www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII
TREOTZAREA?

 

        San Pedro Txiki egunak ere ba-dau alako jator-usain eta kera berezia arraintzale urietan.

        Uraren ertzerago joaten dira erri-jaietako egitadak. Itsasondorago, soiñu ta dantzaketak. Illunabarrean Tala-n, uiñen eragozpen diran atxen ganeko orma sendoen ondoan, izan ziran egundoko erromeri-jaiak.

        Egun orretako goizean, Txalupetxe aurrean, sasi-eskola egiteko asmoz nunbait, olgetan eta jolasetan ebiltzan mutil koskor batzuek. Amar urte inguruko mutikoak, bata bestea baiño okerragoak. Txanbiurrezko gorputz-arimak zituenak, Kosepantoniren esakeraz.

        Bata, onen lobea, Mariñe saregiñaren semea, Mikolas Aken zeritxana. Onen lagunak, Zozpal eta Ezten, anaiak. Laugarrena Kiri zan, besteok baiño apalagoa, bildurtiago edo makalago zalako edo... Okerreriaren baten ondoren iñork jarraituten eutsenetan, azkenengo oneri geinetan oratuten eutsen, eta beronek galtzen zituala-ta, beti egozan asmotan euren sailletik kanpora alderagiteko.

        Buru, esku ta oiñak okerreri ta biurrikerietarako lez, miña bere, berbetarako bizkor ta artazia eben morroiak edo mutikuok.

        Aken-ek Ezten-eri eskuetan erabillen lokarri edo sokazati bat kendu gura izan eutsala ta lortu ez ebanean, matarlako andi bat emon eta negarrez utzi eban Zozpal-en anaia gaztea.

        —Al-itxi! —didarregin eutsan Ezten-ek. Eiok ori amari nai bok! Euen ama!...

        —Tirixillik! —Aken-ek erantzuna, beste belarrondoko bat emonaz, gaiñera.

        —Euri itxi sokea! Guzurra diñok ik!

        —Koipe gorriak atarauko yautzudazak!

        —Mutil txikiak joten! Piskala! Joik ia Zozpal!

        —Isilik egoteko! Bestela...

        —Eugaitik! Txikiñagoak joten beti...!

        Egundoko matxiñadaren bat sortuko ete zan mutillen artean, esan zeitekean. Baiña, bai zera! Andik ordulaurenera baiño leen, guztiak baketsu ta adiskidetuta egozan, asarre irauteko indarrik ez oiturarik ez ebelako. Amaika onelako burruka, auskaka ta aserrealdi izaten ditue urietako mutil koskorrak euren artean.

        Alango batean, lurrean jesarrita egozan tokitik bat-batean zutundu, ta tximisteak baiño ariñago aldegin eben errirantz.

        Asmoren bat bururatu yaken, antza, eta zirt-zart, asmau ta egin. Moillanzear, Gamarran zear (eskolarantz ez, zer gertauko bere), Eskolapera eldu ziran eta Ate-rantz jarraitu.

        Ateko erreka edo garbiketa-aterpe aurrera elduxe ziranean, Artolabaneko zerkan barruna joan zan Mikolas Aken, buruzagi ernea, besteak, beste irurak an geldi egiñaz. Bereala burutzakoak dei-egin eutsan Zozpal-eri, lapur-txistua joaz.

        Eta andik lasterrera agertu ziran mutiko biak, samatik lotuta asto bana ekarrela, bakoitzak. Asto-otzarak ez egozan utsik, orraitiño, baiña euren asmoa etzan ezer ostutea.

        Zumatzetako zerkara eroan eta an, beinbeiñekoz, otzarak utsitu eta gauzak polito polito utzi nai zituezan beian, lurrean. Dana dala, ariñak arin ebiltzalako edo, zoritxarren baten boteillak ausi yakezan, eta batetik kaiña-edaria eta bestetik orio ederra, beian zabaldu ziran lurra busti ta zikinduaz.

        Ezbear ori, ostera, ez eben mutillak aintzakotzak be, artu. Aen burubidea besterik zan, astoen estropadak egitea, ain zuzen.

