www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V
ARRANTZALEEN AURRESKUA

 

        Une ontan ondo ta egoki izango da «Azkarrea» baten gomuta, oroipena egitea. «Azkarrea» zaarra! A zan dantzaria, dantzaririk iñor izan ba da! Erritar oinkalari ospatsu au beste emakumetxu baten izenagaz batean jarri bearko: arako Luisatxu Kaiganeko. Amaika bidar egin eban Doniane goizez Emakumeen aurreskua deritzana, bertoko irrada jatorra au ere, bere oinketa ta musika bereziaz. Dantza ortan andrazkoak jarduten dabe soil-soillik lenengo, eta geroago gizonezkoak eroaten ditue sokarako.

        Gona gorri, amantal baltz, goruntz zuri, buruko zapi txistandunak belarriak tente eta zut, eta sorbaldetatik zinzilik bizkar eta besoak estaldurik Manilako eun meieak, mantoi koloretsu ta loradunak. Erriko alaba diran emakume txairo ta liraiñak, edertasunezko jaikun ikusgarria opa oi dauskue erriko jantza bikain, bakan ta berezi orretan.

        Zeruko Ate-jagolearen eguneko kaixerrenkea!... Doniane goizeko Emakumeen aurreskoa!!!

        Aurretikoengandikoak dituzuen eresoinketa zoragarriok, mundu zabal onen erdian: ez egizuez aaztu, ez utzi, ez baztertu. Errikosemeen aalegiñak arlo ortan ere, arduratsuak eta onuratsuak beitez. Urtero ikusi daitezela uriko kaleetan, izakera berarizkoaren agerkaietariko lez. Iraun begie mendeen ondarretaraiño!

 

* * *

 

        Ikusmeneko zan, barriro bere, Uriko-etxe aurreko plaza nagusian batu zan lagunaren laguna. Txistulariak aurretik, eta atzetik egundoko mutil sailla etorren aurresku erreskadan, abarketa zuriak, praka ta alkondara garbiak, ta onen idunak askatuta, paparrak zabalik zituela.

        Alakoren batean, bere makillatxua edo aginpide-zartea gora jasota, Perkain errizaiña asi zan erdian leku-egiten, dantzariak euren ekitaldirako naikoa toki izan eta ikusleak ere, egokiago ta aiseago ikusi aal izan egien.

        —Atzera! Zoiaze atzera, atzerago! —didar egiten eban, lagunei besoaz saka ta saka egiñaz.

        —Or datoz etorri gure mutillak —esan eban Egiluz zarrak.

        —Nor da, baiña, atzesku datorren zimel ori? —galdetu eban jakingura betidanekoz neskazaar batek.

        —Oriii? Orixe dozu ba, Zingulin esaten dautsena, Ezpaintxuren ordezkoa izaten dana, bestearen utsa izan ezkero.

        —Izan bere, bai, bera da-ta! Argalago begitandu yat-eta.

        —Argalago? —zirikaz aitatu eban albotxutik beste atso sorgin batek. Maitetasunak argaldu izango eban. Laster loditu be egingo da, aska ona topau dau-ta... Ez be! Besomamiñenean...

        —Erdia!! Ikusten dozu zein bizkor asi dan Peru Ezpain aurreskugiñen? Kaixaganean eginbarri dituan jantzaketan erakutsiriko irradoak gorabeera, bapere nekatu danik ere ez dirudi berorrek. Ara gero, aren artaziak eta gerri-dardakadak!...

        —Mutilla makala!

        —Beste orreik, neskarik aurkitu eziñik edo dirudie...

        —Noren billa ete dabiltz ba? Gaur itsastarren eguna da-ta, neskatillak ere, arranegitarrak nai litzakez.

        An egoan aintziña frontoi zaarra ei zan inguruan alkarrengana bildurik, neskatilla aldra zoragarria. Ta zelan jantzita, zelan apainduta, ta zelan orraztuta egon bere.

        Gizonen beratasun ta galpide, argalkeri ta oztopo, Egileak orrelantxe eginda, —nork eztaki?— emakumeak oi dira.

        Guduan lan gogorretan; neke latzetan, ekaitz-artean, ez bearretan, beti... gizona, sendo bai sendo agertu izaten da, ta edozein okerraldi ta zailtasuneri arpegi-emon ta bularra erakusteko adore, kemen eta indarra izan oi dau.

        Baiñan, emakumearen aurrean...

        Eta an egoan, leen esan dogunez, neskatilla sail ikusgarria, zelaietako lorak eurak bere, bekaitzez ta ondamuz ikusi eukien gizalaba talde mardoa. Zein baiño zein txairoago, bata baiño bestea dotoreago, nor baiño nor txanbeliñago.

        Emakumea irudia da, irudi bizia ta biziduna.

        Soiñaren izate guztiak edertzen, apaintzen eta nabarmentzen dau izan, buruausterik gogorrena, gazte ta gei dan artean batez ere, baiña baita gerotxoago ere, ta urte luzeetan gaiñera.

        Gudariaren antzera, emakumea beti dago gertu, beti ernai bere buru-eder aldezko burrukarako.

