www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIV
ARRATZALEEN GORAIPA

 

        Udako egunak aurrera yoiazan.

        Itsas-untziak atuneta eratsua erabillen, eta kaian poza geituten eta itxaropena mamintsuagotzen yoian.

        «Otoiope» birritako aldiz eldu zan etxera, eta biotan nasa zaarra egaluzez beterik orniduta utzi eban. Arraiña naikoa samar erabillen arren, diru ederra egiten eban saldukeran; eta ekarri-ala errez saltzen zan kanporako, kabanetarako ta baita errirako be, lasterrean jateko.

        Zuriñe pozarren asi zan untziaren kontu-arazoetan. Eta asi barritan orren zori ona izatea gertatuaz, itsasoko ardurak, untzien joan-etorriak, arraiñaren gorabeerak, ikatz eta izotzen artu-emonak eta untzi-buru gizonen autu, esames ta iritziak iñoiz ez bestean zituan buru ta biotzean.

        Aurreko urteko atunetatik arrezkero, zorra besterik ez eben untziak egin. Gitxi ziran portuan egoera onean egozanak. Geienak zorrik asko zituen bazterretan, eta asi arrikatzetik eta patente eta mazietaraiñokoak bere, ordaindubage eukezanak, ez ziran bat eta bi, geiago baiño.

        Aurreko neguteko arrantzuak ez eban ondore onik izan. Ta gero, udabarrian bere, arrain barriak benetan tati egin ebana! Egun bi edo irutan sardiña apur bat artu eben, baiña geroztik esatekorik ez.

        Ontziak garbi, kaiganea legorregi, loiea usain bage, etxe asko kee barik, umeak goserik, gurasoak atsekagez: erri osoa itzal, illun. Orrelakoxe negua izan zan azkenengoa.

        Baiña, tira! Jaungoiko andiak gizonen eroapen ta egonarria neurri bateraiño zabaldu danean, barriren barri gose-aroa etenaz, gose ordez asea, bear-izanaren ondoren ogia, esku utsen betegarritzat zidarra, nekeen ostean poza bialdu eutsen kaitarrai, arrein mamiñaren bidez.

        Negu ta udalena esteak kiskortuta iragan ondoren, sabelari betakada sendo bat emoteko eretia eldu yaken itsasora begira bizi diranei. Negar-iturri diran begiak apurtxu bat argitu, eta illeta-kanpai diran mingaiñak euren soiñu ta mintxoa ots alai gozo biurturik, portu ta inguruak, erri osoa erabat esateko begitarte alai aldatu zan.

        Dirua etorren errira kanpoko erosleen eskuetatik. Dirua, arrantzaleekana kabana-jabe ta ola-lantegi ugazabengandik. Dirua, ainbat eta ainbat illabetetan bizikariak zorko edo zorrean emoten jardun eben dendariengana ere.

        Dirua ta poza etxe bakoitzerako. Eskuartekoa, soiñeko barriak egiteko, oiñetakoak lortuteko, umiei gauza bearrezkoak erosteko, janari-zorrak eta ogi-zorrak zurituteko; ta zergaitik ez ba? Baita janaldi mamin bat eta txurrutaldi gozo batzuk egiteko bere.

        Nork dauka, ba, iñork baldin ba dau, jan-edan ugari bat egiteko eskubiderik, arrantzale adoretsuak bezenbat? Nork, eta beti alperreri nasaian bizi danak ete dau ba, estekadak egiteko esker ori?

        Arriskuz beterik bizi danak, egitada zori utsezkoetan diarduanak, gudari edo burrukalari errimeak eta arrantzale jasankorrak, orretxek dauka, nonbait, egiaz esku ta aalmen, orretxeri dagokio dagonean bonbon-egitea.

        Zer dala-ta? Ai, guztiok arrantzale ba giña, orrelantxe uste izango genduke, dudarik bage, orain beste iritzirik izan arren.

        Aurtemein Iñesek bere alabeari esana gomutau ezkero, rekin batean esango: norbait zenbat eta ezagutzenago, maitatzenago dogula, biotz zintzoa izan ezkero.

        Euskal-arrantzaleagaitik, au, ori ta bestea maixiatu dabe. Amaika bidar bidegabe, gaiñera.

        Alperra dala, ardauzale dala, diru-eralgitzaille, zabar, utzia, ardurabako ta ezjakiña. Baiña amaika ez-jakin, amaika ardurabako, baldar, diru-ereintzaille, gangar, ordi eta alper dago bazterretan ain zuzen, arrantzale ez diranak, eta arean bere, arrain-usain bageak!...

        Zenbat mozkor, zatar, alper-arri eta sakel-baedun ete da mundu zabalean, iñoiz itsasorik amesetan ere ikusi ez dabenak? Orrelan, ba, arrantzaleak, edonun dagoz, itsasoan eta legorrean, ur-ertzetan eta lurralde idorretan, iparrean eta egoaldean, emen eta emendik urrun.

        Zerik asko, asmau-ala, arinkeriz esan oi ditue gizonak.

        Itsasoko bizitzatik kanpo diarduenak, eztakie an urrunean, ur andian, egunak eta gauak, jai ta asteak, goiz ta illunabarrak bardin samarrak diranik. Legortarra, egunez lan egin ondoren —edo beintzat bere ordu neurtuak, geienbat— gabaz oiñak luze eta gorputza zabal zabal etzanda, nasai lo dagoan bitartean, arrantzalearen untzia, txikia betiere, kilinkolonka ibili dabil oiñarri sendo bage, eustazpi ziriñaren azal-azalean, leze sakonaren agin ta erpe-artean.

