www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I
ERRIMIN

 

        Urteak igesi joan dira ordutik...

        Egun eder zoragarria izan zan, une artean amaitu-urren egoan udabarriko eguna.

        Ez eban sargori-antzik bapere izan; aize meetxu batek igurtzia, zeruaren urdiña argi ta garbi, ikusgarri agiri zan. Ozkarbia benetan. Sarri askotan ezin ikusi izaten dogun goi aratz, txukuna, orbanik barik, odei txikienik bage egoan zabal gure buruen gain.

        Eguzkia astiro joian etzin guraz, bazter ezkutuetarantz, eta azkenengo agurra egin baiño leen, gezi bero ta ziztada goriak jaurtitzen eutsazan lurrari.

        Erbestetik geure jaioterrira giñoiazan, eta bertara leenbaileen elduteko gogo andiz ta irriki bizian gengozanez, gure beribilari indar barri emoteko alegiñak egiten genituan, besterik ezean asmoz ta itzez, beintzat.

        Osto ezez jantzirik, berde agiri ziran inguruak; eta zelai, landa ta mendi eze mardulen pozak eta irudi atsegiñak, barruan alako zarrastada gozoa eragiten euskun-ta, gaztezaroko ametsak barriren barri berbizi eta geure buruok ainbeste gogarte barriz eta gomuta zaarrez beterazoten euskuezan.

        Barruko lurraldeetako bide arreska zurixkak zear, itsasoaren billa giñoiazan, urduri, gogotsu, lei andiz, legorraren ertza noiz ikusiko.

        Orraitiño, noiz edo noiz begizta genduan ur zabalaren alderdi bat. Alakoren baten bere, an genduan bai geure aurrean itsaso zabal edatsu bizia, Andre beti urduria, betiere ara-onaka; baten bare, bestean asarre, iñoiz loituta eta urrengoan garbi, orain itsusi ta geroago zoragarri azaldu oi yakin itsaso izugarria.

        Ta itsasoen artean, gure Kantauri mardo, ar, bizarro, lerden, sendoa. Bare bare egoan, urdin, lau, zelaitsu, ezetariko aizek ez uiolek naastauteke. Azala legun, bardiña, margo ta kolore bakar bategaz egiña. An urrunean, azkeneko zolan, ortzeaz munka ziarduan eta ezin zeintekean bakoitzaren mugarik nabari, zeru ederra ta itsaso zabala, maiteak bai lirean, bat-bat egiten ziralako.

        Apurren bat geiago ibiliaz, amestokia zirudian leku atsegingarria begien aurrean ikusteko aukera izan genduan. Ikuskizunaren zoragarria, aurkientzaren ederra!... Legor, itsaso ta zeruak egiten eben batasun-batzarraren sorgiña!

        Unadatxu batez, Urkitza gaiñean gelditu giñan, alde artatik etorririk, uria leengo aldiz begizta leitekean gain artan.

        Gure oiñetan, mendixka barrenean, ikuspegi egokian, uraren susmur amaibakoaren soiñuz gozatuta, irriparka antzean, baketsu egoan uri polita: gizabiotz bakoitzak kutunen oi dauan erria, sorterria, jaioterria.

        Aaztu eziña benetan. Argiak lenengoz agur egin euskun toki bakarra; gure asierako negarrak egin genituan lur zatia; sein-aroko zotin eta inkesak entzun zituan baztarra; leenbiziko irribarreak jaso zituan etxe ta zokondo aantzi eziñak; gure umetako oinkada, urratsak eta taka-takak eta mutil koskorretako gizonkeriak eta okerreriatxuak, gaztezaroko amesak egin genituan kale, portu, kaigane ta inguruetako zelai ta txoko kutunak, eta amaika bidar zapaldutako ondartza biguiñak... guztiak biotzaren zatiak bezela.

        Nork eztau maite norbere sorlekua? Nori ez zoliago taupadaka asi biotza, aspaldi ez-ta, norbere jaioterria barriro ikusi dagianean? Bai ederto gogartu zituala bakoitza bere kabiak dituan eder-uki ta zoragarritasunak, arako Elizanburu euskal-olerkari samurrak, bere bertso bigun eta eztitsu oneitan:

 

                «Nahiz ez den gaztelua

                maite dut nik sor-lekua,

                aiten aitek hautatua.

                Etxetik kanpo zait iduritzen

                nonbeit naizela galdua;

                nola han bai naiz sortua,

                han utziko dut mundua,

                galtzen ez ba dut zentzua».

 

        Itsasoari atxikia, urari ikutuka, noiznai soiña bustitzen diarduan zisne arro panpiñaren antzean agiri zan uri maitea, aintziñako aldietan kondaira edo historia ederren jabe dan Lekeitio, legorrez ta itsasoz, altsua «Terra marique potens...».

        Iru mendiskaren magalean eta uraren ezpaiñetan etzunda, txairo, lirain eta beti txeratsu egoan, ene txoko atsegiña. Lurraren ezetasunez inguratua: artotza, zelai, zugazti eta basoak. Bestetik, ondartza, garbi edatsuak, urrezko izarraz apainduak. Eta azkenez, itsasoaren esi aundia, bits eta apar zuriez jantzia beti bere. Eta goian, erregin buruntza iduri, ortzi edo zerualdeko uztai zorabiozkarriz ornidua.