        Eta astotzarak zearo utsitutakoan, Kiri-k eta Ezten-ek asto bakoitzari musturretik oratu, eta Aken ta Zozpal zaldun edo astodun biurtu ziran, abereganean arro ta gertu egozalarik asierako aginduaren zain.

        —Bat! bi! Iru...! Lau! —esanda, norleenka estuari ekin eutsen, sokamuturreko orapilloaz astoak atzealdean joaz. Zumatzetan aurrera yoizan asto biak arrapaladan, ez kontentuz ordea, beingoan jauzika ta iperturika asi yakezan-ta. Begira egozan lekuan, Ezten-ek eta Kiri-k naia barreak egiten zituen, besteen estutasunak ikusita.

        Astoen dardakada, iñarroste ta zalapartak andiago, eta ikusleen barre algarak areago. Axe bai duako zirkua!...

        Baiña onetan, Bolunburuko andrea ta Armiñakoa, sekulako didar ta zaratak egiñaz etozan biak bietara astoen galde, mutikoren batzuk izan ete ziranekoa alkarri siñestaraziaz.

        Egia zan, izan ere.

        Ez ditue ba, ikusten, euren kankarru, esnepoto, kaiku ta abarrak lurrean uzkizgora, eta edariak zirin-zirin zabalduta bearen ganean, eta aruntzatxuago mutil ziztrin bi, lurrean ia agiri eziranak, egundoko barre-algaraz, eta astoak an urrunago iperturtika ta arrantzaka asi gurarik...

        An izan zan izatekoa!

        Mutikoak igesari emon eutsen aitearen egin orduko, eta astoak bertan beera utzita, tximistea baiño ariñago ostendu ziran gure «txanbiurrok» Arbietxeruntz edo.

        Baiña ez. Eskumarantz egiñaz, Aldaztorren gora jo eben, eta Goraburutik beeko errekara urtenaz, pelotatokian egozan pare bat minutu baiño leen. Arein barreak, arnasestua zerbait baretu ebenean!...

        Jolasean ziarduen beste mutiko batzuk, euren kirolketea utzi, eta mutiko eldubarrion ondora ta albora ziran, egiñiko okerreria ta «abilkeriak» jakin nairik.

        Asto korrikalarien ingurura agertu zan noizbait ere, Perkain errizaiña, eta baserriko emakumeen azalpenak entzun ostean, lau mutillen aztarrena laster artuko ebala eta eurek merezi ebena artuko ebela siñisterazo gura eutsen asarratutako andra biei.

        Perkain-ek zaarra zalako, ez azkarra zalako, susmoa artu eban, nortzuk izango ete ziran, batez be, lau mutiko izan zirala entzutean.

        Gerogarrenean, txalupetxeko atean agertu zan ertzain au, Kosepantoniri lobearen eta laguntxuen galdea egiñik, Armiñako ta Bolunburuko asto-jagolak eurek izan leitekezala adirazo gurarik.

        —Eztot uste gureak izango ziranik, oindiño ointxe berton, ementxe ibili dira-ta —zirautsan etxekandreak. Eta aek, ganera, eskolara joan izango ziran.

        —Eztakit ba, lau izan dira-ta, eta euren erreztua artu eztodanik ez neuke esango. Atzo be, nortzuk izan ete ziran alkateareneko ortuan kerixa lapurretan egin eben lau mutikoak?

        —Aingeru jagolea! Baiña, baiña... eurak izango ete dira ba? Orrek egingo eztaben okerreriarik egon be eztago-ta.

        —Ez ditue makalak esan baserritarrak, emengo mutiko kakanarru lotsabagakaitik.

        —Tira, Perkain, baretu zaite, arteak artu eziñik egon barik. Eutsi txetxu bat ardau zuri, ikarea kentzeko, gaur Sanpedro txiki be ba da-ta.

        An barruan egozan gizonezkoak bere, ertzain zaarrak jazorikoaren zertzeladak esan-ala, barreak barre egin zituen, gozaro egin bere.