        Zein da legorrekoan bizimodua, onenbeste edo arenbeste ordutan lan-egin ondoren, lantegiari agur egiñik bakoitzaren etxera joatea baiño, arrisku esatekorik bage, geienetan?

        Arrantzaleak, bere lanbide ta jardunean asten dan bakoitzean, beti ta beti, bere biziaren guna arrisku ta galtzoripean ezarten dau, bildurra alde batera utzirik. Etxeko ogia, sendiaren poza, umien atsegiña, erri osoaren alaibide ta aberastasuna, orra zer dan arrantzalearen arloa; orra or kai-erri ta portualdeetan itxaropena ta ondasuna erein ta zabalduten dakian gizasemea.

        Biotz eder, gogo zintzo, barru oneko ta esku zabal, daukanean edonori emoteko gertu egon oi dan gizaki begiko, apal, gorrotorik bageko, edonoren adiskidea. Orixe dozu arrantzale euskalduna, orixe dozu egunero, arrisku bildur gabe, lekurik txarrenetara, osin izugarri orren atzaparretan guretzat ere janari billa joaten dakian itsas-seme jatorra!

        Dirurik ezarren, jaun agertzen da arrantzalea. Aundikeri bage, gizon eta zaldun. Biziteko lain egiten daki, ez aberatsu bearreko urregose txarrez. Barruko bakearen jabe, biotz nare ta baredun, eroapenez bete, egoarritsu. Daukonagaz naikoa esaten dakiana. Eskean ibiltea gorroto dauana, bear-izan gorriaz aztamuka ibili arren sarritan. Okituak eta ondasunez beteak ezagutzen ez daben mana, baretasun, arte ta nasaipena beragan dauan gizon apal, mazal eta gogo onekoa.

        Zer esan daikee legortarrik askok arrantzaleen ala ta kontra, uretan ordu bat edo bi egin ezkero, legorretik iruzpalau milla urrunerantz joan ezkero, oindiño mendiak ere begi aurrean ostendu bage izanik burutik beatzetara dardaraka, ikaraka, laudarduan, izuturik jarten diran barritsu, minluze, prakestuak?

        Isil beitez, ba, jakitun azalekoak. Jantzi beitez euren soiñekoz, bizi beitez euren etxe zirtzilluetan, ta batez ere, bioaz itsasora, bioaz egunetan eta egunetan, uda ta negu, otz ala bero, sargori ala izotz, egunez bezela gau baltzean ere.

        Eta joan beitez, joan, ekaitz egunetan, itsas-urak irakiten diarduen denporaletan, sartu beitez orduan intxaur-azal ortan, ta bioaz urrutira...

        Orduan esango litukee, noski, lotsa aundiko berba astunak, orduan solas ta ele gurgarriak, orduantxe eskubidezko itzak, arrantzale ta itsastarrentzako zorrezko gorapenak. Une artantze litzakez mariñelarentzako ele-sari bikaiñak, esanaldi aipagarri ta biribillak.

        Ezta jakituna gure arrantzalea, ez; baiña ezta eskalea ere.

        Ekonomi-arazoetan eztaki ziñez jakitea komeni litzakion guztia. Baiña gizabiotza ikasten ari izan diran filosofu ainitzek ainbat jakituri erakutsi dauskue euren biziera ta egitadetan. Aintziñako bale-zale ta makallau-zaleen ondorengoak ditugu, orain milla urte ta geiago bear bada, Gaskuñekin batean Terranovaraiño itsas-untzi txiki ta makal erkiñetan joaten ziran euskaldun zaarren oiñordekoak.

        Gizonik geienak aberastasun egarriz jarduten dautsenez, gure arrantzaleak lan biziteko lain egin oi dabe, ez aundikitzeko.

        Sarri eta maiz, sabel uts edo erdi-uts izan arren, barrua bakez, arpegia argi ta bekokia jasota, okituaren ondamurik bge ikusi oi ditugu, eskean asteko lotsa, billa ta esku-luzaka asteko gauza ez izan-ta, lorpide orri narda ta iguin egiñaz.

        Baiña kaira arrain apurra eldu dediñeko, ikustekoa da portualdeak artzen dauan bizinaia. Alaitasun, jolasgura, barregozo, dantzadeia, orixe izante da leen itxaropen, egoarriz ta nekez irabazitako saria.

        Eztau arrantzaleak, zeken-usaiñik ez zuurkeri larregirik. «Dirua, —auxe baita euren doktriña— ezta gordeteko egiña, esku-aldatuz ibilteko baiño».

        Aiurri, mendu ta izakera atsegiña dau. Arma edo izkillu bako gudularia, bizia arriskuan egunero erabili arren, guduzelai maitera, itsaso urdin zabalera edonoiz-edonoiz baretsu, nasai, nare ta lerden joan oi dan gizasemea.

        Eztaukanean isil samar, daukanean edonori emoteko gertu... Arrantzale biotzaren ederra! Ai, gizon ikasia bezinkulturadun ba-litz!

        Baiñan, isil gaitezan. Itxaropentsu izaten, gu baiño ukondo bat gorago dagolako euskal-arrantzalea.

 

aurrekoa hurrengoa