        Gorputz osoa, or or, erakusgarri, urtenago, agiriago eskeiñi oi dautse gizonen ikusmenai. Gorpuzkai batzuk batere estaldu bage, beste alderdi batzuk eun edo tela meez gaiñaldetik gorde arren, irudi-irudi, zorrotz, luze ala borobil, agerrerazoaz. Gizasemeen irrits eta griñen erasogarri ta piztutzailletzat atondu oi ditue andrazkoak, beti bai beti, euren jantziak.

        Izadiak oparo emon dautsezan edergailluak, gorputzean dituen jas ta graziak, taiu ta tankerak, ondotxu dakiez egokiagotuten oraingo emakumeak. Buru ondo orraztuak, soiñeko politak, gerri estuak, bular arrotu-anpatuak, berna liraiñak; arpegi, begi, ezpain, ortzuri, beso, lepondo, esku, beatz eta atzazalak arteraiñoko guztiak. Norberak erakusgarri berezirik baldin ba dau, eztau emakumeak aintzakotzat artu barik utziko, eta orregaitik agertu eta ikusi-eragin begiak dituanari, lo egon ezik beintzat.

        Aurreskuaren emakumea mutil gazte bik erdian atara eben; Zingulin-en ezkongai maitagarria, Mariñe Besolodiñekoa. Atso tximur arek legezko zana esan eban lez, arranegitarra zan, berta-bertakoa izan bere, Berdara kalekoa. Iñon dan aurreskugintzarik azkarrena izan zan uraxe. Atzeskua ere, aren pare izan zan. Gure Zingulin-ek egoki baiño egokiago ekin eutsan. Oneri Irene eroan eutsen laguntzat, Kosepantoniren alaba zaarrena.

        Bai ikusgarri izan zala esku bien oillar-auskea ere. Neskatillak erreskadan atara zituen baizen laster, soiñua batbatean eten, eta bigarren aurreskua asi eben gero, azkenengo dantza-jotaldiak guztiak batean egiteko.

        Bigarren aurresku, Xirdo mutil lerdena baizen atsegingarria zan. Jon Bizkor, ostera, atzesku. Ikusleen pozkarioak ezeban neurririk izan eta orregaitik barriro bere txaloka asi ziran. Eta lenengo dantzariak zal eta eragiñak izan baldin ba ziran, besteok etziran, orixe ez, batere motelagoak. Etzekien makalean dantzan mutillok ere.

        Ordurarteko gelditu zan sail garaitikotik Arantza ta Zuriñe atera zituenean, bazterretako agure guztiak bere, erdi-erdira begitu ta begitu ziarduen. Alako lirio zoragarririk! Bata baltzerena; urrezko ulematasadun, bestea.

        Soiñekoak edurra iduri, gerriko gorrimiñez, paparrean kabeliña mardulak zituelarik, lilien aizpatxu zirudiela. Nork begiratu ez orduan, alako ikuskairik! Baita ezkonduak eurak ere...! Lekutan!

        —Xirdo, ori dok-eta!... —didar egiten eutsen pozkiro aldrako lagunak.

        —Jontxu, ortxe aiz ba! —entzuten zan txaloen durundi ta zaparrada artean. Alagalako lagunak batu ere-ta, sekulako aurreskua izan zan.

        Aurresku bien artean, ikusgarrizko uztai zabala egin eben, eta plazea betean ekin eutsen tanbolin-soiñuaz. Azkenez, turrun-turrunka edo biribilketea egiñaz, txistua —etorreran lez— aurretik ebela, Uribarren kalean zear aldegin eben, begirale guztien biotzak eurekin eroiezalarik.

        Baiñan irugarren aurreskua ere, berealakoan antolatu eben, naita barregarria izan.

        Nortzuk? eta... Karel, eta Mordoillo, buruzagi ganorabakoak. Ta neskatillak aukeratzeko, Zaztar eta Gorosti. Guztiok ordurako edariz beiñepein, ondotxu baru-ausiak.

        Ikusleen barre-algarak, Arropaiñetik entzun zituen!

        Errian beste bi autetsi bear izan ba lira bere, ezin zeitekezan egokiagorik aurkitu buruzagion neska-laguntzat, atera zituenak baiño: Mikela Begi eta Timuti Belarri.

        Begi eta Belarri, alagalako bi! Nork ezituan ezagutzen, arranetan! Kaleko arriak eurak baiño ere, aize-eguzki-iretargitan egote geiago egiten ekien mutxurdiña ospatsuak!...

        Gorua ta gorutxapela; bata Zu ta bestea Ni; baleuko ta balitz...

        Orra urteak joan, urteak etorri, ezarri izan eutsezan izentxu batzuk. Umegiñokoak ere, ezagutzen zituen edonun eta edonoiz ara ta ona ebiltzan orbel biok.

        Etenak egin zituen barreka ikusleak, ain ganorabako talde aren zirriparra ta joan-etorriak ikusita.

        Baiñan, onein gaitz-urritasun ta ganorabakotasunari jaramon egiteke, goiazan, irakurle, leen ikusitako gazte ederren artera.

 

aurrekoa hurrengoa