www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIX
UDAKO EKAITZA

 

        Illunabar gorriztearen iragarpenak egia urten eban osoro. Gabaz sartu zan egoaize biribillaren indarrak ez ziran makalak izan. Eten barik ekin eutsan gau osoan puzka. Zabalik aurkitu zituan leio ta balkoe-ateak edertotxu astindu zituan.

        Blisti-blasta entzuten zan egur-otsa an, or, emen. Eta noizean bein bateko edo besteko kristal ausien kliskadea, lenengo austen zan lekuan, eta urrengo, kalean, beeko arrietara jaustean. Teilla banakak eta tximini erdi-lokak ere, tutarrez jo ta eratsi ta errotik atarauaz, egundoko zaparradan yoiazan lurreraiño.

        Amaika lagunen loa galerazi eban, aize zatarraren amaibako burrundara arek. Umeak lo egin eben nasai ta ederto, umeen lo bedeinkatua uixatuteko laingo aizerik izan ere zorionez gure lurraldeetan izaten eztalako. Baiña umezaroari aintxiñatxu agur-egindakoak, luze bai luze iritzi eutsen udako gau labur-samar areri.

        Eta norbaitek, luze ezeik, gau larri aren iraupena betikotasuna ete zan bein baiño sarriagotan galdegin eutsan bere buruari.

        Nor zan errukarri ori? Nor izan zeitekean, ba, Zuriñe baiño besterik?

        Atsekabe andiak negarraren bidez arindu ta ibitu oi diranean, ainbestean egoten dakie gizasemeak. Ostera, negarrik eskatzen ez dauan oiñazea, begiak iturri biurtu eziñik, legor ta idor daukazan samin erre zitala, nork eta zelan arindu? Nundik eta nora samurragotu? Zein era ta jokabidez bigundu?

        Gogorra da benetan, malkoak isuri-eziñeko oiñazea.

        Begiak lakar, idor oi diranean, samiña sumin bilakatu oi da, atsekabea asarre, oiñazea gorroto.

        Gizonaren biotza izan ere, osin sakona da, leze zingotsua, aintzira malkor, zolik bageko zulo, ondorik eztauan itsaso.

        Maitasunaren katai meea eten oi danean, eta zio astun larriz egin ere, ikusi eziñaren irudi motz ta ezaiñak laster baiño lasterrago dakiz erakusten bere belarri ta begitarte iguingarriak; laster egitan, gorrotuaren antzeko taiu zirriborroduna agertu izan oi da gure biotzetan.

        Baiña ibai guztiak ei dauke euren amaia; gau guztiak euren biaramon-goiz txoria, argitsua.

        Ta alantxe izan ere. Egun-sentiak ez eban utsik egin.

        Astiro astiro etorren Argimutil nagusia, tontorrik tontor, muiñoz-muiño, ibarrez ibar, gau bildugarria urrezko izpi beroz uixaturik, bazterrak oro pitxiztatuaz. Artean, baretu samar zan ego-aize indartsua.

        Zidarrez dirdai agertzen eban itsasoko urak bere bizkarra, eguzkiak jaurtitzen eutsazan mun eta laztanekaz. Izpillu apain artan ikusten eban bere burua arro arro, eder, eguzki musu zabalak.

        Zerualdea soiñeko panpiñez atondu zan, oso oztin, dundu oro, alderen alde, odei garau batek ere orbanik txikiena egiteke.

        Giroa, berosko zan, ostera. Eguantzeko epel-bear arek, egun astun, bero, larri, kixkalgarriaren atadi zirudian.

        Eguzkiak, Talaia-zaarrean gora agertu zanekoxe, argi-urratzeko sasoia baiño eguerdi aldeko galda-antza geiago ekarren.

        Bero egoan kalean, bero etxeetan; aize gorriskatua itsasegian ere.

        Eta leen biotz zoribete izandakoa, zauri bizi, miñez errea biurturik. Lore-kusku mardul ezea, lorrindutako lili-orri zimel egin-urren.

        Zuriñe gaixoa! Nundik etanora billatu dozu orain,z eure ames-bizitsa ipui-kutsuzko ori, goizetik gabera maskildu ta txigortu daikezun eden zitala? Zein adu, siats, azturu edo sorgiñek egin eutzun begizkoa, onen goiz ezereztuteko, zeure irudimen-biotzetan erro-barri zan gurari gurbilla? Abea ete eukan zorigaiztoko aberen bat bere sendiak, aitaren ezbearraren ondorik, alabearen oiñaze bizia agertzeko?

