www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III
EDER ETA GAZTE

 

        Zeruko Giltzari dogunaren bezpera edo aintzintiko egunaren goiza zan, goiz berandua. Eguerdi aldea zala esatezkero, zuzenago ausaz.

        Egundoko eguzki beroak joten zituan kaiganeko arriak, eta ondartza kiskaldutik lurrunak lirlar igoten eban. Trumoburu zuriskak, odeitxu biribil eta luzanga kiriñauak agiri ziran ortzean.

        Eguzkiak uraren gaiñean dizdiz egiñaz, begiei ikuspidea galerazoten eutsen. Egoazie antza, sargori usaiña.

        Orduak aurrera ta, a zan beroaren larria, bapere aizeputzik bage.

        Txalupetxeko ateondoan kalera begira egoan Madalen, eta onetan, Nere agertu zan, pedarra besapean ebala, kaiganeko iturrira uretan.

        —Egunon, Nere —otsegin eutsan pozez— ez aunat ikusi goizean azokan.

        —Ez, Madalentxu, ama izan don nire ordez.

        Eta pedarra txurruaren azpian polito ipinita, beroaren igesi, arin joan zan bere adiskidearengana, itzalperantz gerizpe eske.

        An asi ziran, emakumeak oi dabenez, txutxu ta putxu, izketaldi luzeren baten, betiko antzean, zer-esan andi ta gorabeera astunak alkarri leen-baileen adirazi bearra izan bai-leben.

        —Nortzuk ete dira an Likona-Torre parean datozan mutil biak —iñoan Nerek.

        —Nortzuk? Aretariko batek ik baiño leenago jakingo yon, errira nor etorri dan eta nor eztan.

        —Tximista gorria! Norgaitik ete diraustan?

        —Zeragaitik... Oraintxe bere, burua ondo orraztuta datorren Jontxu eneagaitik. Jon Bizkor, morroia makala! Eizarako txakur oberik ere...

        —Orduan, arraiña izan ba-litz,... izurdea: arraintzua laster arin azaldauko laieunkenan...

        Baiña Madalen bera be, etzan, arranotan, eize-erreztua bertanbeera galtzeko aiñakoa.

        Ta mutil biak, Jontxu bata ta bestea Kerman, etxaurrera eldu ziranean, neskatillak, euren buruak ateondora zerbait agertuaz olesgin eutsen, egoan beroaz nora yoiazan galdegiñaz.

        Tala-aldera yoiazala erantzun eutsen, iparreko mollearen asiera-inguruan dagoan arbolapera, antxen itsasaize apurrartean atsegin-izpi billatzera.

        Iru ondartzetan —Izuntza-koan, Karrazpio txikian eta andian— lagunik asko agiri zan. Urabeera egoan eta ondartzak zabal zabal egiñik, ziran giñoan. Gizonezko nai andrazko, umeak ere bai, geienak luze luze etziñik, azala baltzitu eta txukuldu arte, azala narru biurtu arte. Beste batzuek, putzezko pelota andiekaz jolasean; norbaitzuek, uraren ondoan arantz-onantz ibiltaldi barean, eta garaitikoak itsasoan, asko zutunik, belaunetararteko edo gerrirarteko edo besaperarteko uretan, edota igeri bigun eta errez azal-azalean edo dzangaka olatuen azpian sarturik eta baita urganean luze luze ere, aratean edo aratiñik zerura begira, soiña gogor gogor eta ol baten antzera luzatuaz.

        Lagunik geien geienak erdi billozik edonoren aurrean. Gizonezkoak, tira ba! prakamotz eta galtza labur-samarrrak izan arren... Baiñan, emakumeak ere, iztar, bizkar eta bular aldea ere arenbatean narrugorri erakutsiaz... Adan-en emaztearen soiñekoak zelakoak izan ete ziran jakitea egoki izango litzake, noski. Etzekian asko andretxo arek XX-garren menderako modak zeintzuk izan zeitekezan, bestelan ez eban, nonbait ere, lotsa gorriz ikopean ostenduten arrapaladan ibili bearrik. Benetan uiolde edo dilubio-aurretikoa, oraingoen iritzi jakintsuz...!

        Gure mutil biok ez eben, antza, sargoripean soiñekoak kentzeko gogorik eta ezta txalupetxean sartzeko astirik be, Madalen-ek orretarako bidea emon arren. Norabait joan bear-andia eben, usaz, eta aurrera ekin eutsen, gorago esan dogun tokirantz.

        Kosepantoniren alaba gazteak irribarrea laster arin gorde eban ezpanetatik, eta aren arpegira begiratu ezkero, aren barruan zerbaitek mingostasuna sortuazoten eutsala susmau zeitekean.

