www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa  

XXIII
GURE URIKO IZARRA

 

        Iondone Andolin eguneko goizaren pozgarria!

        Bekar bakoitzak irudimenera norbere erriko jai-egun nagusia. Bezperan elduriko erriko-semeak orduan alkar ikusten dabe, geienbat, plaza zabal ederrean.

        Meza nagosi ta ibilketa eleiztarraren ondorik, Zumardiko arbola mardoen orriak egiñiko gerizpe ozkirrian, itsas-aize emearen kresal-usaiñean, antxen alkarrengana joten dakie beti errian dagozanak eta, damurik, kanpoan bizi bearra daben erritarrak.

        Eta musikari taldearen soiñu eder ta eresi bigunak entzun-ala, agurka, kaixioka, esku-joka ta lepo-igurtzika jarduten dabe gazte ta zaarrak, gizaseme ta gizalabak. Alako une pozgarririk ezta, bear bada, urte osoan.

        Antxen batzen dira bakoitzaren izena ta izana, joana ta etorkizun-amesa, bakoitzaren gomuta ta oroiak, alkarren ezaupide, adiskidetasun eta maitetasuna.

        Bai dala gozo aspaldiko doiñu ezagunak barriro entzutea! Eta are atsegiñago, soiñu bigunon egille, eresi bizkor ta biozkorren asmatzaille errikide argiak izanik.

        Azku-ren «Bizkaitik Bizkaira», «Ortzuri», «Urlo»...

        Zapirain-en «Txanton Piperri», «Anbotoko Damia»...

        Biok errikoseme goragarriak, eta gure erriak zor andi bana dautsenak...!

        Eresi gozo, musika samur, biotz-izketa, barruko susmur isil...

        Antxen egoan beste askoren artean, Xirdo etorbarria bere, arrantzalez inguratua. Izan ere, musika ederzale sutsuak ditugu gure arrantzaleok betidanik; belarri oneko, entzumen fiñeko, kanta-samurrentzako ao-zuriak, bertsozaleak iñor izatekotan.

        Egun artan ez urrengoetan ere, ez eban Xirdok ikusi nai eukean emakume gaztea ikusi.

 

* * *

 

        Baiñan, zaparrada ta iskanbillak, soiñu ta algarak, dantzaketa lar zoroak eta egun alperkerizkoak amaitu-urren ziranean, Andra Maria Antiguakoaren egun sentian, lenengo mezatatik urtetean, etxerantz yoiala tope egin eben alkar Zuriñek eta Xirdok.

        Zelan adierazo dagike idazleak —biotz otz, alegia— alkar ikusteke alkar-maiteka ziarduen gazte potolo biren aurkitze axe? Zelan azaldu, alkarren billa ta alkarren lotsaz dabiltzan lagun bik, aspaldi ez-ta, alkar-bat egiten eben une esan-eziña?

        Xirdok aspaldidanik eukan kolkoan itsasirik ta iratsirik neskatilla xaloaren irudia. Bere maillarako larregi uste izanik, ostera, etzan iñoiz ausartu barruko morapilloa askatzen. Ez eban aukerarik, obeto esan, ez eban bein bere, adorerik izan ortarako.

        Orretaz ganera, Zuriñek, guztien isillean maitatutako gazte koloregorria, arako iran doillorra zala bide... ezetsi eta bere gogotik jaurti tasuntsitu nai izan eban ezkero, lotsagarri erizten eutsan mutillagana urreratzea, azken-aldian bere biotzak Xirdori salketa egiñik, leena zanik ez ebalako uste.

        Ez ekien nundik izketan asi. Izketarako mingaiñak motel diranean, ostera, biotzak pilpil diranean, begiak dakie mintzatzen.

        Eta eguzkiaren goiztar izpi epeletara lorak zutik arrotuaz, kukulak ideki ta pipillak edatuaz lurrin goxo eskeinka ari izaten diran bezela, lili eder orbanbage mardul guri ziran urre-biotz bi aek ere, alkarren argi-izpira, alkarren berotasunera idekiten asi ziran.

        Goizeko izarrak klik egin eban zeru gardenean, ta erdi lotsas ta gorde urdiñaren magalean, gazteen maite begirakunak sumautean.

        Xirdok nundik nora izketan asi ez jakiñik, barruan irakiten ebilkiona zelan kanporatu ezekiala, pirra-pirraka egiñaz egan ziarduen iñarai so-egiñaz, jalki eutsan:

        —Bai pozik dabiltzana enara oneik! Laster datorkie nunbait, emendik aldegiteko eguna.

        —Euron etorrereaa izaten dan pozkarria! Joatea, barriz...

        —Ta nori ez atsegin negu-giltzarion elduerea, arako biñan biñan agertzen yakuzanean...

        Goizaren soiña billoizik egoan ipar aizetan. Izadiak irribarean eukan begitartean eta usotxoen urrumarak errez entzun zeitekezan isiltasun aren kolkoan.

        Ta eleizara bidean yoizalarik —neskatillea urrunera begira yoian, ta mutilla oneri arpegira begiratzen ausartuten ez-ta— Zumardiraiño eldu ziran.

