www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

X
EGALUZETAN

 

        Udako arrantzuketa onen asiera-eguna eldu zan; leentxoago azaldutako eguna iraganik eldu ere.

        Udabarriko bokart eta sardiñatako aldiari agur-egiñik, atuneta-sasoia, egaluzetea asi oi dabe gure itsasertzeko gizon azkar, zangar, adoretsu ta jasankorrak.

        Oraingo egunetan, untzi lurrun-indarrezko ta orio-loidun bultzakiñei esker, itsasora osterea edo joan-etorria aguro ta errezago egin aal dabe, leenagokoen ikusian, eta orregaitik, portura itzuliteko aukera obea dabe.

        Leenagoko arrantzaleak euren gorputzetaratzen zituen neke ta oiñaze gogorrak gomutara daiguzan, aize-oialez eta arraunketan aldi luzean joan eta joan egin bear izaten eben aro artan.

        Oraingo untzi sendo ta ironak, ganetik solairuz estalduta dagoz. Lenagoko txalupa zapal aek, tantai luze bi zutik eta tostak izaten zituen, eurotan jesarrita, gau ta egun, ainbat ordu ta ordutan arraunai eragiñaz, gogor ta bulartsu jardunaz, ontziari ibilpidea emon egioen barruko gizonen besoak. Itsasoa bare agertzen zanean, tira, ainbestean joan oi ziran galditu bage; beti, baiña, erremuak azkar astinduaz; eta aize biguna erara oso edo beintzat poparean ezarren ere, lagungarri izaten ebenetan, pozarren ibilten ekien olatuen dantzai gora-beeraketaz erantzunaz, eta beti jo-aurrera egiñaz.

        Batez bere, neguko itsasorateak dira bildurgarriago. Otzez alatuta, esku ta oiñak otzak gogortuta zituenetan, zerbait zuzpertzeko ta berotzeko besoez bular-bizkar ukaldika jarduten eben mutil eta gizonak. Izotz, euri ta erauntsi, aize ta edur, kaieko babesa utzirik, oiaren epeletik aldegiñik, illunpe osoan jarri, goian zerua, beean ura ta ondo bagako lezea zituela arrantzuan ari izatea, bizibide gogor ta lanbide latza dana, edonork daki, maizegi aaztuten dogun arren.

        Baiña giro epel beroa danean ere, udako egun sargori antzekoetan ere, uste bako edo bapateko galarrena diñotsen ekaitz bildurgarriak itsas andian artzen dituanetan, orduan, Antiguako Ama maite ori! Zeure pentzura ta kontura gelditu oi dira mariñel gaisoak.

        Aize izugarriaren menpe, katxoi jagi, uin edo baga andien erdian, aize-oial eta belak urratuta, lema ta endaitzak okertuta edo zatiturik, mastatantaiak kikoloka eta tostarteko arraunlariak unatuta, etenak eginda, euren intxaur-azala ondo edo zolabageko osin eskerga artean noiz murgilduko ta ondoratuko, amaika bidar euren buruak ondamendi-urren ikusitakoak.

        Zaarren esanez zeinbat bidar ez ete ziran etxeratzen gorputzeko atzealdeak minbera ta baltziturik ipurmamiñak azalak urratuta, aragi bizi gordin gelditzen yakezalarik, iñoiz odol-iturri biurtu-agiñean. Arraiñaren jarrai urrunago ta urrunago, beti abant eta abant, tostaganean jesarrita, indarren indarrez untzia abiau-araziaz.

        Eta alak eta lerrak egin ostean, zazpi alegiñetan indarrak guztiak emon ondoren, gertatu izan da gizagaiso aundi aek, untzia galdurik eta urez inguraturik, ur kresala, ur gazia besterik ikusi bage, eta ikutu bage, erri ta kai ta emazte ta ume ta senide ta adiskideei agurrik ere egin barik, azkena emotea nekaldi izugarriari; aztarrenik utzi bage, ekaitz zital edo galarren ankerrari bere erpe zorrotzetan gueneko arnas-ito ta atsankak eskeiñiaz.

