www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVIII
ORBANA

 

        Zingulin-ek emon eutsazan goraintzi-agurrak zirala-ta, egun bi edo irutan, amesez beterik bizi izan zan Zuriñe.

        Egia gozo biurtuko ete ziran barruan erabillezan gogoetak? Alakoren batean, bere irudimenako zerak, izakera itxuraz jantziko ete ziran? Edota, zakur-ames edo katu-ames biurturik, utsean geldituko ete? Bere uzi, joran ta gurariak loratu ostean, antzu aldatuko?

        Aita geisotu zanik arrezkero, ez ebezan etxe artan entzun, leenago oi ziran kanta samur atsegingarriak. Kabi artako txoria mutu edo mintzul gelditu izan bai-litzan, txinta guragarri ta txio soiñuen ordez, isilikako oiartzuna besterik ez zan nabari inguruan.

        Baiñan aitaturiko egun bi ala irutan, barriro bere, soiñu alaiak, kanta zoragarriak entzun zituen ormarte artakoak. Ostera be, txoria, leengo senera ta taiura itzuliaz, aintziña bezin pozkiro, iñoiz ez aiñako doiñu pozkorrak joten asia zan.

        Gazteen ta umeen jokabide ta ibillerak zaarragoei ta gurasoei barrenean zirkin ta zaustada eragin oi ba-dautse, egun aetan etxeko senar-emazteai ere, gogo ta biotzak zuzpertu ta jasoerazoko eutsezan, nunbait, alaba maitearen kanta liluragarriak entzutean.

 

                Nik ba dut maiteño bat,

                ai, eta zelako!

                ez da tipi, ez da andi,

                bai bien arteko.

                Begia dau ederra, argi, gozo, urdin...

                biotzean sartu yat, ta nik kendu ezin.

 

        Etxeko zeregiñak egiten zituan bitartean, alde batetik eta bestera, sukaldetik eta gizategira, eta gela batetik bestera, bizilekuaren lau aldeetan ebiltzan txoriak, txori alaiak... inguragia samurtasunez gaindituaz.

        —Gure neskeak darabillen aidea! —iñuan Iñesek. Aspaldion eztogu, egia esan, gurean, olako kanturik aditu. Auzoko kardantxilloaren ots zoliak utsa dira gure urretxindorraren ondoan. Urretxindorra esan dot, gero? Tira ba, urretxindor-eme kantaria orduan... Olakorik!

        Barriro be, neskatillearen aots bigunak ziarduan:

 

                Ene mutil ederra,

                nire gogokoa,

                aspaldion zaukadaz nik

                txito urrundua,

                laster elduko zara

                txiker da mundua!

                zuretzat dot biotza

                maitez lurrundua...

 

        Barruan poza ganezka dogunean, gure kolkuan zorion-apurrak irakiten diarduenean, olantxe urten oi dabe urten be, atsegiñaren itur-burutik eresizko iturriak, kanta mee, intziri samur uxterren igesiak, arako atsekabe-aldiko taupada makal ta guztiabearrekoak urrundurazoaz.

        Amesezko abia txairo egiten ziarduan Zuriñek bere barruan. Zori-egokerako egun argiak zituan. Aste erdi ez zan zalantzaz ta kezkaz bizi zala. Arako gauza ez-ezagunak beregan toki ta bazter-txoko aurkitu eban, antza.

        Arestian, aurtemein, maitetasunari nor zan galdezka ekin eutsan neska politak, bere barrena maite-miñez edo ebala siñistuten eben. Besterenganako zaletasun bizia, joera berezia, isurki ezagun ta jita, bere baitan ekusan Zuriñek egun aetan. Iñorentzako leraz egotea zer zan ez ekian neskato pertxentak, zio ta errorik ba eban bere gain, argiro; ukatu eziña zan ori.

        Edertasuna, dirua ta indarra gordetea ez ei da lanbide erreza. Ezta, arean maitetasun-griña estaltzea bere.

        Eta orregaitik, ez ziarduan neskatxa arek bere amodioaren agerpena gordeten. Bestera ziarduan: abesti zoli entzungarriez adirazoten eban biotzaren esangurea.

        Zuriñek norbait maite eban. Errotik, sustarretik, barruko gunetik ete? Negu-ondoko losorro ostean zuaitzak esnatu, esnetu ta itzarri oi diranez, loraz ta orriz, ostoz ta liliz, eze, apain ta mardul agiri zan, nunbait, neskato arrasoillaren biotz-kuskua.

        Zuriñek Xirdo eban maite. Arrantzale lerden, gazte begiko, kolore gorri, begi zuria.

        Azkenengo ikustorduan ain berariz itzegin eutsana; gueneko itsasoratean, egundoko txera samur ta agur beroa egin eutsasna. Arako irribarre gozoak, arako begirakune samurrak zerbait adirazten eban.

        Eta orain barriro be, urrunetik, goraintzi bizi-biziak bialdutako mutilla... axe, eban maite.

