www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XI
AMA BATEN ARDURAK

 

        Ganeko egunetan Txanton-ek oberantz egin eban ezagun-ezagunean, baiña osagilleak arengan gauza astunen bat ikusi-edo ta, iñun ziran agindu estu ta zeatzak jakiñerazo eutsazan aren emazte Iñese-ri, osasuna gauza oso galdu erreza zala irakatsiaz, ta bai jan-edanari egokionez ta bai atsedenaldi ta gitxi ibilteari buruz ere, egundoko galerazpenak ezarririk.

        «Baixa»ren osasuna beraz, guztia bearrekoa zan. Aren biotzak egin eban beera-aldia, etzala, gero, auntzaren gaberdiko eztula. Jan-urri egiteko, ta alako ta olako janariak bakarrik, atan be. Edan ere gitxi, oso gitxi, biotzaren auleri ta erkintasunaz gaiñera, odolaren eda-zartada ertain ordez sendoegia ebala-ta. Lanak alde-batera uzteko; zeregin eta buruausteak, beste orrenbeste. Ibilli, gauza andirik ez ibilteko; eta batez ere, aldatzak iñorentzat uzteko. Guk aal dakigu zenbat onu, aolku, esan, eta zenbat eragozpen, mailla ta neurri ain maite dogun gorputz txanpor ta minberati onen osasuna zaindutearren.

 

                Edertasun, osasuna,

                iraute gutiko ondasuna...

 

        Txanton, «Otoiope»ren lemazaiñaz landa, jabekide ere ba-zan. Eta entzutea zanez, irutarik bat berea ei eban untzi ta garaitiko gai ta tresnetan. Orregaitik, untzi edo baporaren artuemon, kontu ta garbitasunak berberak geienbat aztertu, arteztu ta erabilten zituen, eta noizik noizera besteei batzar-dei egiñaz, guztien aurrean oi danez azi-orraziak erakutsi ta azaldu, ta bear ziran diru banaketak egin.

        Gaiso edo eri egokera orretan, ostera, arazuok berberak erabiltea ez yakon komeni, ez yakon egoki kaltegarri baiño, eta korapillo ori bear bezela ebatzi-gurarik, emazteari otsegin eutsan, Iñeseri dei, eta biek bietara xede artu ta erabakia burutu eben.

        Aurreantzean, zeregin ori, lanbide ori Zuriñek edo egin bearko eban, ortarako beste eskolaren jabe, nunbait be, ba zan-ta.

        Alabaiñan, asieran, lenbizikoan, aitaren laguntasunaz ganera, egoki izango zan Zuriñek norbaitengandik irakaspenen batzuk beragandutea, txikitan ikasi ta geroago erdi aazturik-edo zituan kontu-arloak barriren barri aztertuaz. Ta nonork leziñoren batzuk irakatsi ezkero...

        Autu ortan ziarduela, etxekandre zuur ta maratzari beingo batean otu yakon irakasle berebizikoa nor izan zeitekean; eta bai arira etorkiola andra zoliari autespen eta izentatze bat.

        —Nor ortarako egokiagorik, izan ere, —iñotsan senarrari Iñesek—, Bizkarrondo-ren semea baiño, errian egoan-ta? Nor benetan be, aitari antzeko arazoetan eta astunagoetan laguntzen ekian Kerman gazte ikasi ta buru-jantzia baiño?

        Pare bat illabetez aren laguntasuna izanezkero, ontziaren gora-beera guztiak ezin erabilirik etzeukan, neskatilleak.

        Eta gaiñera, (au bere artean eragoion jalkiten, ausnartzen eta mamurtzen Iñesek, ama guztiak oi dabenez, gauza bi ta geiago ere bat-batean buruketan erabili eziñik ez eban-ta) eta gaiñera, axe bai mutil aukerakoa ta aukeratua ark berak, jakitun entzutea eukanaz batean, aspaldi begiz jota eukalako. Kerman, gei egoan: Zuriñe ere, gei. Zelan, bada, abagune ori alperrik galdu? Zer zala-ta ereti berebiziko orri iges-egiten laga? Ez orixe, iñundik al ba-zan, beintzat.

        Ez eritxon txarto Txanton-ek, emazteak azaldutako asmoari. Bigarren asmoa agertu ez eutsana, ba dakigu.

        Mutilla, etxera deituko eben, eta arrantzale zarrak zer guztien egoera ta maratillak erakutsi ta adirazoaz, geroago, Kerman-ek apurka apurka irakatsi ta jakiñerazi euskiozan Zuriñe-ri.

        Irabaztaille urten eban Iñesek, andrazkoak geiebai, batez ere, erabakiak artzean. Aren senarrak ez eutsen emaztearen gurari ta burutasun guztiei antzemon ez igarri. Ezta urrik emon bere.

