www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV
ZERUETAKO GILTZARI

 

        Ezta edozelakoa izaten kai-aldeetan euren zaindariari dagokion eguna.

        Ta batez bere, baldin arrantzale jasankor ta bulartsuak dirua zirin zirin ba-darabille esku-artean. Dirua, ainbeste neke gogorren saritzakoa! Amaikak, arrantzale gaisoek baiño errezago irabazi oi daben dirua...!

        Portuko poza ta iskanbilla, ango zantzo ta uiuia, berbotsa ta kanta ariña, jana ta edana, barre zabal ta jantzagure zorangea. Gauzak berak dakarren ondorio jatorra.

        Orrelakoxe laket aldiak zuzpertu ta aizatzen ditu kaieko lagunak, zar ta gazte, atso naiz agure, lirain zein lodi, ankarin ala oiñastun.

        Goizean goizik, txistulariak lendabizi, musika-taldeak urrengo, soiñu pozgarriak entzun eragiñaz kalerik-kalerikakoetan, erri osoari alako pozantza ta jolas-giroa ezarten dautse, eta oetik zapartz egiteko edonor egoten da gertu.

        Musika zortzikoa, San Pedro-ren zortziko zolia; labur samarra baiña oillar kantua baizen eragin eta bizia dogu bere lenengo ereskaian; eta bigarren atalean, ostera, apalagoa, bigunagoa, ur arteko susmurraren antzeko.

        Eta soiñu orregaz aldizka, aspaldi danik bertakotzat lez dauken «Tolosako zortzikoa», jatorrikoa baiño beste ainbeste luzeagoa, benetan atsegiña au ere.

        Musikariok kalez-kalekoan «Kaigana» ingurura eltzean geldi-aldi egiten dakie, antxe, arrantzale-etxe aurrean, Zeruetako Giltzari gurenaren irudi aurrean soiñukera alai bat jotea norezekoa dabelako, oitura zaarrari dautsoelarik.

        Ta ordukoxe, eguzkia jagibarri baiño eztanekoxe, ikotika ta jauzika, irraka ta saltoka, barrez ta zantzoka dantzan egin bear izaten dabe urterotsu atan bere, emakume batzuek, eta kalean bertan gaiñera.

        Ordu artako dantzariak neskatillak baiño ere andrak izaten dakie, andra sasoikoak, berrogetamar-ta urtetik gorakoak, ipurdi zabal, sabelastun, bular gizendunak... baiña oiñez bizkorrak, soiñez azkarrak, gorputzez zalak, gogoz alaiak, tximista gorria!

        Gazte asko baizen ardatzagoak, neskatilla arpegi zuri askoren ondoan bestelakoak, madariena!! Makiñatxu bat bidar ikusi izan zan dantza alai orretako buru, arako Pillar Tinteria, defunta ederra!

        Argiz ta loraz apaindurik egon oi da ordurako antxen orma barruan dagon irudia, ta egun ortan xurbil, kolorga ta geiso-antzez agiri eztedin euren Buru dabena, ta bai ostera eurak baizen gorribaltz eta osasun, ondo kolore gorriz ipinten dautse arpegia urteoro. Kendu alde batera beluritasun ta maskal antzak, ta odol-margoa ta ardau kolorea agirian ipini...!

        Zintzo gogoz, baiña zaintsu ta sendo gorputzez ere. Orixe bai!

        Goizeko bederatzietan eliza nagusian meza bat izaten da aren altaran eta amarretan Nagusia, kanta ederrez ta itzaldi samurrez.

        Eguerdi aurrean beste jaikunik ezer ez baldin ba da arratsalderantz geituten dira egitadak, bata bestearen urrengo. Santuaren irudi astunagaz eleiz-ibillera luzea egiten dabe ta nasazarreko mutur bateraiño eldurik, oraingo kai zabalaren barruan, eta Deunak berak itsasoaren onespena egiteko aieru edo ziñua egingo bai-leuan, zanbulu andi bat eragiten dautse bere eroailleak, «kilinkada» ospatsua, emakumeen eztarrietatik oiu ta karraixiak urtenerazoten dituan zanbulu galanta.

        Oi diralako gertaerak jazo ziran egun aretan ere. Eliz-ibillera ondorean, erriko oitura zaarreko dantza entzutetsuaren aldi ta garaia eldu zan. Une ortan daki kaieko seme-alaben odol bero baiña baketsuak irakiten asten, pozaren indarpe, erromeri-usaiñean, nekeen aringarri, oiñazeen aztugarri.