        Gure ezpaiñetan ere irriparrea loratu zan, betartea argiz bete, eta barruan alako irrista edo zirrare ebilkigun alderen alde.

        Nork gogaitu unada luze-samar batez, nork asper-usaiñik zati baten izan, maite dan norbait edo kutun dan zerbait ainbeste urteren buruan ikusi ezta, barriro ondoan eta inguruan ikusirik?

        Amandre eguzkia ba goian polito polito bere amaganantz. Ordurarte batera ta bestera urduri ta geraka, bide-auzoko lora ta bedar ta lilietan auts-kiman ari ziran erle maratz langille urrezko gerrikodunak, beingoan aldegin eben. Bidetxigor ondoan leentxoago erreskadaka ikusitako txinurri ugariak bere, lurrak iruntsi bai lituan, aienatu eta begien aurretik joan ziran.

        Kilker eta txirritxirriak erdi isildurik zetzaten euren tutulu-ziloetan, ordurako nagituta nonbait, iru illabetez soiñu joten ekinda gero. Bakarren baten txirtxirra entzun genduan, orraitiño. Bidertzean, gaztaiñondo zaar batzuk egozan garbaz apaindurik, uztaren deitzaille.

        Urrunago gari solo ederra, ori ori eginda geienak, aize epelduaren indarpe aruntz-onuntz zanbulu gozo egiñaz, bizar artean galburu guriak erdi ezkutuka erakusten zituelarik. Lekuan lekuan, banakeria, urdamutur edo amapolak, odol barriaren irudi emonaz.

        Ezker aldean, goitian, leenago basurdeleku izaniko Otaio mendia, Izpazter elizateazko mugarri izugarria, sorbaldak eta bizkarra txapar artez eta piñuz beterik. Barrenerago, Gardata auzuneko basetxe zuriak, alai ta baketsu, urira eldu aurretik agur-egitera txeratsu bidera etorkiguzun uso urrumatsuen antzera.

        Eskumaldean, asago, Mendexa aldeko muiño ta tontorrak, Ziñoitz, Pagomendi, Talaiazaarra, bata bedarrez josia, urrengoa piñadiz eta azkenengoa eukalitu-ondoz ornidua, aize garbiaren zaintzalle bai-lirean.

        Eta sakonerago Lumentxa (Kalbario) mendiskaren oiñetan erri maiteko etxeak, aurresku luze pozgarrizko bat egiteko alkarri eskuak emonda bai-legozan.

        Bitartean, teillatu goietatik arin, mee, zee, ke biribilduak igoten eben, odei eze antzera, etxekandreen zeregin eta lorren ezaungarri isil baiña agiriak zirudiela. Afal-aurreko sutaldiaren erakusbide uka-eziña eta etxekoentzat lasterreko batzar-deiaren zantzu edo seiñale ona.

        Aruntzago, Karrazpio ondartzan uiñak edo olatuak beti lez jolasean ziarduen, beti artega ta egon-eziñez, ura gora naiz ura beera beti gelditzeke, etenbako dantzaketan. Orregaitik esan oi dabe angoak esakune au beste barririk eztaukenean: «Olatuak Karrazpion», beste lekuetan beti bat esan oi dabenaren antzera edo.

        Ondartza orren sartalderantz, izaro edo uarte naiko azia dogu, zut, lerden, tente, bulartsu, arrizko untzi gogor ondoratu eziña iduri. Ango piñu liraiñak bai ei dauke euren zer-kontaua, urrundik ekarriak diralako entzutea danez. Mediterraneoko Corcegatikoak ei dira, Hamiltoni izenekoak, oso aukerakoak seguru be, an baizen lur murritz eta azala besterik ez diran lurretarako.

        Legorraren muturretarik bat, Kurlutxu muiño luzangea, iñoiz ugartearen kide izana, gurbizaz beterik, ibaiaren bidegille azkenengotzat lez agiri zan.

        Uritxu onek daukan izena euki ezpaleu, Arrizu edo Arrieta izango eukean izen irona ta berebizikoa, inguru osoan latsuna edo karatxa ugari baiño ugariago dago-ta.

        Eguzkiaren azken agur-aldiko argi-izpien dirdaipean, izadiko gauzen kolore bereziak egoki ta alagalan ikusi zeintekezan, bakoitzaren ezaungarriak zeatz azalduten ebezelako.

        Axe zan bai ikusgaiaren bitxia! Begiasegarri, gogobetegarri. Benetan ere, ames antzeko egia.

        Orra, iraizean, gaingiroki, andi-mandi esan gure elebarriño onen gertatoki edo jazolekuaren ertzak eta mugak.

        Betiko Jaunak oparo ta erruki barik bildutako edergaidun kabi epel txairo ori, zerura-bide dogun bizitza labur ontan, egonleku onuratsu ta egite zindoen biltegi ta onbideen laba bero izan bekie angoei...

 

aurrekoa hurrengoa