www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XII
BARRUAK AGINDUTA

 

        Txanton-ek aldigaiztoa izan eban gau artan Jon aipatu genduanean, etxeko bazter batean ikusi genduan, arrangura-unea gainditu ta gero, barriro ere itxaropen epelaren gozotasuna milizkatuaz.

        Zeren itxaropena, ostera?

        Biotz bateri egiñiko eskea, irudi atsedin bati egindako galdea, neskatilla ederrari azalduriko autorkuntzearen ordezkotzat, erantzuera baikorra-edo artu ustez, amesa egia biurtuko ete zaneko itxaropena.

        Indar-emoille ta zuzpergarri auta da, izan ere, itxaropena. Gorputzeko zentzuank azku barriez eta gogoaren zokondoak argi beroz berpiztu ta aizatuaz, irmo ta zutik eta bizimiñez jarten gaituan goitik-beeraiñoko bultzada zoli ta eragiña da. Biotzaren erdian sortu ta zaiñetan eta kirioetan zear dabillen odola ta bizindarra, borbor irakiten jarten dauskun kemen ezkutua.

        Udalenean, losorrotik itzartuta, izadiak edonun zorna-jarioz, ezetasunez ta uriñez beterik, bazter guztiak jantzi barriez aldatzen dituan antzera, olantxe maitetasunak ere, gaztearen izakera osoa luze-zabal lodian igurtziaz, amesez ganezkatu daroa.

        Nork eztau ames orren barri jakin, bizitzako amalau, amasei edo ogei urtera eltzean? Nork uka leike orrelakorik, lilura, buruera ta biotzaldiok ogetalau ordu besterik iraun ez baldin ba-eben ere?

        Gaztezaroko bideetan zear iraganiko edozeiñek daki su ikusezin orren barri. Ezta sinisgarri, benetan, gizaseme edo gizalaba bakartxu bat ere izan danik, zer ori nabari edo senti eztauanaik. Guztion ondre, guzaki orroren doaia da izan-ta, maitetasun-garazia, alkar-beratasuna.

        Besterenganako lera, norbere kidearekiko griña, gizonen ta emakumeen alkar-bearreko erantzupen estua; maitetasun-eskea dan lokarri arin mee ta ezereza aiñakoa, baiñan gogoaks arri askotan, aitz andiaren pisua baiño astunagotzat jo oi dauana.

        Gau artatik arrezkero, iru egun mando iraganak ziran, eta mutillaren gogoa barriren barri illuntzen ta larritzen asia zan.

        Egunsentiaren etorrerea lanbroak urratu eta mendigaillurrak eta muiño-bizkarrak urrez jantzirik eta goienera eldurik izpi ta erraiñu ederrenak isuri ostean, bertan goxo laburraren ondoren, eguzkia ere makaltzen ta urruntzen danez, bere ames epel bero goria ere oztu ta ezereztzen zala edo, zirautsan Jon-ek bere buruari. Egunabarrak arrats-berea urre-samar euakala, labur esateko.

        Babes ta aterpe billa doan eskalearen irudira; zidor ta bide medarretatik noizbait atsenleku ta abaroa izan zeitekean etxe ta etxolan ate-joka diarduan eskekoaren gisan, biotz-atadian oles egin eban. Deiadar, oiu, zinkurin ta asberapen, maitetasunak nun eta antxe, agindu eutsan tokian bertan egin ere.

        Ate-joka asi zan, baiña ordurarte ez eban jardespenik artu, erantzunik jaso. Iru egun astun, barruko intzir-erosta minberatsua, neska apaiñari agertu eutsanetik. Eta ezer jakiteke. Iru egun, burutu eziñak birloraz ta liluraz gertu, moskor-amesez beteten asi ta geiagoko barik, orratza sarturiko puxika edo mazkuri arro arola lez, zerbait zirudian zorion-bola puztua, isil-isilik urrituaz, ibituaz, zimelduaz, aizez utsitu zimur ta zimel gelditu-arte. Orra dana.

        Adu txarra, siats makurra ete ebilkion, zigor-zarta anker biurriaz bere barne-baratzeko landaratxo pipil-barriak lorrinduten? Abea ete ekan, biotzak limurtzeko arazo bigun ta zeregin samur artan?

        Naikoa zan lorrik eta mingostasunik. Nekaldia amaituteko gurariz jagi zan oetik Jontxu goiz artan. Eta atzera-aurrera, zer dan edo zer eztan egiteko adorea eskatu eban jagikerako otoian.

        Ez eban nai, orraitio, Zuriñe-ren eta bere arteko maite-artuemon orren barri iñortxuk ere jakin egian.