        Zerualdeko atadian egoan, ausaz, Txanton-en alabea, zoriontegiko atea erdikusten ebalarik edo. Azkenean, sirats onak aldameneko laguntzat ekarri nai eutsan berak nai eban norbait.

 

* * *

 

        Mundu ontako adua, makurra, ostera! Ez izan ba, erbesteko negar-ibarrean gure amesak, osoketarik ez betegunerik. Eztau izango, ez, —eguno, izan eztauan lez—, gizonaren lilura orok egiaren jantzirik.

        Ez dago, agian, gure eskuan amaika bideren mugarik, ez gure asmo soilletan gertakuntzen oiñarririk.

        Errekan esandako aobeteko berba gordin eta esakera likitsak lasterrean zabaldu ziran errian. Ango albistak isil-misil, belarririk belarri barreatu ziran. Antziñako esakuneak esan ba ba diño-ta; «Guzurra esan eban median, neu baiño leen zan errian»...

        Garaitikoen entzumenetara bide egiten ondotxu dakie gizonen itzak.

        Arratsalde belua zan.

        Itsasaldeko etsaritik sukalderantz joan zan Zuriñe.

        Ama kanpoan zala-ta, sutondoan egiten ziarduen jatekoai jaramon egin nairik yoian. Gelarte edo pasillua iragotean, zurubian, eskillaretan berba-zurrumurrua entzun eban, eta emakumea izanik, jakingureak geiago egin eutsan. Atea edegi barik, geldi lotu zan, zerbait entzun nairik, asnasea isil, belarriak adi.

        Mailladian, auzoko emakume bik autu jardunean ziarduen.

        Itz banakak baiño ez zituan jasoten. Ezin ezelan be, aririk artu andre arloari. Alperrik entzumena erneagotu.

        Orraitiñoko, zeozer entzuten, edo aituteko berba batzuk artzen asi zan.

        «Artaloraneko neskea... neba zarrak il nai... tuntuixa... amaika amaika ta erdiko! gitxien uste dana».

        Itzok algarregaz jostea ez zan lanbide argia izan lenengotan. Baiñan, emakumeen berezko zerak ulertu-erazoten ekian, arranotan.

        Azken itza, bai, argiroegi, lar zorrotz jaso eban neskatxak. Bala indartsua bai-litzan, zital, mingarri zaztatu yakon barru-barruan.

        «Xirdo... ete danekoa».

        Eztakigu, zorigaiztoak artuta, bertan zelan jausi etzan luze, neskatilla errugabea. Ezin jakin nundik atarau eban indarra ta kemena bere gelaraiño eltzeko, eta an, oiaren ganean bere burua bertanbera uzteko.

        Ez eutsan, alan bear-ta, barruak lerregin. Ez yakon bularra urratu ta edegi, ez biotza erdibi eginda gelditu.

        Naikoa mirari izan zan bizitzagabe ez lotzea. Arnasea, betiko ez etentea. Odolaren takadak sekulakotz ez atertutea.

        Neskatilla maitemindu-barria! Zer ekarri dautzu orrelako sari txar ori? Zer egin aal dozu, orrelako esku-erakutsi doillorra zureganatzeko? Zelako bezuza zirtzil ta zekena egin dautzue adu ziztrin erraiabakoak?...

        Zelan, ostera, gizon guztiak guzurti alenak izatea? Aintziñako Salomon erregeak esana, egia biribil ete zan, mendeak mende, betierekotz, gizonen artean?

        Zein musika illun baltz miñezkok egiten dau orain durundu zure belarrietan, Zuriñe eder?

        Norberak maitatu izan dauan gizon gazte batek, zelan, baiña, orrelako petralkeria okerrik egin? Ain andur eta doillorak ete, giza-semeak?...

        Maitetasunaren arantza, oiñaze ta atsekabeak! Zer dala-ta orren goi agertu, maite-eztia gozartuten asteneko?

        Benetan ete zan, Ume Itsu orrek, gizaseme-emakumeak, bazterrik bazter, zauriz beteten ziarduana, egun eta eguzki? Kupido ori, itsua izanez gaiñera, gaizto anker purtzil baiño ez ete zan?

        Bai, maitetasuna etzan ziur asko, atsegin-baratzeko ate zabal, paradisuko sartzeiera apain.

        Maitetasuna odola zan, zauria, miña, eriotzaren deia. Madarikagarria ete zan?

        Ai, ei, ai, eta milletan ai! Neska zoragarria atsekabe latzaren jopu biurturik dogu; oiñaze ta samiñaren mirabe ta jostaillu, agian.

        Illunabar artan, zerualdea ozkorri ezarri eban eguzkiak, bere orduko azken-txera adiguritsua egitean. Ozkorri, egoaize errearen zantzu ta agerkai.

        Ortzialde odoltsu arek, Zuriñeren maite-zauria zirudian.

 

aurrekoa hurrengoa