www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXI
TXORIAK IGESI

 

        Elebarri onetako notin edo lagun gaillenen gorabeerak azalduten jardun bitartean, ezagun ditugun beste batzuen barririk eztogu adirazi. Ez ditugu, ostera, aazturik.

        Ez dau bizitzaldi onek beti arpegi berbera.

        Zerua, batean illun eta ekaitzean agertu arren, urrengoan argi eder zemaigabe ta adu-izpiz janzten daki. Ez dabe begiak oro bateratsu negar-aldi, negar-iturri izateko soillik egiñak ez diralako.

        Ezpaiñak bere, eztira aldioro muker ta zimel agertzen. Badakie irripar goxorik egiten. Norberentzat eta aldamenekoentzat.

        Arantzagabeko lorerik ez dan arren —zaarren itz zuurra baita— arantz artean lore usaingozo, likurtez bete, urrin zoragarrizkoak azi, marduldu ta atson eskeinka dagokiguzana, ezin uka.

        Onelantxe, Jon langille aspergaitzak, bere zoritxar-larre-sastraka artean, leen baiño bidexka eroso ta ibillerrezagoa egiten ziarduan.

        Beiñolako suak egiñiko kaltea zelanbait ainbestean ordaindu eutsen ezkero, bereala asi zan jausi ta ezereztutako olabea iragi ta jasoten; ta zurebateko tresna barriak erakarriaz, leengo arloari ekin.

        Etxea bere, erre yakon etxea bere, ez eban osoro galdu. Bai zera osoro galdu! Lau ormak, orma sendoak zut eta lerden eukazan euki.

        Ez zituan, egia esan, antolatutako ondasun osoak; baiñan leen ez eukan zerbait —norbait, ziurrago— ba eban orain. Biotz-lagun bat, eske ta galde ibillitako laguna antxen eukan bere alboan. Ez alegia, berak amestu eta naien izan eban neskatillea; bai aren kide zana, ain zuzen.

        Badakigu Jon-en maite-amesa aspaldi, Zuriñe izan zana; ames ta gurari ori, ostera, azkenez, Madalen-gan egiztau zan. Madalen zan, antza, zeruak Jon-entzat aukeratua eukan bizitzarako bidelaguna.

        Irakurle zurrak, Madalen, mutil onen atzetik ebillena, aintziña susmau eikean, Jontxuk baiño leen, arranotan.

        Baiñan, dana dala. Orain pozik egoan arotza bere zoriaz ta ez eukean ez, bere Madalen beste iñorgaitik aldatuko. Une larrian alkar sakonkiro ezagutu eben-ta, gauzak obatuaz yoiazan une onetan, gure gazteok euren izapen ta asmoak alkartzenago zituen.

 

* * *

 

        Zuriñek, Xirdo-ren izen ona beztua ta loitua zala eretxi eutsanean, onengan zituan uziak bertan beera mazkildu ta illagiñean bazterrera zituan, naigabez baiña damu aundiz, pena esan-eziñekoz.

        Arranegiko lora eder onek bere kolkoan egiten ziarduan maitetasun-abiatxua, saraski ta urratu egin eban zearo, tutarrez, arako Errekan urteniko irauna jakitean. Xirdo aaztu gura izan eban, aaztu. Ta orretarako, zazpi alegiñak egiten asia zan.

        Arako Jon-en biotz-eskabideak gogora yakozan. Eta baita amak bein baiño sarriagotan esaniko Kerman-enganako itz bigungarriak ere. Bata baiño bestea obeago ziran mutil galant bioen irudiak, buruan erabiltzan Txanton-en alabeak.

        Leen nai ez-ta, ardurazko ez eretxita, izan zituen senargaitzakoak, gero orren ezezgarriak ez yakozan begitanduten. Are geiago, begiko ere ba yakozan, jasekoago, ta gogokoago.