        Jagi ta batera, Txantonetzazko galdea egin eutsan Arantzari. Makaleri ori luzarorako zala, erantzun eutsan bere arrebeak, ta gero ta gero ere, etzala nunbait Txanton leenera biurtuko, eta beste zertzelada geiago, irakurleak ondo dakizanak.

        —Eta Zuriñek zer diño —izan zan bigarren itaunea, bestela baitakoan, ezarian, asmoa malmuzkeriz estaliaz. Eztakit noiz ikusi dodan be.

        —Neuk bere, eztot iragoko egun bieton ikusi, goizetan elizan izan ezik.

        Jantzi, apaindu, gosaldue ta urten eban mutillak kalera, aroztegirako ustez.

        Lantegia, Apalloa kalearen guen aldean eukan, erriko azkenengo eule zaarraren etxetik urre-urre, eta baita azkenengo santugiñaren bizilekuaren aurrez aur bere.

        Eta aintziñako Zingizango leku artatik igaroaz —oraingo Uriarte jauregia baiño barrenerago zan, antza— Gamarran zear, aspaldiko Guzurmendi zan tokira eldu zan, gaur Udaletxeko arrimailla ederrak asten diran zabal-uneraiño, eta antxe arrizko pillaretan gelditu zan, kurikari edo barrandari edo talaierua bai-litzan.

        An urrunean, sorkaldetik, Labagane goitian, eder, dizdizari, indar bete ta garailari agiri zan eguzkia, inguru guztiak biziaz ta pozez kutsatuten zitualarik.

        Urganean, itsas-azal urdin apalean, argi-adarrak izlegiten eben, zidarrezko bide zabal zirudiala. Dirdai aetara ikusleen begiak ertsi ta gorde bearra eben, itsutu lez egiten ziran-ta.

        Uragora egoan, eta itsasoaren sabelak, arro puztua, ganezka zabalguraz egoala emoten eban. Izadiaren indarrak mukuru zirauen, goi ta bee.

        Aize apurraren zeragaz dantzari ziarduan barrako itsas-kolkoan, belak zabal egoan jolasuntzi politak.

        Une laburrean Jon-en begiak ikustaldi luze ta arduratsua egin eben. Aren buruan ibili ebiltzan ara-onaka asmoak eta naikunak, Karrazpioko olatuen antzera, beti artega ta egoneziñik. Gorputza geldi eukan, eta orekan egoala zirudian, «gorria», arrain-talde ugaria nun agertuko itxaroten dagoan kaioaren antzean, gero, zaust! bere oparikizunari laster arin erasoteko.

        Ez zan, ostera, arek gura eban arraiñik iñundik iñora agiri.

        Baiñan... alako batean, aspertuta, gogaituta, enparantzara jatsi zan armailletan beera, eta salerosleen artetik aurrera ekin eutsan.

        Eta zorionen batean, egin ere.

        Billa ebillen pitxia, Txatxu kontramaixuaren nasa edatsuan bertan ikusi ebalako.

        Arranegiko zabaleko uso-tortola zuria, izenez baizen izanez azal ta begi urdin zan Zuriñe ezti koloreko ilematasa ikusgarriaren jabea, mezatatik yoian, baltzez jantziriko andra zaartxu bategaz autuan eta barriketan.

        Neskatilla zoragarria ikusiaz bertatik, geldi lotu zan mutilla, oiñak lurrean katigatu bai-litzakiozan. Barruak ere, bira egin eutsan. Baiña baretuta bere senera zanean, Zuriñe-garantz egin eban.

        Urratsok egin bitartean, begiak arenganik aldenduteke, iñoiz baiño liluragarriago, guragarriago ta eskurakoiago begitandu yakon.

        Soiñeko urdiña eukan, ortzia bezin. Luzean, belaunak aiñakoa. Beso motz-samarrak, ukondo pareraiño. Idunekoa, zurixka; adats orail dizdizaria, xingola batek lepatxokoan baturik, txorta eder zabalduaren atnzera bizkarrean beera ebala. Gerria, lokarri gorrimin medar batek estututa, emakumetxo egiñaren irudi liraiña zan aren gorputz polita.

        Maiganetan ipinten ditugun alabastrozko iruditxo pitxi txoragarrien ainbatekoa zan aren tankera segail lerdena, zumea bezin. Zutia, lizarra aiña. Otzana, usakumaren antzera. Gozoa, marrubi eldua bestean.

        Antxe egoan Zuriñe; begi-aurre eukan neska pinpiña. Aukerearen egokia, buruz buru itzegiteko!