        Erdiloak arturik egoala entzun zituan egunabarreko kanpai otsak. Begiak zabal zabal edegi zituan Zuriñek. Taupadaka asi yakon biotza, zertzuk kanpai ete ziraneko arrenkuraz, baiña bederatzi dangaden ondoren txilin txilin zolia astean, osoro itzarriaz, bere artean: —«Ene ba! —esan eban— egunsentia eldua da onezkero; aingeru txiliñok gaur larunbata dala adirazoten daustelako. Laba gori izan yat gau osoan, bestetan kabi gozo izaten yatan oe biguna. Txiliñok, baiña deiez daukadaz, nire nagi alperren zirikatzaille ditut, neure deitzaille, neure aspaldiko adiskidetxu beti bai beti adiguritsu, erreguz ta txeraz diarduenok. Jagi nadin, eta noian, atsekabetuen atsegin, mingostasunen ezti-abaraska dan Andra zoragarraiagana; noian aren oiñetara, eta aren magalean ta altzoan aztu-erazoko dot oe onen berotasun kaltegarria. Ta nire zanei darioen inpernuko sua, an beraatu ta ozkirriantzeratuko aal dot».

        Orixe esan eta oetik zapart egiñaz, leengo intziriak amaituaz, beingo batean jantzi zan Zuriñe, ta amari eleizara yoiala adirazirik, etxetik urten eban.

        Baiña, benetan bere, sua ez egoan oe barruan. Oea laster otzitu zan, antza. Berak eukan sua. Aren gorputzean sukarrak dantzak dantza egiten zituan; ta geiso-jorik eukan, nunbait bere soiña, begiak distirant, inguruak baltz-ubel, odolaren tintiña aguro baiño aguroago.

        Kalera bizkor urten eban arren, ezan errez elizaratu. Alako astutasun bat ebilkion burutik beatzetara. Aizearen epela ta barruko garra gorabeera, ozkirri ta otzikara-antza suma eban beregan. Axe bai gorputz-aldiaren latza.

        Eleizea noiz edegiko begira egozan, orduko, atso goiztar batzuk. Alkarrengana batuta autuan ziarduen. Zuriñeri, bakar-bakarrik egoteko gogoa geitu yakon; baiña bere senak eraginda ots batean eretxia aldatu ta atsoen aldera joan zan, aren esanbearraz jabetu nairik.

        Gabeko aize bolada izugarri arek egin ei ebazan egitekoak! Asi beetik eta goraiño, teillatua ia amaitubarri eukan etxea, su ta gar, lau ormak ez besteak, etxe osoa ta alboko olabea, serra ta anporrak, erre ta kixkali egin ei eutsazan Jon arotzari, Basotxura bidean, iñork ezer egiteko astirik bage, ots batean.

        —Jaungoiko errukiorra! —esan eban egin-artean neskatilla izutuak—. Zer ikusi bearrean ete gagoz? Zoritxarra besterik ez yabilkit inguru-minguru. Nunbait ere kalte-zaiki edo galordepe euki izango eban Jonek, suaren arriskutik, baiña, dana dala, ez datorkioz oker ta galtzaiak makalak. Eta galordepe euki ez baldin ba-dau? Ainbat txarrago. Ta aitak gureak bere, bestelako naigabea beraganduko dau, arako etxe-barri amesa eginda egonik!

        Atsoen artean egoala, edegi ebazan ateak, goiko ta beeko, eleiz-jagoleak ta bata besteen ondoren sartu ziran andrazkoak eta gizon banaken bat elizara.

        Aintziñetako irudi maitagarria, Andra Mariaren irudi zaar miraritsua, argiz inguraturik, agirian ipiñia egoan, estalki-oiala jasota. Apaizak urten eban gelatik altararantz, albakuko mezea esateko.

        Txantonen alabea, otzikareak eraginda belauniko egon eziñik, jesarri egin zan aulkian, eta etxera joateko asmoa artu. Ez eban nai, ostera, Ama zerukoari etxean eskeiñitako arren edo erregua, bere oiñetan auzpezturik, barriztau bage biurtu.

        Itsaso asarreak bigunduten ekian Ama aaltsuari, bere barruko itsaso asaldaua baretu egikiola eskatu eutsan, Zuriñek. Barreneko itsaso nastau murgilla, naretu, gozatu, emetu, ekurutu egikiola leenbaileen. Eta errian zabal zan laido edo irain baltza egia baldin ba-ledi, ez egiala, arren, iñork ez iñork jakin, ber-berak Xirdo-gana izaniko jita, joera edo eraspena. Eta ostantzean... bertatik argituerazo ta garbituerazo egiala, bazterretan atso musker sorgin arek sakabanatutako guzur biribil, laidogura zikin, iraingogo makur zeitekeana.