        Perkain-ek ardandegitik kalera urten orduko, iparreko moillan igeri ebiltzan gure lau kurumiñoak, biloiz biloizik, narrugorritan ibili ere. Lenengo zapaletik zapalera, arrizko mailletan; gero zapart-egiñaz nasaganetik uretara, zutunik, oiñak beerantz zituela ta ezkerreko eskuaz surtzilloak itxiaz. Urrengo, dzangaka ekin eutsen, buruz aurrera. Geroago luzean, au da, urazpitik, arnasa luzea eutsiaz. Baita aratean be egon ziran luze-luze gora begira, ur azalean anpor edo ol baten moduan. Eta azkenez, moillatik moillara egin bear ebela erabagi eben, batez be, Perkain ardandegitik urteten ikusi ebenean zeozer susmau ebelako, ta, gaiñera ur-jantzi barik ebiltzalako, zigorra irabazita euken-ta; leengoak ezer gitxi ba-lira ere.

        Ez zituan loak artu, beraz, gure mutiko biurriak. Eurek ikusten edo eurei begira jantzita egozan beste mutiko batzuei agindu auxe emon eutsen: igarilarien praka-alkondara-abarketak artu egiezela eta Perkain etorri baiño leen, norteko moilla ganera isil-isilik igon, eta txiñelaren atzekaldetik iges eginda, Izuntza ondartzarantz eroan egikioezala soiñekoak, igarilariak urez Abadeen moillaratu eta emen zear joanaz, ariñeketan, euren soiñekodunekaz an ondartzaldean bategiteko.

        Esan eta egin.

        Perkain iparnasa muturrera eldu zaneko, an yoiazan arrapaladan arin aringa barriro bere legorrez arako lau arraiñak, nortzuk ete ziran ezagutzeko be asti barik, billoizik egozalako... eta orra erritzaiña ao bete azurrez utzi.

 

* * *

 

        Azkenengo egitadok nai ta ez ikusi izango zituan Zuriñek etxeko ikusgu edo balkoitik, kanpora begira egoan-ta. Onen bizitokiak Zaldundegirantz eukan aurrea, eta kaialderantz atzea, leio eder bi ta balkoi luze samarra zitualarik. Zaingorri edo jeraneo zurigorriztak eukazan ontzietan, eta baita xulufrei ta kabeliña odoltsuak ere.

        Perkaiñek eskuko makillea jasota egiten zituan ziñu, mogira ta pariztak ikusirik, barre egin zeinkean edonork ere, baiña eguerdi-aurre artan ez eukan poz-antzik neskatilla onen arpegiak.

        Aintzintiko gabaz, eguna amaituta atseden billa joianean, buruausteak eta ardurak biaramonerako utzi oi ditugun orduan, izan ere, uste bako zer barria agertu izan yakon bere bizitzan.

        Bere bidean, alai ta atsekaberik bage, gaztezaroko zelai atsegiñean, aita-amen pentzura, gurasoen esanera kezka barik bizi zan txori kantariari, gauza barria azaldu eutsen.

        Noiz edo bein, alakoren batean kabi barri bat taiutu eta maitetasun egoitza egingo eukeala iñoiz amestu edo adiskideen artean esan bai, esan eroian; baiñan gertaerok ain urrun, ain gerorako uste zituanez, Jontxuren itzak zirala ta etzirala, alako buruauste astunetan jarri eben aren burua.

        Gau artan, etxeko maillak aitearen batean igon zituan, aurreskuari gabon esan ondorean. Aita, lotan egoan orduko; ama be, erdi-lo, sukaldeko aulki txiki baten jesarrita, bizkarra ormondoari eutsala lo-suman egoan, noizean bein burua loka edo zintzilik bai-leukan, zanbuluak zanbulu egiñaz.

        Alabea etxera zanean, laster arin oeratu zan ama, Zuriñe ere, bereala joan zan bere logelara; oiñetakoak kendu, soiñekoak erantzi oerako jauzkura jantzi ta zeruetako Amari eskeintza ta arrenak egin ondoren, argia itzali ta oian sartu zan.

        Logura zan, nunbait, baiña ez etorkion lorik begietara. Burkoa gogorregia egoala begitandu yakon, eta oian jesarririk, esku biekaz burkoari oratu ta astiñaldi txiker batzuk emonaz, bigundu ta egokitu ebalakoan, barriro bere lekuan ipini ta etzin zan. Loak orraitio, beste asmo batzuk zituan.

