www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII
LAGUNAREN BEGIRA

 

        Oso nekatua eritxan Jontxuk bere buruari, San Pedro egunaren biaramonean egun osoan lanean jardun ondoren. Ta ez ba, bestetan baiño luzaroago ekin eutsalako, ta ezta iñoiz ez lako alak eta lerrak egin zitualako ere. Egunari luze-iritzita egon zan, orra egia labur esan.

        Etzan bada, lanaren astuna, ez makalaldi edo osasunik eza ere. Beste zerbaitek, bere barruan ibilirik, emoten eutsan egonezin, neke, ala-olako zeozer zan.

        Norberak igarri be egin barik, biotz-aldean sortuten dan gurari sendo ta sustraitsuak, bakea ostuten dautsa gizonari, emeki emeki gau-lapurrak antzo. Arako urduritasuna, ezin-egona arteak artu eziñik irakiten asten da bularraren txokoan, barruan alegia, ta zentzuna ta gogoa, adimena ta guramena, alkarren aurka jarri oi dira gure baitan.

        Orrelan ba, aurresku-gau artatik arrezkero Jon-engan ere, gogoa ta irudimena orron ebiltzan, atsedengabe, loka, geleziñik, espaz, aienez eta zinkuriñez. Eskuak lanari lotuak izan arren, aren begiak egun osoan zuren, egurren eta oien aurrez aur egonarren, mutillaren asmoak eta buruerak lantegitik aldegiñik, batera bestera egan lez ibiliak ziran.

        Ai, gazte maitemindua!

        Aspaldian bularraren ondarretan sortu izan yakon zaletasun azia, noizbait zartegiñez ernetan ikusteko antsiz ta egarriz egoana; eta txiker eta xume erne ondorean burua lerden jasoaz, gora ta gora mardo indartsu azi ta zorionen batean kozkortu ta garatuta ikusi gogo ebana, zein aduk bere itzalpean artuko ete eban, gogoetan ziarduan.

        Mutil jolasti, alai ta betargia, ardura aundiren baten menpe, arrenkuraz eta arbin agiri zan illuntze artan.

        Eguneko lanaldia amaitu ebanean, afaltu eta Talaraño eldu zan, an egiteko zan erromerian, alan bearrez, bere barruko kezka mingotsa bein betiko poz-iturri biurtuko ete zaneko susmo ta pekuz. Eta orrela izan barik, bestela ba litz...?

        Soiñuketara, eurrezean bildu zan laguna illunabar eta gauleenean. Lagun arteratu zan Jon ere. Begira ta begira, ikusi ta ikusi, ez eban ostera, aotik ortzera, nai ebanik aurkitu.

        Idoro gura eban irudi liraiña, ikusi nai eban emakume aratz eta txairoa, etzan iñundik iñora agiri.

        Ez ete egoan an? Artean, goizegi ete zan neskatxa guztiak an batzeko? Ustez, ez. Ordua zan joateko ziranak bertara eltzeko. Arritutekoa zan ba, batez be, berak topez egin nai ebana arrantzale-alaba zalako, eta erromeria ori ain zuzen, guztiena baiñan bereziki, itsastarren artekoa oi dalako.

        Beste edozeintzuk neskatilla antxe ikusi ta agurtu zituan, banaka, pareka, sailka, mordoka. Bear ez, ta orduan aurkitu, esan oi da, eta egia izan oi. Bat bakarra ikusi nai, eta beraren gerizerik ere ezin iñun susma. Ezta aztarren txikienari urrik emon ere.

        Nun ete egoan Zuriñe?

        Eta... nogaz ete egoan? Espaz ta bekaizkeriaz, keixu asi yakon barrua, maitalearena lez, norberentzat eta ez besterentzat, gauza guztiak, txikiena ere, norberentzat nai oi dauan irritsaren mende.

        Guzurra zirudian arranegitar neskatxa guzti guztiak an egon bear eza. Nun ete, Talara agertu bage? Orduan... beste norbaitegaz, ostantzeko lekuren batean ete egoan? Enparantzan ala, Eskolapean ala...

        Mutillik geienak jantzaketan ziarduen; arrantzale ta legortar, antxen ebiltzan betargi ta irribarreka dantza ta jolas, barre ta autuka, gaztetasun eta maitetasun indarrak arturik, neskatilla alaiekin poz zoro mozkorberan.

        Iparmoilla muturrerantz joan zan bakarrik, geldi geldiro Jontxu, alderdi guztietara beituaz, ta antxe egoan, nasa ta kaiganea begiekin iruntsi nairik, txoritxu gaisoa noiz artuko dauala, orekan dagon mirotza lez.

        Gau illunean, an urruti samar, dirdiz egiten eban Donostiako argiak, maitearen begietan ikusi nai zeukean keiñua irudituaz.