        Meza erdira eldutea neke andi izan yakon arren, gure Jaunaren zerutikako jatsiera doatsua berretu arte, antxen iraun eban, bero ta makal, otz eta larri; ta luzaroago egon eziñik, guenez aldegin eban Zuriñek.

        Ez zan beingoan eldu etxera, ta orduan, ama jagita arkitu eban.

        Aren itzak entzutean, bildurtu zan ama, eta bertatik oera-erazo eban bere alaba maitea. Oe estalkiak, berotu zedin, ugaritu eutsatzan erruz, ta berealakoan sua isiotuaz, kafesne erdu irakiña edanarazi eutsan, txetxu bete kaiña edo edari gogorrez onduta.

        Ez zan, ez beingoan asi berotuten neskatillea. Barruan eroaldia etenbarik eukala uste eban arren, sekulako ikaraz ta dardaraz ebilkion gorputza; otzikareak gorputz osoa iñarrosten eutsan.

        Oiñak bere, otzak zituala, bonbilla totolo, ginebra edarigaillu lurrezkoak ur goriz beterik, izara artean ipini eutsazan.

        Andik geroetan, zerbait obeti ei egoan. Eta igarri be egin barik lo samur batek bere besoetan artu eban, nunbait.

        Amak, osagilleari ots-egitea erabagi eban, eta geiagoko barik kalera urten eban. Leentxuago alabeak adierazia entzun eban: «Jon arotzaren etxe barri ta olabe barriak, suak ezereztu zituala».

 

* * *

 

        Madalen eta Irene aiztak, Arranegiko zabalean gora yoiazan,e ta Zuriñeren amak berbaldi labur egin eban eurekin.

        Aizta biok Arantzanera eldutean, an aurkitu eben Jon ederra, guztizko atsekabe aundiz jausia, mandoak ilda, eratsia, isilik.

        Irene, baiña batez bere Madalen, asi yakozan bere gogo erkindua indartu guraz.

        —Leen egin dauanak, Jon —esan eutsan Madalenek bero bero— barriro bere, egin lei. Leengo beste, edo bear ba-da, leen baiño geiago. Ezta atzera begira beti egon bear, gerorantz baiño. Eztaukazu, ba, zeri estutu orrenbestean. Gaiñera, merke samar baiña, galordepe euki dozuz etxeok, eta ezta dana galdua. Apurretik egin oi da mordoa, ta orrelan ba, aurrera, mutil. Ez, txotxo, orrengiñoan larritu. Ekin barriren barri, Jon, geroetan be, aal dauanak, esan oi dan lez, Prantzian be, karabia egiten daki ta!...

        Eredu ortan, eta gero ta sutsuago ekin eutsan emakume arek mutil gaztearen adore galdua indarbarritzen. Emakumeak oi dauan barnelera, indar, kemen eta seta tinkoa, asmo sendo baten garra kolkopean irakiten daukanean! Amaika ibillera, joan-etorri, akiakula ta jokabide ba dakie egiten andrazkoak euren txima ta uziaz garaitu arte!

        Olantxe ziarduan Madalen-ek. Jonen-gana eban joera ta jita beiñola igarri genduanez, iñoiz baiño argiago ikusi zeitekean zoritxar ondoko goiz onetan. Eta joera ta eraspen ori guk baiño obeto ikusi aal izan eban egun orretan, etxe artan egoan edozeiñek.

        Madalenen berbok zaletasun-garrak eragiñak baldin ba ziran ere, goiz itzaleko ordu samiñetan seme-ama-arreben biotzetan zeruetako mana bezin beratz, goitiko eztia baizen guri, zuzpertzaille ta gozagarri izan ziran. Eta batez bere, zerbait geiago ikusi eban, arteetan lañope egokiona: Madalen-ek maite ebala. Orixe ikusi eban Jon-ek, etorkizuna geroago ta argiago ikusiaz batean.

        Ezin eukean emakume adoretsu arek, gizonezko kutunari barruan ikutzeko aukera oberik itxaron.