        Nork ez daki «Kaixerrenka» deritxan jantza zaar onen barri?

        Nork ez dau gure eguneton paregabeko irrada bakan ta aintziñatiko onen izena entzun?

        Lekeitioko kaixerrenka zaarra! Bizkai osoan ezezik, Euskalerri guztian ere edonork daki oinketa au zelakoa dan, igaroko urteetan kaixa idor itzalgarri au, beste iñun eztakien dantza bedegar au, ara ta ona, batekotik bestekora erabili dabelako.

        Noiztikakoa ete dogu errekenta ori? Batek ba daki. Eztaigun aztu, ostera, arrantzaleen kofradia —anaidia— XIV-garren mendetikoa doguna, ta orduan ere baekien jantza orren barri, paper zaarretatik jakin leitenez.

        Ez zan makala izan Kaixaganeko ori ikusteko bildu zan lagun pilloa.

        Ango lagunaren laguna! Kofradia inguruko kaleak ez eben ibilpiderik iñorentzat; Kaigana jentez ganezka agiri zan, josita, jurjiduta: gizonezko ta andrazko, bata besteari bultzaka ta sakadaka, ta umeak ostikopean zapaldu bearrez...

        Txistu-tuntuna aurretik ebela atara eben kutxa jatorra lau gizon gaztek. Bear zanetan, batez ere dantzaldietan, beste lagun bik edo laurek lagunduten eutsen kaixea euren sorbaldetan jaso edo eusten.

        Kaixaganean zutunik, grezitar jainkoaizun baten irudi biziaren antzera, lerden, baltzeran, arro, zal agertu zan dantzaria, Arraintza-etxe-tzarretik urteieran.

        Oiñetakorik bage, kaltzerdiño zuriez; kaltzak eta alkondarea ere, edurra bezin zuri; jakea, baltza oso, ta orobat kapela tunturra. Eskuman banderatxu gorrilluna, urrezko giltzak zearka iruditurik. Eskerreko eskuan kapela edo ginbailla artu oi dau, jantzaldian burutsik jardun bear daualako.

        Lenengo dantzaketea, oiturari egokionez, Zeruko zaindariaren aurrean bertan egin eban. Txistulariak «Zer diñona»... zortziko ezaguna asi ta laster, jantzari gazteak lau aldeetara urreagorik urrengo, makurtuerak eta erreberentziak egin zituan gerria bigun eta malguki biurtuaz, eta buruaz ukur egiñaz.

        Jarraian, beingoan asi eban bere arloa. Iru atal dituen dantzaketea: zortziko, orripeko ta arin-ariña, 5/8, 3/4 eta 2/4 musika-neurriz, urrenik urren.

        Arek bai ebala oiñetan bizkortasuna! Aren beatzen, ta orpoen, ta orkatillen, ta bernen ta iztarren arintasuna, kaixazaarraren ganeko olari noizean bein berarizko dranga-dranga otsak ateraziaz.

        Ain leku estu medarrean eta beti ere lurrera jausteko, beeko arrigogorren ganera erortzeko arriskoaz; baiñan zelako anka-joko, oin-muturretako ta beatz-puntakoak egin, gero!...

        Batez ere, arin-ariñari ekiten eutsanean, ikusleen zantzo, uiuiu ta irrintziak kaleetan durundi zorrotz, luze, alai ta sarkorraz zabaldu ondorean, urrunago ere iges egiten eben.

        Ekanduaren esanera, urrengo beste saiaketa bi egin zituan, leku banatan, lenengoaren antzera egin ere; urteko diruzain ardurea uzten dauanaren eta artzen dauanaren etxe-aurreetan.

        Dantzariaren azkartasuna ainbatean zantzolarien jasa ere, gomutagarri yaku, andra ta neskatillen eztarri zoli ta bular indartsuen irrintzietara, ba, ikusle-entzule guztiak pozez eztitan jarri oi dira-ta.

        Andik gerotxoago, gazteen joera plazara izaten da, aurreskuak aurresku egiteko sasoia laster eltzen dalako. Gazteon ibillera ta jolasok ikusteko gurari andiz egoten da mundu guztia, Zumardian eta kai-inguruan.

        Illuntze artan bere, orrelantxe zan, urrengo orrietan ikusi daikegunez.

 

aurrekoa hurrengoa