        Eta bere burua adoretuaz ta kemen premiñazkoz jorituaz, aren ondotxura zan. Irriberatsu agurtu eban Txanton-en alabea.

        Onetan, zaarrak oi daben susmo-jakituriaz, atsotxuak aldegin eban aengandik, eta agur-egiñaz, amarruki, bakarrik utzi zituan neska-mutillok.

        Begiak zabal zabal egoan egon neskatillea. Ez jakin ba, berekiko zer erabillen. Baiña berealakoan mintzokera amultsuaz jardunean asi zan Jon-ekin.

        Onek lendabizi itzegin eban.

        —Eztoz, Zuriñe, iragan iru egoneton zure gerizetarik ere ikusi, ez bizi zarean ala illa zarean ere jakin —iñotsan erdi-bildurrez.

        —Badakizu zergaitik izan dan. Baiña, tira, aitak oberantz egin dauala dirudi-ta...

        Euren arteko arazoa aipatu gure eban mutilak. Baiña oi danez, aaztu yakon aurretiaz gertauta ekarren asarre-antzeko itzaldia. Bidean, bakarrean, esan, esan eta berresaten jardun, eta lekuratzean, orra, kittu, dana aaztu, burutik joan.

        Apur bat artega egoan Jon, eta eskuak bataz bestea igurtzika asi zan.

        Isilgura batek azpian artu bai-lituan, murtik egin barik lotu ziran une artan neska-mutillak.

        —Zuriñe! Orraitiño ez aal yatzu aaztu oraintsu-mengoan agertu neutzun zera.

        —A... bai! Ez yat aaztu; baiña zer nai dozu nik esatea?

        Eta matarlondoak gorri gorri egin yakozan, begiak lurrerantz begira, eta zitzortuaz.

        —Orixe da esatekoa! Zer nai dodan? Ondotxu dakizu zuk nik zer nai neukean.

        Eta gauzak arira etozala sumau ebanean, barruko labatik urten gurarike gozan txingar eta txinpartak aotik boladan iges egin ez egien, Jon, bigun itxuraz, zarbokeriz berbegiten aalegindu zan, alan bere, bero-antza guztiz estaltzea lortu ez arren.

        —Aori dok ona! Zauria edegirik daukanak, zer gura dau besterik, osagilleak bigunkiro osatu dakion baiño? Basoan galdu dan bidaztiak, biderakusle zintzo bat aurkitzen baiño? Edota, uretan galdu dan untzi-gizonak, potin oskil batek ba-da ere, leen bai leen barruan artu dagian baiño?

        —Orren galdugordean zagozanik eztot uste, Jon.

        —Tira, ba. Argi ta garbi itzegingo dogu. Badakizu, neuk esanda, neuretzat nai zindukedana.

        Bitartean, gazteok ez egozan geldi. Etxerantz yoian astiro neskatillea, bere jaubegai-gurakoa alboan ebala.

        —Sinistuten dautzut, sinistu. Nik neuk barriz, eztot oindiño orrelako buruausterik artu nai, gazte be ba naiz-ta...

        —Bai, zaarra ez zara, tximista gorria! Ez beiñipein. Ezta umea bere, ostera. Zeuri begiratutea baiño eztago, ume-denporak zuganik alde ebela jakiteko. Bai, emakumeak orrelantxe gozandu daroe, giza-gogoak saminduaz.

        —Zu atsekabetuaz ezer irabazten dodala nik, uste al dozu? Barruak niri zuganako amodioa sortu-erazoko ba-leuskit, baietza emongo neuskizula ez ete dozu sinisten?

        —Eztakit.

        —Onen biotz gogortzat al naukazu?

        —Beti gara galtzeko gizonok, autu oneitan.

        —Eztakit nik onelako gorabeeren barri. Zeu izan zara lenengota-ta...

        —Lenen eldu naizelako, beste iñork baiño eskubide andiago ez ete daukat zugandik maite-erantzuera on bat iristeko? Ez be! Zelan lagako zaitut bat, besteren pentzura, neure gurariok ito ezik, neure amesak guztiak erruki bage irato ezik, neure etorkizuneko irudipena urratu bage? Nire gaurko pozbide bakarra zaitudan ori, bertan-bera uzteko ez nagona, jakin egizu. Tira ba, eder orrek, itxaropen apur bat emoidazu; eskeiñi egidazu alakotuko gareala, gaur ez baldin ba da, biar; agindu niri zorion-edontziaren edari tintil bat, pozgarri tantatxua besterik ezean. Bai, eder orrek! Ezakidaz asarratu, ez egidazu betondo illunik ipini; ez egizuz larrosa-orri usaintsu direan ezpain gorriok, mukertasunez tximurtu...