        Biotz bigunberaak —barne gaztanbera ta buperak— iretargi zuritan, isil-misil, izpi its makalpean izaten ditue euren maitetasun inkesa ta asperenak. Baiña barru sendoak, gizaseme kementsuak, alkarbideetan bat egiteko, jazoera gogor ta gertati gordiñak bear izan oi ditue. Noraezeko egoera latzetan gelditzen dira alkar-lotuak, ariurri sendoko gizasemeen biotz-lokarri murtuak.

        Une artan, alanbearrez, otu yakon joni ordurarteko maitekeri-ariak matasa biurtzea zergaitik izan zeitekan; agian, okerreko asmo ta buruerak ziralako, egokiezak nunbait.

        Eta berekiko jardunik, iraganiko gauzak gomuta zituan. Zuriñeri maite-eske ebilkionean —ez bein, bai birritan— maite-xintak alperrikako izatea. Geroago, laster-bide amarrutsua aukeraturik, aen gurasoei eder egin bearrez ari izan zanean, etxe barri eskaillera bakoa eskeiñiaz... Eta orra, asmo guztiak goikoaz beera, iruntzietara jarri.

        Eta leengo burubide ta xedeak aldaturik, beste batengan pentsaten asi; beste aingeru bat begiz jo. Iparralde barririk ba egoala auteman eben Jon-en begiak.

        Une artatik beraz, beste anzkera batez etorkion begi-ninietara Jon-eri, Madalen-en irudia. Arinkerizale ta aizezbetekotzat eukan Madalen, berba zuur, itz eder ta ele zentzunezkoduna zala auturtu bear izan eban mutillak, argi ta garbi, bere kolkoan.

        Ez egoan oker.

 

* * *

 

        Eguraldiak, ito jarraitzen eban. Su erioen eguzkitan egozan arriei. Lurrunak igoten eban beetik gora. Ozkarbi egoan; odei zuri-illun opilduak, borobilduak, bakanka, soil soillik.

        Ezetariko aize putzik ez egoan. Txopo ta eltzun orriak eta arkazien ostoak ere, geldi ta bare egozan. Eguzkitan ezin zeitekean iñor egon, bertan zorabiatuta edo buruko miñez geldituteko arrisku bage.

        Orrela yoiazan joan, egun artako ordu luzeak. Eguerdiko amabiak, ordu batek, ordu biak, irurak, laurak.

        Orraitiño gerotxoago, odei kaxkarren ordez gero ta andiagoak, baltzagoak, gizenagoak, larriagoak, illunagoak etozan, Otoio aldetik, Illuntzar aldetik.

        Erabatera, otoz-otoan, bapatean, aize zurrunbilloa asi zan, eta lurrean egozan orri, papertxu, saskara, zikin eta bizarrak bira-biraka asiaz, egundoko aize-gurpil eta txirimolak egiten zituen kale zokondoetan, arbola-ondoetan, plazearen erdian; ta dantzaketa zoro biribillak egin ondorean, iges egiten eben beste leku batera, an be biribilketak egin ostean, barriro be ara ta orra joanaz, azkenen buruan sakon-une batean edo ondartzan edo uretara jausita euren sorgin-irradakoa, loka ta zoroa, bertan beera amaituteko.

        Arteetan, kaian egozan arrantzale zaar begikoak laster bota eben euren ebatzia: «An, galarrena sartu dau». Eta betozkoa jarriaz, sudurrak astindu ta ezpanak okertu.

        Galarrena da udako ekaitza, ainbat eta ainbat gizon eder galdu dituana. Bizkaiko itsas-kolkoak orren bidez jakin izan dau euskaldun arrantzale asko galtzen. Ekaitz zorrotz, bapateakoa; labur eta ankerra.

        Oraingo aldian, ontziak dituen makiña bikain indartsuak dirala-ta, leen baizen izugarri eztan arren, galarrena beti bildurgarri, untziak, aundi edo txikiak, itsasoan diranean. Eta, olantxe zan, izan bere.

        Gau osoan ta goizean ere bai, egoi-aldera begira egona zan kanpatorreko aize-orratz andiak, intziri lazkarria egiñaz bira-egin eban, Aixurdi ingururantz gitxigorabeera geldituaz.

        Etxeetatik urtenaz, emakumerik geienak, Arranegikoak beintzat, kaiganeetan agiri ziran, etxean egozanez jantzita, iñungo apainkeririk bage, ume batzuk eskutxuetatik ebezala, eta beste batzuk besoan dindilizka edota altzoan erdilo be bai askok.

        Gizonezko zaarrak Tala alderantz yoiazan, an urrunera begira parauta, geldi, adi, isilik egoteko, nun zer ikusiko, itsas irakiñean enbarkaziñoien baltzunetxuak nun susmauko.

