel Monje Santuari Jainkoak erakutsi zion ori guzia bisio txit izugarri batean, zeñean fiadoreari bezala, Eulojioren animaren kontu estua eskatzen zion. Ikaraturik Daniel, Konstantinoplara joan zan bereala, baña illabete osoan, Eulojiogana sarrerarik, ta ari itz egiteko biderik arkitu etzuen.

        Azkenik, nolerebait sartu, ta itzegin zion, ta bere animaren onerako desengañoak ematen asi zitzaion. Baña Eulojiok añ gaizki artu zuen, eze deadarka Soldadu batzuei asi zitzaien, zeren gizon zoro ari sartzen utzi zioten: eta oiek golpeka, ta tratu gaistoaz kanpora bota zuten. Orregatik ere Daniel Santua bere Eulojio gajoaz aztu etzan: ta beregatik Jainkoagana biurtu zan, ta are estuago, ta gogotikako Eulojio tristearen animagatik erregutu zion, arren lengo nekezko estadu pobre humill artara, bere erremedio bakarrera bezala, biurtzezala.

        Lengo orazioa baño obeto Jainkoak orañgoa enzun zion. Zeren Justino ill ezkero, ta Justiniano agintzera sartu zanean, Eulojiok beste Hipazio zeritzan gaisto, ta gaizki Enperadore izan nai zuen bati jarraitu zion: ori preso artu, ta Eulojiok iges egin, ta libratu zan. Onek bere ondasun guziak galdu, ta bere burua, zerekin bizi etzuela, ikusi zuen: ta bearrik bazuen, bere zizel, ta malluaz bearrean biurtu zan: eta bere buruaren kaltearekin, penitenzia egiten asi zan.

        Onela zebillela, beñ batean Daniel topatu zuen; baña humillago, ta modu obekoa, Kortean zegoenean baño. Monje Santuari erregutu zion, arren Jainkoari eska ziozala, ez ondasunak ari ematea, baizikan aren pobreza andiaren alibioren bat, eta bizi guzian aren zordun geratuko zitzaiola. Ez orise, Daniel Santuak esan zion: ez geiago. Jainkoari ez diot eskatuko, pobreza orretatik atera zaitzala, zeren ori nekezko gauza bada ere, zure animarenzat bearra dan: ta orra nola ura jakiñik gelditu zan, ta gu ere ikasirik aren ejenploarekin.

 

aurrekoa hurrengoa