www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IX
ATSEKABE ANDI BAT

 

        Jon-ek, etxeaurrean agur-egin eutsanean Madalen-i txalupetxean mutillik naikoa egoan, artean; baiñan atean bertan neskatillea utzi, ta bere bidean zear etxerantz abiau zan.

        Nasa zear yoiala, burua jaso eban Zuriñe bizi zan etxe-parean, baiña iñor ikusi ez-ta, aurrera ekin eutsan.

        Orraitiño, moilla barrenetik Arranegiko zabalerantz egin eban, ta inguru artan begirada luze ta arduratsua egiñaz ta alperrik ebillela uste izanez, aguro joan zan etxealderantz.

        Atetako atea zabal aurkitu eban, zan giñoan. Eta unean bertan, bere arrebearen gomutea eldu yakon gogora.

        —Etxera ete da onezkero Arantza gurea? —galdegin bere buruari ta geiagoko barik mailladian gora asi zan. Izan ere, eztot nik Talan Arantza-rik ere ikusi. Alkarrekin egon ete dira ba, Zuriñe ta biak?

        Goian, etxeko eskillara-burura baiño leen Arantzaren eta amaren izketa surrumurrua entzun eban. Bero-samar, estu ikaraz ziarduan gazteak. Zeozer jazo zaneko antza, aren berbetatik.

        Atearen zaratea entzun ebanekoxe, aguro joan zan Arantza bere nebearengana, ta itzetik ortzera esan eutsan:

        —Ba al dakizu, Jon, Zuriñe-ren barri?

        Itzok eta izen ori entzutean, burutik beeraiño zartakada larria egin eutsan mutillari gorputz osoak, eta zurbil, kolorga, isil lotu zan, esku biak alkarri oratuta, atzak atzakaz estutuaz, begiak zabal, aoa ertzedegi.

        Une mingotsa axe, lipar luze, urduri-usaiñez betea.

        Eztakigu guk aren buruan sortu ziran gogoeta txar, susmo oker eta adubaltzen barririk.

        Alabaiña, laster bere senera zan, eta:

        —Zer jazo yako ba? —galdegin eutsen mutillak—. Ez bearren bat ala?

        Erantzuna zer izan ete zeitekean ere, etzekian Jon-ek.

        —Bai, naikoa ezbear; baiña ez berari, ostera, aitari baiño. Biotzeko min andi batek menpean artu dau, eta ildakotzat izan daben arren, tira, Jaungoikoari eskerrak, alakoren baten be, arindu yako gaitza ta oraingotik onez gertautea izan leitekela dirudi.

        —Eztaustazu ikara makala emon —esan eutsan nebeak, eta egiaz esan bere, aitorpenen bat egin bearrean egoalako, estu ta larri izan ebalako bere barrua unetxu bat leentxuago. Ta arnasa luze ta sakona egin ostean, sukalderantz joan ziran neba-arrebak.

        Amak gabon-agurra egiñik, lotara aldegin eban.

        Jontxuk aulki zabal bat artu ta bertan jesarri zan, nagi, bagai, astun ebala bere gorputza, baiña kolkoan zerbaiten itxaropena barriro susmatuaz.

        Ta jakingurearen jakingureaz, mutillak arrebeari:

        —Ta, noiz izan dau estutasun ori?

        —Illunabarrean, ia gaututeko egoala. Afalduta, zuk, nik baiño leentxoago urten dozu emendik. Andik berandu barik joan naiz Zuriñe-gana, ta atetatik deiadar egin dautsadanean, gora igoteko agindu daust. Igon dot, sartu naiz barrura, eta.

        —Aita daukagu ganora barik —esan daust Zuriñek—. Arratsalde erdian otz dala, eztagola ondo, larri be ba dala, bularrean pisu andiren bat ete dauan, ta ortik emendik. Ta ez afaldu ta ez etzun, or dago aulki zabalean, besodun zizaillutxoan jesarrita, biguinkiroago egon dedin, eta bizkar aldean lumazorro bat dauala. Orixe esatea baiño eztau egin, ta biok ate-ondoan isilik gagozala, nun asten dan ama karraisika ta ai-eneka:

        —Enetxu, Zuriñe, ai ene! Aita galdu bear yaku! Zoiaz arin mediku bila! Ene bada ta bada! Arantza, laztan ori! Zoiakidaz auzoko Maripagana! Datorkidala, arren, ta gero joan zaitez abadetan!...

        —Ango zotiña ta estutasuna zer izan da, Jaungoiko maitea! Tximisteak baiño ariñago egin zituan bideak Zuriñek osagiletan, negarraren gazitasuna aoan txastaurik, ta negar-tantak legortuteko astirik bage.

        —Ni ere abiau naiz —jarraitu eban Arantzak, arnas apurra artuaz— abade billa, auzoko andratxuari dei eginda gero. Eretiz eldu naiz elizara ta mandatua egiñik, barriro Zuriñenera biurtu naizeneko, an egon da osagillea. Beingoan emon dautso zain-barrura osakai orretariko bat, eta abadea agertu danean, begiak apurtxu bat edegi nairik egon da Txanton Baixa. Bera izan da gizon sendoaz-ta!... Era orretan abailduta, dangilizka, intziriz ikusi ta entzunez, barru guztiak ere bira-egin daust. Gisaisoak, albetan egoala zirudian. Aren arnas-estua ta ito-bearra!... Gero, apurka, baratze baratze, asi da konorteratuten. Ama-alabak artu daben estutasuna ta izualdia ezta edozelakoa izan. Eta oindiño oraintxe etortea baiño eztot egin, eta amari esan...

        Orrela azalpen zeatz-meatz luzea —emakumeak oi bezelakoa— egin ostean, Arantza ere lotaratu zan, Jon bakarrik utziaz sukaldean.

        Onek, bere burua bakar bakarrik ikusi ebanean, arnas andi ta zabala egiñaz:

        —Tira —iñoan berekiko— nire burutasunak lar illunak izan dira. Gure artean asi bezin laster dana amaitu ete zan-ta, orra ba! Oker bai oker ibili naiz gau osoan neure burukerietan. Ba nengoan ba... neskatxa orrek ori baiño geiago jaramon egiteke, bertan beera utziko ete ninduan, eskeko baten antzean, ate ondoan. Bai zera! —amaitu eban bere epaia, laster il ta laster piztu zan mutil zaiñartak— Zuriñe ondo be ondo ezagutu ezpa-neu ere!... Ori baiño beste modutakoa dozu Txanton-en alabea. Banekian nik, ondo jakin bere, aintzakotzat ere artu barik utziko eninduana. Ez orixe!...

        Ta berak autortu ta berak sinistu, berak esan ta berak ontzat emon, an ari zan Jon bakarrizketan gabeko orduetan bere etxeko suetean.

        Zuriñe... bere aitaren lagun ibili da, estu ta larri. Ta ni... ni... Madalen-egaz besoz beso Talatik etxera. Olakorik! Zuriñek jakin ba-legi nik egin dautsadan itsuskeria... neu konturatu bage!

 

aurrekoa hurrengoa