        Geroago, alperreko zainketa zala-ta, barriro bere, itsasalderago joan zan, Amandarri moillaraiño, ugiñak austen diran moilla lodi sendoraiño.

        An gelditu zan urrunera begira, barruko maite-aziak emondako emaitz mingotsa ausnartuaz.

        Ugarteko piñondoak ez eben dantzarik egiten, baiña gabeko aizetxoak eraginda, terral usaiñagaz, euren orri mee ziriantzekoz ornidutako adapuru-adarretan ba ebillen zirkintxu ta ara-onarik, Jon-en buruko uleetan lez.

        Isiotu ta itzali, izetu ta itzungi, ager eta gorde ziarduan Antzorizko farolak ere, itsaserdian legor-egarriaz yoiazan ontzigizonei lurraren mustur gogor zorrotza non egoan adierazorik.

        Itsasoari bizkar emonik barriro, Amandarri nasan bertan, baiña Ondarzabalera begira jarri zan, besoak burdiñagetan gurutzetua ipiñiaz, alkar laztanka, gerria apur bat okertuta, balkoi batean bai-legoan. Beti bakarrik, zeru aldeko illargi zuriaren izpi motelen distirak lagun zituala, lagunaren begira... ta laguna ez agiri.

        Zer zala-ta ez agertu neskatillea? Naiz-ta ezetz esateko ere, etortea baiño etzeukana. Ala atsekabe albiste ori ez adirazotearren, apurtxu baten baiño ezpa-zan ere, Jon-ek, amesak ames agiten jarrai egian, beraizik uts egin ete eban Zuriñe ederrak?

        Onetan ziarduala, atzetxutik isilisilik norbait urreratu beragana eta begiak tapau edo itxi-azo eutsazan. Ori egin eutsen eskuak, esku mee bigun labanak ziran; emakume eskuak, esku gazteak, iñolaz ere ez gizonezkoaren eskuak.

        Ametsetan ete ziarduan Jonek?

        Nor ete zan bakartadeko larritasuna arintzera etorkion aingerua? Nor ete zan? Berak naien ebana, ziur asko.

        Laster arin bira egin eban mutillak azkar ta sendo, ta bere esku latzekin esku guri bigunei oratu ta begi-aurretik beingoan kenduaz, neskatila baten aurrean aurkitu eban bere burua.

        Irribarreka, begiak argi, ezpaiñak gorri, adiskide gisako itz samurrez esan eutsan neskatxa zoragarri arek:

        —Zer egiten dozu bakarrik emen, Jon?

        —Madalen! —ebaki eben mutillen ezpaiñak, erdi asarre, erdi arrituta, amestutako aingerua beste bat zala ikustean. Nork esan emen nagona?

        —Neuk ikusi bakarrik zagozana.

        —Ta lagun egitera zatozkidaz, ezta?

        —Zaarra da ori! Naikoa dantzarik egin neban bart, eta gaur. Nai al dozu apur batean ementxe jesarri gaitezan?

        —Tira ba, zeuk gura izan ezkero.

        —Zetan ziarduan zuk emen, uraren goraberak ikusten ala?

        —Ez, egon nengoan. Neu bere nekatuta atzokoaz ta gaurko lanaz.

        —Lan ugari agian?

        —Basotxura bidean erosi dodan etxe zaar orrek, emongo daust.

        —Baiña, zuk orain ez dirudizu atzokoa, Jontxu; ez atzokoa ta ez bestetakoa.

        —Nik, zer ba?

        Estutu zan arotza ori entzunik, eta bere baitako istura ta itzaltasuna estaldu bearrez, irribarrez geitu eutsan Madalen-i:

        —Orren aldatua ete nago ba gaur? Ez nekien ezer. Orduan, zelan ezagutu nozu ba?

        Alperreko itzak neskatillea zuritu nairik. Alperrik esan erazo buruan beste ezertariko lorrik edo nasterik ebanik, neskatxak bein eta barriro galdetu arren.

        Ez, arranotan. Jakingura ebana jakiñik, etzan geldituko Madalen.

        Baiñan, neskatxak ez eban astirik alperrik emon. Zerbait lortu eban, emakumeak maiz eta sarri oi dabenez. Etxera nai ebala-ta, lagundu eragin eutsan Jon-eri, ta an egoan jente-artetik, biak bietara, biak... bakarrik, joan ziran Madalen-en etxerantz.

        Olantxe aukera ta eretirik txatxarrena ere ondu ta gonduten dakie emazteki zuur, zoli ta usmotsuak. Tratulariak irabazpide aukera billa ta nun susma ibili oi diran antzean, orrelantxe andrazkoak bere, euren garatz, kontu ta korapilloen etorkizuna danari buruzko abagunerik ta eretirik, ez ei dabe iñoiz galdu. Emakumearen sena!...

 

aurrekoa hurrengoa