        Txalupa aek ere, zorionez, amaitu ziran, gizonen asmakizun egoki, eratsu ta ongilleak izanik bide.

 

* * *

 

        Eguerdi-aldea zan, eta arrantzaleak goizbazkaria eginda, ba yoiazan banaka banaka euren untzietarantz, kaiaren kolkotik beingoan itsasorantz ekiteko.

        Untzien tutuluak kee ta kee, lurrun eta txipar makiñak, nasa-ganeetan alako gizonteria ebille, guztiak itsastarrak.

        Moilla-ertzetan baporak azkenengo gizonen zain egozan, mutikoak lokarriak eskuetan zituela, noizbait zeatz askatuteko gertu.

        Or-emen andrazko taldeak, ume koskorrak, legortar ikusgura batzuk agiri ziran, arrantzalien gertakizunak ikusiaz.

        Antxen egoan guk dakigun txalupetxearen aurrez-aur, alai barri barriak, atsoaren buruko zapiaren belarriak bezela txairo ta sotil zituala, «Otoiope» untzi ederra, urdiñez oraintsu margoztua, lemazaiñaren etxeiskia letra zuri aundiz apaindua.

        Baiña itsasora joakera artan, ainbeste bidar zuzendu eban gizona etzan barrurako; betiro lamakaiña erabilli eben eskuak, ez eben oraingoan lan ori artuko; besta bat joan yioan aren ordezko. Ez zan illa, ez; bizi zan, baiña ez zan ostera egikizun ortarako gai, ez zan gauza.

        Untzi liraiña jaio zanik arrezkero agintari izan eban gizonik bage, urrunduko zan portutik. Bere patroirik barik, Txanton Baixa legorrean utzita. Amar-amabi urtetan bera baiño beste nagusirik ezagutu ez eban «Otoiope»k ordezko buruzagia erioan: ariñak arin ta otsasoraldi orretarako soil eta bakarrik arren bai arren zuritu ta limurtu eben beste arrantzale zaar jator bat yoian, «Laba» zintzoa, ona bera betekoa.

        Aitaren untziari agur egiteko asmoz, —agur atsekabetua—, jatsi zan kalera Zuriñe, ogeiurteko babalora zuri, liluragarri baizen maitagarria.

        Ain zuzen ere, Atxabal kalean beera etorren Xirdo gazte eder, kokot-gorri, begi zuri, beti irribarretsua.

        —Nora zoiaz Zuriñe, eder ori?

        —Orra ba; gaur, barruko mingostasunez, gure aitak, zeuk dakizunez, itsasoraterik ez daukan arren, nik neuk beintzat gure untziari agur egin bear dautsadala-ta, kairantz noia.

        —Ondo esana, ta ondo egiña. Ta aitaren barri?

        —Emon euskun ikaraldia iraganik, gero gaberago, gaberdirantz politoago jarri zan ta goizerartekoa ondo-edo emon dauala dirudi. Goizeon oberantza egin dau eta orainb este gizon dirudi, ta itz bat edo beste egiten dausku.

        —Eta min andiak al ditu?

        —Miñik? Esatekorik eztauka euki. Oso nekatua dago, ostera; jausia, makal, erkin-itxura gelditu da. Ai, bartko estularria.

        —Etxera orduko jakin neban. Talatik etxerantz gentozala.

        —Nork esan eutzun, ba?

        —Nork esan? Zera: Gorua ta Gorutxapela topau nituan beeko Botikatik urteten yoiazala, eta neure artean, «Nonor txarto dago» —esan neban, eta itandu neutsen—. Jakinbarri zirala jardetsi eusten, baiña jarraian, auxe ta auxe zeaztasunez azaldu ere bai. Eneban alakoa makala artu zuen aitagaitik, eta ganera...

        —Ganera, zer?