        Jon-en itzak ebilkiozan inguruan: «Neu maite nauala»...

        Eta zer ete zan maitetasuna?

        Olerkariak eta koblakariak berba ain gozoz ta esakera gartsuz kanta oi daben maitetasunak, ez eban iñoiz ernemiñik izan ogei urte bete bage zituan biotz artan.

        Maitetasuna!

        Gazte biotzen alkar-beratasuna, leengo ume-bizikerea aldaturik beste amesbizitza ta izakera bat sortuazoten dauan barruko garra.

        Umetako jolasak zeatz eta errotik irauliaz, emakumeak amodiozko txingarretan erreten jarten dituan biotzaren iñarrospen barria. Andrakilla, similiki ta kopinak baztartuaz, gizon baten, mutil baten irudia barru-barrura sartu ta egun eta gau, beti isiotuta dagon argitxua lez, da izan. Edo uda ala negu puzkada epelez arnas-etenbakoan diarduan arimako maite-aize berogarriaren antzera. Beti bizi eta iraungiteke ari dan su itzali-eziña.

        Arako bertso bat eldu yakan gomutara:

 

                Niretzat luze dira

                gau eta egunak,

                gauak argiak ditut,

                egunak illunak;

                ez nekian zer eukan

                ai, maitetasunak...

 

        Zein ete zan ba, maitetasunaren lendabiziko lege? Datorrena datorrela, baietza emon biotz-eske etorrenari? Ala, mutil batek esaniko itz legunei ezer erantzun aurretik, norbere lekuan geldi, norbere kolkoan ez ete zan griña indartsuaren joera sutsu bat dardarikatu bear?

        Eta gaiñera, itzetik ortzera, goizetik gabera jaioten ete da alkar-zaletasun ori? Eta illunabar batean, edonun, esaterako kalean bertan ta geiagoko barik, egiten ete yako neskatilla bateri biotzaren eskabidea?

        San Pedro gabeko lenengo lo-orduak itzarrik emon zituan, orrelako asmo ta burutapenak gora ta beera, azpikoz ganera ta goikoaz beera, atzekoz aurrera ta azpi-gainka erabiliaz. Alakoren baten, eguna txirrist-egiteko egoala, loak artu eban.

        Eta goizean, aren amak, Iñese zoliak, eguna aurrera yoiala-ta umeari dei egiteko gelan sartu zanean lo-sorroan aurkiturik, dantzaketan nekatua egon izango zala-ta, etzan batere alabearen logura andiaz arritu.

        Itzartu zanaz batera, Zuriñeri, gomutara yakozan barriren barri gabeko gogoetak. Ain zuzen, Arantza bere adiskidearen nebeak aitaturiko artu-emon barriaz zer erantzun bialdu bear eutsan.

        Mutilla, ona zan, izan. Langillea, aroztegi ugazaba, gaztea izan-arren. Erne, argi, eragiña bere bai, edonoren aurrera joateko lakoxea; axe, urtentxua aukeran.

        —Ezin adiskide obea, baiña... bizitza-lagun izateko eztakit ba nik ba! —ziñotsan Zuriñek bere buruari—. Eztot oraiñarte, egia esan, arenganako zaletasun berezirik igarri. Eztot neuk orrelako lerarik susmau. Eta... zer esan bear ete dautsat? Baietz? Ene biozpean ezer bigunkeririk nabari ez-ta? Baietz? Bera izan dodalako lenengo maitaria? Ta leenago, niri barik beste norbaiteri bardin esan izan ba-dautsa, zergaitik niri, ni bigarrentzat artuaz, mintzo berbera aitatu? Emakume guztiak giza-soiñu bardiñen otsera dantzan egin eta biotz-ziriketa antzekoen menpe ibili bear ete dabe?

        Zalantza ta ezpaiez beterik erabillen barrua.

        —Benetan ziraustala adirazota ere, ez al zan, nunbait, edanda egongo bera! Ez, ez. Edanda ez egoan. Aren itzak benazko ta ganora andizko ziran, olantxe da. Esangura ebana, argi ta garbi azaldu eban.