        Burutapen eta gogoeta oneitan jardun eban ganeko egunetan. Asmoren bat, burubideren bat?

        Artean, Xirdo ez zan, zorionetan, il. Ostera, ziñoenez, osasundutzenago ete zaneko barriak jaso ebezan errian. Ebakuntzatik ondo urten ei eban eta aren gorputzak, goraldi ezaguna egin.

        Ori zala-ta, errian zabaldu zan zurrumurru nardagarriaz jokabideak argitu bear zirala-ta; bere buruak iñogandik lotsaririk zertan artu ez ebela-ta, arrantzale begi urdiña errira baiño leen, erabagiren bat artu bear ebala sinistarazi eutsan Zuriñek bere buruari.

        Baiñan egunak joan, egunak etorri... udabarrian kabi epelean lenbizikoz idoro oi ditugun arrautzatxuak, gu urrengo aen billa joan orduko iges egiñak aurkituten ditugunez, beste txori gazteñoak ere, egazka ebiltzan.

        Zuriñek ames zituan txori narrugorriak ere, lumatu, jantzi, buru-argitu ta ega-bizkortuaz... egan joan ziran, Txanton-en alaba biozpera arek bere menpe artu baiño leen.

        Nor ete zan Bizkarrondo zaldunaren biotz barea, urduri ta pilpiratsu jarri ebana? Erritar neskatilla lirain bat ete zan, ala erbesteko andereño panpiñaren bat?

        Aspaldi zala bere amak —ama guztiak oi daben aurre-susmo zorrotzez— orren poliki azalduriko gertakizuna, egiazko itxuraz agertuko ete zan, eta esku-artean lez eukitako txoria, urruneko egutera joango ete zan bere kabi beroa, bere oatze guria egitera?

        Mundu onetan egiten ditugun egunak direan liluragarri, gero geienetan, eskein-liliak elkortu, zimeldu ta zitu bage deuseztuteko...!

        Goizeko eguantz alai, txori ta argitsua, sarri askotan egun goibel eta arrats euritsu aldatu oi dan antzera, geuri eder atsegarri iruditutako lendabiziko zantzu ta susmoak, uskor ta antzu ta arnalgabe itzuli oi dira.

        Zuriñe-ren gero-asmo-lore irukoitzak ere, bata bestearen ondorik geundu, urdindu, ximurtu ta idortu egin ziran.

        Egunak egun eta asteak aste kolkoari maitero iratsita euki eban irudia, miñaren miñez egia esan, baiña azkenerako ere, erautzi, urratu ta ezabatu egin eban. Xirdoganako eukan jita, iñortxuk susma ta igarri orduko, ezereztu ta puxkatuaz, bere barrutik errotik, tutarrez kendu uste eban.

        Arako Jon, aurtemein ezetsia, beste emakume baten maite-amarruak bide, aren sareetan jausita ta lotuta ekusan.

        Eta Kerman, itz laburreko mutil jatorra, bere menpe euki zeikela iñoiz uste izanikoa ere, iges yoiakon, iges, maite-arloari egokionez, begiak neskatxa eder batengana zitualako...

        Aita, geisorik; untzia... galduta; biotza... lagunez alargun.

        Izan ere, Zuriñe zintzoaren barrua oiñaze-osin mingots egiña egoan. Aintziñekoak, ibar oni, negarerri erizteko, ziorik naikoa ebela, uste eban gure neskatxa maitagarriak.

        Erriko jai ospatsuak ganean ziran, iraillaren lenengo egunetan oi diranak.

        Egun eder pozgarriak. Kanpora joateko zori gogorra izan ez dabenak, pozez itxaroten dituen urteroko jaiak. Erbestean dabiltzan erritarrak, euren zokondo maitera eltzeko orduaren begira jarten dituenak. Egun gogoangarriak betiere: «Sarantoliñak»!...

        Zelako gogaroa izan eukean Zuriñek jaietarako?...

 

aurrekoa hurrengoa