        —Eee!... An dabiltz gure untzikoak neuri deiez-edo. Ni ete naiz ba azkena, «Artizar»-ekoenetatik? Bizkortu dagidazan oiñok; zuk eztaukazu olako arin-bearrik eta zoiaz geldiroago. Tira, ba Zuriñe, ondo ondo zaindu aita, ta...

        Irribarre gozoagorik Xirdok erakutsi eutsan baiño.

        Onen begi argietan zeruaren ozkarbietako baretasun bizigarria eta zerbait geiago sumau eban neskatilleak. Aren ortzuri ederrak, ezpain artean isilostuka azalduaz, parreirri gozoaren sorleku atsegin zirala esan gura eben. Axe zan bai gazte jatoz, zal, segail, alagalakoa; ordurarte guztian iñoiz ere ikusi ez ba-leuan, barri barriki begien aurrera etorkion mutil samur, mazal, xalo ta begibetegarria.

        Zaarbidean egoan zugatz okertu, zirritodun ta makartsua zan aitaren ondoan, landara txuxen, lerden, mardo ta zuta zirudian arrantzale gazte arek.

        Etxetik larri ta naigabez urten eban neskatxaren barruan, alako barritaztasun ta antzaldatze nabarmena erazo eben gizonezko aren irudi berezi, irribarre gozo ta itz samurrak. Aitagan gizon gaiso, itun, akitu ta zarkitua zekusan; kalean topez egindako mutil ezagun artan, barriz, gizaki gazte, sendo, osasuntsu ta bizi-deikakoa musuz-musu aurkitu eban Zuriñe poz-egarrituak.

        Arrantzale nekatuaren ordez, itsastar sasoikoa; aita urtetsuaren truke-edo odol ezeko mutil azarria; gorputz leertuaren pare, beso sendoak.

        Eta itzetik ortzera, bapatetan, bere aitaren leenagoko irudia Xirdo-gan ikusi ebanez, aitaganako penaz ta atsekabez bete yakon gogoa. Eta, orretatik, aitaren itsas-agurra betikozkoa izango zala antzemonik, aren ordezko izan zeitekean beste gazte batengan amesegiten asi...

        —Bai, bai; aleginduko naiz bera zainduten —jardetsi eutsan neskatxak—, baiña aren arrantzuak amaitu edo, egingo ziran, urrean.

        —Nork daki ba olakorik, Goiko Arek baiño?

        —Ez, Xirdo; «Otoiope» untziak eztot uste, arean, leengo lemazaiñik izango dauan, ganeko denporetan. Orixe bururatuteaz bakarrik ozkirio egiten daust gorputzak.

        Eta negar-tanta lodi bat agertu yakon begi-ertzean irrits-egin nairik, neskatilla xarmantari.

        Tira, ba, ez estutu, osatuko da-ta —esanaz, begirakune bigun bat egin eutsalarik, urtentzear eukan negar-anpulua begian bertan lotu yakon erion bage—. Agur, ba, Zuriñetxu; or gelditzen zarie neskatilla garbi, emazte zintzo ta ume errubageok legorrekoen kontura, gu itsasoak austen gabiltzan artean. Euren eskuetan uzten zaituegu... eta guk u, aldegin bear zeuentzat ogia ta janaria ekarteko. Laster-arte, ba, eta ez aaztu «Otoiope»gaz, ta ezta «Artizar»en barruan doiazanekin ere...

        —Agur, ta Andra Mariak ondo erabili zagiezala.

        Azkenengo itzok entzuteko asti barik, arrapaladan egin zituan gure mutilak untzira bitarteko bideak.

        Itz labur aen bidez Xirdok, gizaseme-alaben arteko alkartasun-alorrean, zerbaiten azia erein nai ebala zirudian...

        Aren irudiari begiak kentzeke gelditu zan Zuriñe, bere biozpean zerbaiten kilika oartzen ebalarik. Zerbaiten zirika barri, kilika bigun, ezezaguna orduraiño.

        Irudipen uts, begitaziño soil, lilura-izpi, gurari-ernamin; zer ete?...