        Bai, Jontxuren eskabide ori, egiazkoa zan. Ezegoan norarik.

        —Eta txartzat artuko ba-lebe, artu, nire ezespen ez ba?

        Norbere gogoaz-besteko egitada bat, ezin leiteke iñoiz egin, indarpe izan ezik. Norbere buruaren kaltezko edo aurkako zer bat, ezin zeitekean erabagi zuurra izan. Bakoitzaren joera ta zaletasunak ezin leikez iñork indarrez, bortxaz, bildur-bidez ta zemai-ikaraz alda, lege onez beintzat.

        —Eta, ezetza emongo ba neutso? Ta, zergaitik ori, bai Jontxuk eta bai onen arreba Arantzak?...

        Zer egin bear ete eban? Elorrioak zituan, beiñepein.

        Arantzari bere ustea eskatu, bere iritzia agertu egiola? Eta onek ezer jakin ez-ta, artuemon gura ori ezerezean galdituko ba-litzakean, zertan eban zertan ezer jakin Arantzak, nebearen maite-arazoen arnasarik ere?

        Nori itandu orduan? Beste adiskide barrukoari, Madalen lagun zintzoari?

        Baiñan, lagun zintzoak ere, edo zintzotzakoak, neskatxen artean beintzat, maitetasun-ele ta solasak agertutean, mutil gazte liluratzailleak ingurura eltzean senargaitzakoak ezer aipatu baizen laster ala itzerdiren bat agertaraztean, neskatillen arteko alkartasun ta adiskidetasunak, sarri askotan, aizeak daroazan orbelak lez, bata besteagandik berealakoan alderatu ta urrundu oi dira... Eta mutillen banaketa zolia egin ostean, au nitzat... utsa zuretzat, agur neskatxen alkartasuna! agur neska gazteen maitetasun ta alkar bearra!...

        Norbaitek maite-itzak azaldutean ba dakie neskatilla batzuk orrelako asmoak alkarri burutik kentzen, gero bear ba da, zuretzat ez egokitzat etsitako mutikoa, niretzat berebiziko izateko; itz batean esateko, aolkari edo esana emondakoa mutil txarragaz jabetuteko...

        Ta orregaitik ez eritxan onurazkoa, adiskideari aitatutea ere.

        Nori beraz, adirazo, eta nori onua eskatu? Nor erazko orretarako? Amari? Bere amari? Gurasoak egiñiko ezkontzea ere, ez dala egokiena askotan entzuna zan gure neskatoa, bertso berri zaarretan ere bai.

        Orduan, zer zan egitea?...

        Buruera bat bakarra otu yakon. Orrelangoetan oi danez, ez goiko ez beeko; erdiko bidetik jo bear ebala erabagi eban, eta orixe egingo eban. Ez eutsan Jon-eri ez baietzik ez ezetzik esango.

        Dagona dagon lez utzi, dagonean laga. Itxaropenik ez emon, baiña ezta ezetz estu, itzal eta borobillik adirazo ere. Utzi, bertanbera utzi. Luzatu, isilik egon, ez aipatu ere olako konturik. Etorkizunak erabagi egiala.

        Orixe egingo eban.

        Artuemonik sortu eta areagotuten ei da alkar-lera; baiñan, sarri askotan, adiskide ta erdi-kutun asitako alkar-miñetik betiko aspertze, ta iguiña, ta gogaiketa, ta asarrea: ta azkenez banakuntzea eldu oi da.

        Bego ba, biotza, geldi ta baketsu.

        Inguruko mutilen palagu ta txera samur eztietara —udabarrian lore-pipillak eguzki epelera bezela— biotz ori noizbait alderen alde iriki bear ba zan, idekiko zan sasoi egokian, eta norbaitenganako zaletasun ta isuri bereziz. Eta bitartean, senargei bear-izan gorririk ez ebanez...

        Ta asmo orixe gorde eban bere buruan azkenengotzat. Ez eutsan arazo ontan iñortxori ezer aitatuko.

        Ez artu, ez uka. Ez aurrerapiderik emon, eta ezta treotzararik ere, erdeiñu ta ezetzik ere.

 

aurrekoa hurrengoa