        Ez ebillen ama, alabarentzat maisu billa bakarrik, senarrak olakorik susmau ere ez egin arren. Maisu edo irakasle soilla ez eban gura, aldameneko laguntxua topau nai eutsan alaba ainbakoari, ama zoli ta erne arek.

        —Gure neska au isillik dago; egundo eztaust iñor senargaitzat aitatu ez izentau. Nik neuk, izan be, eztot iñoiz onegaz edo aregaz gaur ta biar ta jarraian ikusi, beti edozeiñegaz eta mutil guztiekin baiño. Apurtxu bat lotsortxua ete dan-ta nago. Ai, alia! Nik i, ogei urte baiño leen bota neutsan begia lenengo neure senargei izan neban Kaittano defuntu ederrari. Ogei urte ostera? Amzazpi be, ba ete nituan, gero, kaiganeko mutillen artean galantena bera zala arpegira esanaz, keiñu agirikoa egin neutsanean?...

        Orrelan eragoian andre Iñesek bere kolkorako, berberak pillotu ta metatutako gurrai, egur barriak gaiñeratuaz; eta aspaldian barruan eban asmoari bapatean, uste ezik, itzetik ortzera, izakerea emon leikeola gogartuaz ta gogoberotuaz.

        —Bai, zirt zart; erabaki ta egin, asmoartu ta bete. Oraintxe berton bialdu bear dot norbait Bizkarrondonera, —geitu eban Iñesek.

        Ez erabillen berekiko, erretolika makala Txato-en emazteak.

        —Kerman bere, oindiño gei dago ta berandutu baiño leen... Nai dozu emengo neskatilla zororen batek bear bada, oratuten dautsola geu lo gagozan artean? Orraitiñoko!... Orixe ez, gero! Eztautsat nik Kerman lako mutik jaseko ta laster gizon andi izan bear dauan orreri, ganora barik igesik egiten utziko. Geldi ortxe! Ba-yagok obarik! Ezta ori dedozein neska gangarren senar izateko jaioa! Ezta gure Zuriñe bere, alper guzurtiren batentzat izateko! Auxe bai bikote ederra!... Erri guztian ere ez, olako beste gazte birik...

        Aurrera, ba, Iñese —zirautsan bere buruari— eta ez utzi iñongo atso ziztriñeri, euren alaba ganorabakoren bat Kerman-en jabe egiten. Urak joanda gero errekeari esia egitea, ezta beiñere onuratsu izan. Orrelako zerok ikusib ear dira, ta lo egon barik, adionez bizkor ibili, eretia eldu-urren danean...

        —Ta ganera. laster kanpora doa, barriro bere, Kerman, eta erbesteratzean, nork daki? batedobatek sareren bat botauko ez ete dautson, edota amuzkiren bat janerazoaz bota barrura ez ete dauan egingo? Bai, gaztearen biotzak bero beroa izaten daki-ta... Baiñan ez, ez! Olakorik jazo baiña leen, emen dago Iñese, zer egiten dauan ondo baiño obeto dakiana, eta eztautsat, tximista gorria, txoritxu txanbelin orri, esku-artetik egazik egiten lagako. Erroman be, badakie ori.

        Eta buruak emon, eta axe egin.

        Kalera urten ebanaz batera, Iñese berberak io eban Bizkarrondo-nera eta Kerman-etzaz galde egin.

        Eta aren izekoak dei eginda, berealakoan agertu zan mutilla.

        —Albista txarren bat ala zeregin astunen bat al dakaztazu? —esan eutsan Kerman-ek.

        —Ez ba, Kerman, —jardetsia, arrantzale andreak—, zorionez eztauka Txanton gureak txarragorik. Baiña beste gauzatxu bat zeuri azaldu bearrean nago.

        Ta zeatz meatz iragarritako burubideari, baietzaz erantzun eutsan Bizkarrondo zaldunak.

        Zuriñeren amari arpegian irribarrerik susmatea betiere erraz etzan arren, egun areitako oiñazeen pozgarri ta aringarritzat zerbait ba ebala, edonork igarri euskion aren begien dirdaiketa biziagoetan.

        Etxeratzean, aita aurrean ebela, itsumustuan agertu eutsan amak Zuriñeri, Kerman-en abotik-arako erantzun asegarri ta mazala.

        Alabeak, ondo eritxi eutsan gurasoen burubideari, ta beste bat izatekotan, irakasle egokitzat onartu eban.

        Iñeseren barrua ez zan makalean zabaldu.

        Ez ekian arteetan iñortxuk ere, ostera, andre zuurraren lakio aren barri.

 

aurrekoa hurrengoa