 

* * *

 

        Alkondara urdin illuna, mahonezko prakak, lepotik zinzilik elastiku baltza besoetatik idunari lotua, galtzarpean itsasorako otzarea ta beste eskuan atabaka zituala, yoan yoian mutil lerden eragiña.

        Ots batean lokarriak eta txikotak askatu, naseari sakatu, untzia zerbait bultzatu, brankaldeko erremuaren laguntasunaz alborantz piskat igitu, beste untzien artean bide-egin, txiparra bota ta keia zeru-alderantz parra-parra ta lodi jaurtiaz, makiñaren indarrez andik lasterrean urten eban portutik «Otoiope»k, eta Ipar-nasearen ostean ezkutatu. Kaiganekoen ikusmenetik aldegitean, portu-urteieran uberan erreten txiki bat utzi eban.

        Eta aren urrengo «Artizar», ta gero beste bat, eta beste bat... erreskada luzean, bata-bestearen ondoren ogetaz untzi.

        Txistu luze luze bat jo eban aldegikeran «Otoiope»k, erriari eta batez bere, une artan —iñoiz ezta— patroi zaarrari, betiko lemazaiñari agur-egiñaz, berarizkoa agurra, egun gomutagarri artararte bera barik iñora joaten jakin ezebalako.

        Tala-raiño joan zan Zuriñe, euren untzia ateko bandan ikusten. Ugiñen agindura, urganean batean azal, urrengoan sakon, gorantz-beerantz ikotika, joan yoian «Otoiope», gero ta urrunago, gero ta txikiago, beti aurrera ta aurrera, beti iparrerantz, legorra ta kaia ta bere lotu-lekua urrun utzi arte. Aren jarraian «Artizar» eta beste enparaukoak ere, leiatsu, azkor, urrun-miñez, zeregin gorrien akullu errukigabeak ziztatuta bezela.

        Txanton-en alaba liraiña Tala-ko kurtzea baiño be arantzago joan zan, arik eta iru armaillak aurkitu arteraiño, arrantzale zaarrak oi dabenez, muga edo esi borondatezko ortan geldi-egiñaz. Bai egunez ta bai gabaz, mailla orren muturrean egiten dakie itsasoari begiraldi zeatz, baretsu ta maitakorra.

        Itsasoa!

        Euren etxekoak, erria ta senideen urrengo, arrantzaleak munduko gauzetarik maiteen daben ur zabaldi, kresalezko zelai andi, itsaso arro, sendo, neurribagea.

        Jarri egikezuz itsastarrok lurralde zabaletan, erri aundi ta uri ospatsuetan, eta ezetz iraun-gura izan eguntxu batzuetan baiño, aste bat edo beste baizik, edertasun ta ugaritasunez beterik egon arren? Euren bizitzan alboko ta auzo, lagun ta adiskide ta bizi-inguragi izan daben itsasoagandik aldegiñik egon nai ezetz? Alperrik urrundu.

        Legor-barrukaldeetan ezin iraun izango leukee arrantzaleok: itas-miñak jotan, euren izaera ta gogo alaia, illun-itzal-mingots biurtu bagarik.

        Orrelantxe daroe erraietan uraganako maitetasuna, itsas-zaletasuna arrantzale euskaldunak. Eta euren seme ta alabak, eta urrengorik urrengo, belaunik belaun, ur-ertzean jaio, azi, kozkondu ta bizi izan diran jatorri osoko gizakiak.

        «Or geldituten zarie, emazte zintzo, neskatilla garbi... legorrekoen kontura lagaten zaituegu», esan oi dabe kanta zaarretan.

        Bai samur-samurki adirazi eutsala egia ori Xirdok Zuriñeri agur-egitean. Isil eta bigunkiro laster-arte entzunerazo eutsanean.

        Egia, izan ere. Legortarrei dagokie erriko andren izen ona garbi zaindutea. Senarrak urruti dituen emazteai urrunduenganako zintzotasunean iraun-eragitea; aldetakoen emaztegai eta alabak garbi jagotea...

 

aurrekoa hurrengoa