        —Zuk ba aldakizu gauza bat? —esan eutsan bapatean mutillak.

        —Zer, gero?

        —Txoriak dakien kanta ori, nork irakasten ete dautsen. Bataren kantuari, besteak orren errez igartea! Ezerezetik sortzen aal dira kanta orreik? Amesetan nabillela uste izaten dot nik neuk, sarritan. Baiñan, ames ori itzarrik nagola egiten dodanean, sinistu egiten dot.

        —Zer dozu ba, ames ori? —iñotsan Zuriñek, entzun nairik ta ez entzun nairik, liluraz ta bildur-samar.

        —Ara, Zuriñe. Ikusten aal dozu an urrunean itsasoak eta zeruak bat egiten daben ertza, lerroa? Orren antzeko dozu nire guraria bere: neu itsaso naizelarik zeruaren zatiari eldutea, oratutea. Ames ori iristekotz, itsas-barrura joan ta joan egin arren, muga ori eztot egundo eskuratu. Iñoiz, eldu-urren izanik, ustez, bertara, ta beti iges egin oi daust. Ba al dakizu itsasoa nor dan?... Neu naiz; Xirdo da... Itsaso latz, gogor, arriskutsua. Eta ez al dakizu zerua nor dan, edota nor litzakidan? Zerua... zerua... Zuriñe izeneko bat.

        Eta ori esanik, gaiñean eroian zama andi astuna lurrera egotzi izan bai-leban, arnasaz bete zan, atsandi egiñaz.

        Neskatillearen masailletan koloreak dantzaketa zoroan asi ziran. Zumardira elduta, Abaroa zaldunaren arrizko iduriaren ondoko arri-pillaretan gelditu ziran, ta esi oen gaiñean besoak tolestuaz, urrunera begira egozan alkarri so-egiteke.

        Xirdok aspaldian bolbol erabillezan gogoetak bigunkiro kanporatuaz, azkenean, bere barruan eztanda ez egitea lortu eban. Bare bare gelditu yakon barrena, ekuruz bete, denduz josia. Tala-aldean ebiltzan kaio zuri-arreak orekan geldi oi diran bezela.

        Zuriñe, ostera, amaika bidar ezereztzat utzitako ames gozoak egia biurtu eitekezala oartutean, konorta erdi galdurik edo, tentel samar egoan, barruko taupadak nekatua.

        Plazako zugatz-ostoak orbeldurik, mordoka lurreratzen ziran aroan, gazteon maitetasunak lenengo kimu ta niniak izateko zori zoritsua eban.

        —Benetan aal diraustazu, Xirdo?

        —Jaungoikorako! —erantzun eutsan mutillak baketsu ta sendoro, arrantzale bulartsuak oi daben izkera gozo ta artetsuz.

        Ori entzunik, zeruans artu zan neskato urrezko uleduna; eztitan egoan, eztegutan arean bere, naiz-ta kanpoz ainbeste ez agertu.

        Zumardiko ta Loretegiko zugatzetan milla txorik eten zituen eztarriak maite-kantak joten. Ugiñak, Karrazpio ta Izuntzako ondarzabalak begiztatuaz etozan itsas-barrenetik, legorraren ezpaiñak atergabeko jardunean laztanduaz.

        Izadiaren maite-abestia zan.

        Egun batzuk leenago Zuriñek Lumentxa tontorretik ikusitako aurkientza eder baketsua, axe zan. Bere sorterri polit zoragarria, bere ametsen tokia, maitetasun-kabi epel izango zan, ziñez. Etorteko zana, eldu bide zan. Bear eban laguna, urreratua zan. Aldameneko izango ebana, alboan eukan, ta maite-itz erionez samurturik, atan bere.

        Olerkariak, geienik, illunabarrean dakiez joten maite-minduen zinkuriñak; arratsean ei dira alkar-bearrez diranen aitorpen bigunberaak. Baliteke. Baiñan alkarren billa dabiltzanak edonun eta edonoiz dakie barruko min eta gurariak agertzeko beta ta eretia aurkitzen, iturriko urgardenak maite-soiñuketan, gauez naiz egunez, isiltzeke jardun oi dauan lez.

        Eta olantxe izan zan goitz argi eder artan.

 

* * *

 

        Antiguako Amaren egunaren atadian aizera eben, ba, euren maitakundea Zuriñek eta Xirdok.

        Bataren eta bestearen begietan itsas-zeruen urdiñak zelaitxu zoragarriak erosi zituan, ta lenengo urrunera begira ta geroalkarreri, maitale barriok ezer geiago esan eziñik, isilik, zorionez gaiñezka, toteldurik lotu ziran.

        —Amaika bidar eskatua, egun gogoangarrian emon daust Andra Mariak —iñoan berekiko neska zorabiatuak.

        Andra Maria agertu zan ondartza zaarreko Elorri Zuriaren ondotxutik igarotean, eskarren ezaugarria nosuz beteteko gogoa senti izan eban neskatxak.