        Eguzki-galdapetik iges egiteko gerizpe atsegiña eskeiñi arren, zer ete eben mutillok urrezko euritzan edo aize goripean oreiñak baizen bizkor bideari ekiteko?

        —Egingo neuke, ta samea egin bere, —iñoan berekautan neskatilleak— antxe dagozala oindiño zugazpean leen joan diran Arantza ta Zuriñe. Bai, mutil azkar oneik, aen usaiñean doiaz, ez itsasoa ikustearren.

        Eta egia izan zeitekean.

        Antxe egozan bai, adiskidetxu biak, Zuriñe ta Arantza, eskuetan orratz luzeak erabiliaz, elastiku politen batzuk egiten ziarduela.

        Emakumeok, alkarren adiskide aundi ziran. Biok apaiñak, zein baiño zein liraiñago, larrosea baizen ederragoko neskatillak, erriko atso zaarrak ain gozaro esan oi daben esakunez.

        Arantza, baltzerana zan, begi illunduna, barrura dei-egiten dakien begi zoragarrien jaube; barruko gorabeera ta auzien barri, ostera, aztarrenik ere igarri eziñekoa.

        Onen laguntxua bestetarikoa zan. Ule orizta, lastokara; begi argi, azal zurixka, irribera. Gari elduaren koloreko adats ugari ta labana zintzilik, lepatxokoa osoro estalduten eutsala. Begi urdin aetan zeru-zatiñoa ala itsaso barearen pitintxua ezarririk eukan. Aren irribarrearen gozoa!

        Uriko mutil guztiak ondotxu ekien aldi edo belaun-aldi artako lorarik usaintsuenak zeintzuk ziran, naiz-ta aberatsak ez izan neskatillok.

        Aingeru pare amesgarri onen ibillera ta leku kutunen barri ondo bai ondoago ekien batzuen batzuek. Nun bizi ziran, zer esan bakoa. Txirlarri edo perla ederren idoro-lekuaren barri, onein atzemoilleak bezela.

        Goiko kalean bizi zan bata, Arantza musubeltzerana. Bestea, barriz Arranegiko zabalean, urre-koloredun Zuriñe, Txanton Baixa ta Iñese-ren alaba bakarra berau.

        Eta aipaturiko mutil biak nortzuk genduzan? Bata, izentauriko Jontxu, Arantzaren nebea zan; ezizenez edo izengoitiz Bizkor esaten eutsen, au naiz ori egiteko, orra ala ara joateko beti gertu egon oi zalako. Zurgin edo arotza zan ogipidez, eta arean bere, era barrietako tresnaz ornidurik eukan bere lantegia.

        Mutil azkarra, ezetariko alper-usain bakoa, egin bear zana zirt edo zart egiteko prest-egon oi zana. Edonoren aurrera joateko sakada andiren premiñarik izaten ez ebana, buruz zuur eta argia.

        Itzemonezkero, itz ori zeatz beteten ekiana. «Apurtxu bat urtena ezpalitz, gitxi lako gazte errimea» —Kosepantonik esan oi eban lez.

        Soiñekoz apain jantzia ez izan arren, alako taiu jasekoa ta lerdena zanez, dotore agertzen zan edonoiz, uleak ondo orraztuta, bizarra egunero mozturik, eta aterri ba egoan egon, burutsik, oraingo gazteen antzera.

        Bidelaguntzat eroiana Kerman zan, aurtemein ezagutu genduan errimaite andi Bizkarrondo jaunaren semea, mutil galanta, mendia lakoxea, ta bera beteko biotz ederrekoa.

        Ikastuna genduan oso, gure Kerman au. Legegizon ikasketak amaitubarri eldu zan bere sorterrira aintzitiko egunen batean. Beste asmo batzuk ere, ba erabiltzan bere buruan; ikaspen barriai ekiteko asmoak, arean bere.

        Eguzkiaren izpi gorien igesi yoazan mutillok, laster eldu ziran iparreko mollaren aurrera ta Talarantz apur bat egiñaz, an dagozan bost platanondo txaparren gerizpetan aurkitu zituen leen esandako neskatillak.

        Une artantxe, eguerdiko amabien kanpai ots astunak, iru, iru eta iru, burrundara ta durunda sakona zabaldu eben inguru osoan. Emakumeak euren Ama garbiari otoi-agurra eskeiñi eutsen.

        Enparantza edo plaza aldeko arbolape ederrean egozan arrantzale zaarrak eta legortar agure banakak ere, txapelak erantzi eta euren denpora guztiko arrenak egin zituen, oi eben egokitasunez ta apaltasunez egin bere.

        —Emendik urrun zenbiltzala-ta nengoan, Kerman, baiña ikusi zakustaz-eta, badakit zeure bazterrera zarena.