        Aize gogor arek katxoi zuri, beso apartsuak, koska bitsezkoak edonun edonun agertzen zituan ur gain. Osoro illundu zan, goi-aldea. Odei baltz arre, ur loiaren kolorekoz bete zan zeru ingurua, eta gaua bestetan baiño leen elduko zan, nunbait.

        Talaia zaarreko tantaiak sekulako zanbuluak egiten ebezan, aizearen putz sendoak eraginda. Ugiñak, olatuak arrotu egin ziran, ta ugarte edo izaroa bitsez inguratu eben, euren bularrak edo bizkarrak geroago ta jasoago ta astinduago erakutsiaz.

        Itsaskolko edo barran egozan jolas-ontziak, (txuri, urdin, baltzak) ikaragarrizko aruntz-onuntz eta alamandak egiten zituen, begira egozanei tirabira egiteko keiñuak zirala iruditu-erazoaz.

        Izugarria zan zeruaren, lurraren ta itsasoaren betartea, arpegia.

        Kai-orma sendoen inguru ta babespean kataiez loturik eta arrankillea jota egozan untziak ikustea bildurgarri baldin bazan, zer ete an urrunean, olatu edo bagak eskerga ta izugarri agiri ziran urrunean, iñungo aizebe ez abaro barik, lokarri ez lagungarri bage, intxaurrazala bezin galerrez ta erkin egozan untzi ta gizonetaz? Zer izango ete zan mariñek gaisoetaz?

        Leenago, onelako ereti zoritxarrekoetan bazan ementxe, ain zuzen ere, ekandu eder bat. Eskolumeak, irakasleak buruan izanik, aurretik agertoial edo lauburu bat gora jasota eroiela, eskoletatik urten eta moillan zear Talako Donianen elizatxu edo ermitaraiño joaten ziran, otoiak egiñaz, zeruari bake ta errukia eskatuaz. Euren guraso, anai ta errikide ta enparaukoen alde, itsasoaren baretzea ta itsas-gizonen etxeratzea arren bai arren erregu egiñaz, guztia aal dauan Jaungoikoari. Eta orrelan, sarri askotan esker eder esan-eziñak lortuaz.

        Ekaitzak gero ta gogorrago joten eban.

        Ugiñak arro, anpatu, aziak, gora igoten eben. Urrunean banaka banaka agertu ziran untzi batzuk, urrun ez egozanak, nunbait. An ebiltzan, batean gora bestean beera, ointxe agertu, gero ostendu; azal bizian etenbako zauadak egiñaz.

        Odeiak tantaka asi ziran, tanta andi, lodi, astun, usaintsuak jaurtiaz. Beingoan zaparrada mamin gizen gogor biurtu ziran. Euri-truixuak botaten ekin eutsan pare bat orduan. Tximista oiñeztuak ere ikusgarri ziran, eta nunnai uriol ederrik agiri zan, kale guztiak urez beterik.

        Untzi askok, lerrenak egin ondoren, lortu eben kaieratzea. An urretxuan ebiltzan potiñak ere, senperrenak ikusita gero, ba etozan kaieruntz. Beste untzi asko, urren euken porturantz joan izanak izango ziran, nunbait.

        Aal eukean untzirik etzeitean legorrera barik geldituko. Batzuentzat, ordea, eziña izango zan tamalez.

        Galarrenak eztau iñor adiskide ez magaleko.

        Aalegiñez ez bedi iñor itsasoan geldi, alako aldietan urak egundoko aoa zabaltzen daualako, bere erraitera amaikatxu untzi ta gizon iruntsi nairik.

        Erbesteko portuetara jo ebenak, urrutizkiñez azaldu eben laster be laster euren egoera, nun eta zelan egozan adierazoaz.

        Barri pozgarriak bala bala, tximistea baiño leen zabaldu ziran erri osoan, bakoitzaren etxean ta guztienean be bai, poztasuna nagusiturik. Geien geienak onik eta osorik egozan.

        Untzi bat oraitiño, galdu egin zan, untzikoak, batto ezik, onik urtenda.

        «Otoiope» zan iñungo kaiera azaldu etzana. Itsasoak iruntsi eban bere lemazain ta guzti. «Laba» gisaisoa, bere bizitza osoa itsasoan emonda, bere zaarrean antxen obiratu zan, laguntzar bateri mesede egitearren.

 

aurrekoa hurrengoa