        Ta ondoren, elizara ziran. Uriko Izarraren etxe eder, erriko sinismendunen gaztelu sendo, uriko betiko Jaunaren jauregi bikaiña! Amabi aldare dituan eleiza arro, zoragarria. Bizkai osoan, gotiko eran oberik ezagutzen ez dauana. Erakusmeneko Basilika ori, ingelesak egiña dala da esatea, Baionako katedralaren antzekoa baita, aek egiña. Lenengo eleiza zaarra 730. urtean edo, egin ei eben. Gero, 1289. iru obispuk donetsia. Ta 1288. urtean aunditu ta barriztaurik, 1512. amaitua. Andra Mariaren irudi baltzerana, bizkaitar irudietarik iru zaarrenen artekoa. Itsasoko ondartzan VIII. mendean elorri batean agertutakoa. Aintziñatiko, zaar edo antiguako izen ori 1502 urtean ipiñia ei da, aldare nagusi barrian beste Andra Mariaren bat egin ebenean.

        Erdimendeko bidaztiak, Konpostela, Erroma ta Hierosolymerako erromesetan, bideko geldiune bearrezkotzat etsi oi eben, Irudi Zaar onen oiñetan atsenegitea. Irudia, 0,40 metro garai da; motza da izan, lan apainga, santugin lenengotarrak oi eben lakoa.

 

* * *

 

        Eta antxen, betiko Amaren oiñetan, otoiez, euren umezaroan bezela, onik, pozik eta atsegiñez egozan, neska-mutil begikoak. Euren ukondoz ukondo, antxen egozan Kerman eta Arantza ere.

        Aingeruak abestua bai-litzan, kanta gozo, gogo betegarriok entzunarazi zituen, mutikoak korutik kantauaz. Kortabitarte batek 1866. urtean asmauriko aspaldiko bertso ezagunok:

 

                «Salbe, Jaungoikoaren Ama orbanbakoa,

                Lekeitioko Izar, Antiguakoa.

 

                Antiguako Ama, Birjiña Maria,

                lekeitiar guztien atsegingarria;

                geure itxaropena zeugan ipinirik

                Zeuk gordetan gaituzu gaitz guztietatik.

 

                Zeuk bigunduten dozuz itsaso asarriak,

                Zeure kontura dagoz mariñel tristiak;

                Salbe bat kantau eta besterik bagarik

                sarri ikusten doguz libre arriskutik.

 

                Lekeitioko plazan bai orduonian

                alba-izar ederra agertu ziñian;

                sarri ikusten dogu Elorri ederra,

                negua izan arren beti primadera».

 

        Bake aldietan pozez kantau oi diran eresi bigunak. Eta estularrietan eta galorduetan bularrean, itxaropen txinpartaz goriturik, otoi bero biurtzen dakien doiñu ta esangura ao betekoak.

 

                «Negua izan arren, beti udalena...»

 

        Azkeneko bertsu orren azala, ta ara bere muiña, kolko barruan iratsita gelditu yaken gure gazteai, untza ormari bezela.

        Bizitzako bidezka medar ta mergatzetan aurrerantz ekiteko, zalantza ta bildur-antzak uzteko akulu zorrotz izan yakezan, izan itz betegarriok.

        Udalenaren arnasea betiere senti aal izatea, Amaren esker-gantzua biotz-erdian nabari aal izatea da; bizitzaldiko neguaren bildurra bazterrera jaurtitzea, labur esan.

        Ta mutillaren gogo osoa igurtzigai batek gozatzen eban artean, Zuriñeren barruan aspaldidanik izetu ta itzali,a ger ta oste ebillen itxaropen-izpia, gar barri batek arnastuta, zuzi dirdai antzo, distira zorabiakor, begininien zulagarri biurtu zan.

        Ibili ta ibili, portubilla ta aterpe eske ari izan ziran gazte aek, azkenez, auren muga, xede ta geltokira eldu ziran.

        Bakezko portu ta kai babespetu ori, alkarren sentimentu ta barne-miña eben, biak bietara. Maitetasuna! itzike derrena, soiñu isilunkigarriena. Ezta besterik, izan ere, izadiaren kantua, uda naiz negu, ipar ala egoi-aldeetan...

        Bein eta barriro ere, bidezidor bardiñak izan ditue munduan, ARRANEGIan sortu ta azitako seme-alabok, euren biziera jasankor ori aukeraturik.

        Arriskuleku dan itsaso izugarri orren urruma latz eta gozoak txikitandik jasoak eta ikasiak izanik, ez eben errez izan doiñu ta oiartzun orregandik iges egitea. Ta antxe gelditu ziran biak, gertakari baltzen aurrean, etorkizun-laiñoaz bildurtzeke, itxaropentsu.

        Iguripen sendoak aizatu ta zuzpertzen ditualako, emetutako ogeigarren mende ontan ere, aurretikoen izpiritu-gogoari atxikiak, euren biotz, odol eta zaiñak ba dabe mendu, jas eta kemena bizitza-itsaso gogor ta nekatsua igaroteko, untzi zingle ta makal ortan sarturik, oialak zabal, arraunak sendo, besoak mardo, biotzak pilpil:

        Itxaropen untzian tostarteko, Betikotasun-kaierantz...!

 

aurrekoa