        —Bai, emen gagoz barriro ere, Zuriñe —erantzun eutsan Kerman-ek— eta pozik egon be, norbere kabitik urbil ibilten diralako txoriak pozen. Atzotik nago ni emen...

        —Bai, baiña gu, beste batzun moduan, ezkara beti Eskolapera joaten, ta...

        Eskolapea deritxan leku ori, zabalgune edo plaza txiki bat dozu, uriko tokirik biziena ta ibilpidetsuena, erdi-erdia edo biotza bai-litzan. Lau bidezabalak bertan alkar zeartuten dabe, ta orregaitik erbestera doiana ala kanpotik datorrena —gizaki, abere edota izaki, legorrez beintzat, andixek igaro oi dalako.

        Ondoren, neskatillak jesarrita egozan arrizko jesarleku luzean jesarri ziran mutillak ere, ta Karrazpio ondartzara begira egozan. Eguzkiak zeru-goitik txinpartak botaten ziarduan, geroago ta goriago, eta uretan barruan izan ezik, eguerdiko ordu artan, leku obea egoan itzalpean baiño ere, etxebarruan, leio ta ateak ondo itxita.

        —Asko da zuek ondartzara ez joatea, gaur dagon eguraldiaz —esan eutsen Zuriñek mutillei.

        —Kerman-ek eztau gogo andirik izan-ta... —jardetsi eutsan Jon-ek, bere lagunari keiñu egiñaz.

        Eta autua aldaturik, auxe adirazi eutsan Zuriñe-ri:

        —Nai dozue biar aurreskurako izan?

        Zuriñek ori entzutean Arantzari beitu eutsan, galdegiten bai-leutsan. Emakumeen begi-itaune batek zer esan nai dauan, ezta errez adirazotea. Sarri askotan, euren artean leenago itzegiñiko arazoren baten ziurpena izan oi da; beste askotan otoz-otoko jazokunen bat, uste-ustebako asmo edo eretiren bat.

        —Arantzak esan dagiala.

        Onek, ordea, ez eban murtik bere adirazo, barre algara bat egin baiño.

        —Isilik dagoanak baietz diño —epaitu eban Kerman nasaiak, ezpain-artean agin zuri-zuriak agertuaz.

        Eta ondoren bakoitza bere neskatilleaz egundoko berbaldi ta solasean, erdi isilka-misilka jardun eben bikoteak, eguerdiko beroaren andian, Tala inguruko arbolatxuen itzalpe gozoan.

 

* * *

 

        Andik eta ordu batzuetara beranduago, Kosepantoñineko txalupetxean ba-zan autua ta berbotsa baiño etzana.

        Mutil gazte mordo ikusgarria egoan ango mai ondoetan eta itza ta pitza uiolka etorkien aoetatik kanpora. Poz irazkorra zan euren poza, ingurukoak ere eztitan jarten dituana.

        Biaramonerako jai gertaketan ziarduen guztiak, eta bakoitzaren asmo, aburu, iritzi ta gogoa agertu bearrez, alkarren burutapenak topeka egiten ipinten zituen.

        Nunbait bere, kaialde euskaldunetan oi dan egun alai ta piztu garria eratutekotan ebiltzan gazte alaiak; eta jaiketa ospatsu zuzpergarriren bat burutu arte ez eben bakerik izango.

        Arrats inguruko orduetan, arrantzale ta legortarren batzar anaikor arek, zantzu ta susmo oberik ezin eukean izan. Antxe egozan Xirdo, Zingulin, Okotz, Urpion eta beste arrantzale gazterik asko; antxen Kerman eta Jon ere, irakurleak ezagutzen ez dituan beste mutil galant jaseko batzuen erdian.

        Illuntzeko aurreskuen antolapena, guztien aorako egin eben; danen gustoko izango zan. Zertzelada, zeetasun eta gorabeerak zuur ta egoki atondu ta lotu zituen.

        Amesez beteak izaten dakie beti gazteentzat ospakizun ta jaien aintzitiko egun luzeak eta une amaitu eziñak.

        Barrenean isiotu ta aizatu daroaguzan lilura ta egingoak alako urre-dirdaiez, argi-izpiz ta likurt-usaiñez apaindu ta edergainkatu oi ditugulako.

        Ai, gaztetango aro loratsua!

        Egun bakoitza, urrengoaren ate atzipetzaille ta mailla gertagarria da, ta illuntze bakoitzean, ortziko loretxu zidarrezko ditugun izarñoak ames-egalkaden aize soiñu-isilduna el-erazten dabe gizonen belarrietara.

        Orra gure gazteriaren egoera egoneziña, aipatu barri dogun jai bezperako illunabarrean.

 

aurrekoa hurrengoa