        Zuriñe, berba gartsuok entzutea, griñaz beteriko itzok jasotean, zetan egoan be ez ekiala gelditu zanenetz esango genduke. Gizonik zirtzillenen zurikeri ta limurkeri gozoak entzutean, ezin uka edozein emakumek, danik ederrenak ere, barruan senti oi dauan zauskada edo zimikoa.

        Egia esan: ez ete gizaseme guztiok azur-mamizkoak? Zelan ba aintzat ez artu gure Egilleak seme ta eme, gizaki guztiongan ereindako azi ezkutuaren noizbaiteko ernamin-zartadak?

        Euren ibilketa astirotsuan, geldialdi egin eben gazteak, arako matxiña —grua— andiaren ingurura eldu ziranean. Antxe geldi-erazo eban neskatillea Jon-ek, nasa ertzean.

        Ez eukean sinistuko Zuriñek gizonen bularretan alako sugarrik egon zeitekeanik, eta arean bere, aspaldiko adiskide Jon-ek beraganako zaletasun ain berorik ebanik.

        Eta ezetz biribilla esateko asmoak egiten asitako neskatillea, zer esan jakin ez-ta, txintik be atara bage egokion, mutil maiteminduaren etorria entzun ta entzun.

 

* * *

 

        Ezin izan dautso eguno emakumeak entzungor-egin gizon gordiñaren maite-itzei, naiz-ta gero ezetza emon.

        Olerkariak, euren irudi-asma-iturriak idekiaz, lilura-olde zoramenezkoak eta biotzaren irakin-borboilladak ero-moskor edariz opa ta eskeiñi oi dauskuez. Baiñan, auxe diñogu: zenbat gizonek eztabe esan olerkari bikaiñenak baizen gartsu, bertsogille aipatuenak baizen edergarriro, eta idazle gaillenak baiño sutsuago ta biziago, kutunaren aurre dagozalarik, gogotik-ara emakume maitaturen entzumenera, aapaldi, neurtitz ta esanaldi bero, gori, ezti-jarioak?

        Nor ezta orrelako eretietanolerkari izan? Etorri aundiko poeta edo azti bezela agertu? Nork eztaki abagune bardiñetan solas gozo bigun sarkorra kutunarengan isurtzen?

        Bai, ospe ta goratzapen edozein gizoneri ere, bere maite-kantuan diarduanean. Emakumearen aurrean gizona gizon izango bai-da.

        Maite-aroa eltzean, elkarketa-naiaren ernamiñaldiratzean, txoriak beti kanta bikain pozgarriez jarduten dakie. Eta naiz-ta txorieme batzuk isilak izan, mintxogabeak izan, arrak, txoriaita daitekeanak zoragarrizko txintak eta xorrotxio txarmantak jo oi ditu.

        Zelan bada, beste gauzarik uste izan eban gure Zuriñe ederrak, maitetasuna zer zan ezekiala egoanean?

        Aldia eltzean, zelan kantau ez euskeon beragan begiak egotzita, zaletasunez beterik egokion Jon adiskide mamiñak, kolko barruak sortu yakan ilentia egundoko sumendi ta gar-meta biurtu yakanean?

        Iru egunez geituaz-geituaz yoiakon erretura arek, bazterrak guztiak kiskaldu eutsazan bere ariman. Irudi laztana ikusiaz bakarrik, bere maite autetsiaren alboan egoalako beste barik, ganezka gin eutsan amodiozko esanbearrak.

        Orrelantxe ekiten dautso maiatzeko gauetan kanta-kantari isiltzeke, arrasbeeratik egunsentirarte urretxindorrak, ilargi ala izar, zoarbi naiz gau illun, adarganean ernai ta bero, leratsu ta maitakor, gau osoan erosta joten txindorreme isilari, onen neke-oiñazeak arindu bearrez.

        Kolkotik erion uriolari azkena emon arte, orrelan jardun eban Jon-ek; gogoan urten nairik eukana adierazo arte.

        Neskatxak, naikoa biozpera ta samurtua zirudian entzundako itz gozo gartsuak izanik bide.

        Baiñan...

        Nork jakin gizalaba eder aren begi gardenen barruan agiri zan osiñaren sakona? Nork oartu aren gogoeten joera? Aren azken itza, nork igarri?

        Belarriak gorri, masaillak sutan, begirakunea apal ta lotsati, an joan zan Txanton-en alaba bakarra etxerantz mutillari —ez bai, ta ez uka— agur samur egiñaz, Arranegiko lirio apaiña, kaialdeko neskatillarik txairoena...

 

aurrekoa hurrengoa