www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XV
LARROSATXOAK BOST ORRI DITU

 

        Egun artan, Sant Iago biaramona, auzoerri bateko erromeria izaten da. Ta Zuriñe ere, aita obeto egoala-ta, bere neska-adiskideekin eta beste mutil batzuekin batean goizaparia egiten joateko zan, eta nora? ta Izpazter urruntxu egoala eritzirik, etxera aisago ta lasterrago biurtu zedin, Elutzeta basetxe ondora joatea erabagi eben.

        Asmo egokia izan bere. Txantoneneko esneduna baserri artakoxea zan-ta.

        Bai pozgarria izan oi dala erriko neska-mutillak esnedunenera edota iñude-aiñanera joatea, ango gauza gozoak aoratuteko uzian: intxaurra dala, sagar eldua dala, arbolatik arako kerixak dirala, okaran, madari, urretx edo arto beroa, errebarria, labatik arakoa. Eta udako egun beroetan gogokoen izan oi dan gatzatu bigun dardaratia, ardi-esneaz egiñiko gatzatu zuria, azpil sabel-andi batean dantza-dantzari, goxokiz edo azukarez estaldua.

        Arrautza-talo edo tortilla guri-guriak izango zituen jaki, basetxeko ogi zuriaz batean, lukainka mamintsuz gorriturik. Eta ango sagardau garratz-samarra edari, eta ganetik naia gatzatu, jan-ala, bete arte, ok-eginda toton esan arte.

        Arantza, Irene, Madalen, Nere ta Zuriñe, alkarreri itxaron eta batuaz, bidean gora yoiazan seirak aldean. Mutillak aurretik ziran. Ikaran inguruan bat egitekotan. Olantxe izan ere. Guztiak talde bakarra egin ebenean, bideak betean yoiazan barriketa ta barrez.

        Kerman, Jon, Txuspiñ gaztea ta Seberi Totolo ziran mutillak. Azkenengo biok, arrantzuko gizonak, legorrean gertu ziran, eta alagalan etorri yaken arratsalde epel aretan lagunarteko goizaparia gogaro onez ta atsegintsu egiteko.

        Uriko lurren mugara ziranean, bidezabala utzi ta burdibidean barruna ziranekoxe, aen izketa ozena ta zaparradatsua sumaurik, basetxeko txakurrak zaunka ta zaunka asi ziran, lapur-saillen bat edo ijitano mordoa edota bertako eziiranak beintzat urreratuten etozala adirazi nairik.

        Baiñan soloan egozan nekazariak urrunetik ezagutu zituen nortzuk ziran, ta bai laster arin txakurrak lotu ta isilduerazo.

        Aspaldi baten ospatsua ta entzutsua zan gaztañedi ederrak ba-dirau iraun oindiño Elutzetan, gaztañondoak parra-parra igartu ta galdu diran arren.

        Aintziñako denporetan, oindiño zaarren batzuk esa leie ta orregaitik ezta ain sagokoa, basoko jan-edanak egiteko, orixe zan lekeitiarrak eben leku egoki ta gogokoena.

        Artean, etzan orduan gaur lez, ondartzetara joateko gar, zaletasun eta moda ori Englan-etik erakarria izan. orduan, Elutzetara joaten ekien jaunak eta nekazaleak, andikiak eta langilleak udako jai-egun beroetan, eguzkiaren igesi, angoxe gerizpeta gozoan, itsasaize urrunsamarrekoa itzalpean ozkirri artuaz, aro egokian arratsalde ederra emoteko ustez, janariak etxetik eroan eta edaria bertan eskatuaz.

        Bedarra erdi eze erdi igar, iratzak berde mamin, zugatzak ostroz ta orriz beterik, aizea eguzkitan bero ta gerizpean ozpera, bestelako leku apaiña aukeratu eben askari ori egiteko! Ta orrez ganera, guztiak gazteak izanik, orra gauza osoz atsegiña.

        Zelaian, bedartzan jesarri ziran, zabal lurrean, izadiak udarako gertau dituan bigungarrien ganean. Goienean, txinpartaz ziarduan eguzkiak gingabegian. Buruzgain, gaztaiñondo ta pagondoen ostoak aizegiten ari ziran.

        Askari-iskia, goizaparia, gogotsu garbitu eben. Samako zuloan beera errezto ta zirin-zirin yoiakioen sagardau urre kolorea, eta azkenean iñun ziran plater zabal eta sakonak ekarri eutsezan basetxetik, Elutzetako ardien esneaz egindako gatzatua guraiña jan egien. Ta baita iruntsi bere, ta moduetan ganera! Mutillak!...

        —Aunek emakumeok be, eztira makalak abantean —esan eban Txupsin-ek barreari eutsi eziñik—. Donostiako estropadetan eskasagorik izango da txanpan egiteko. Beti daukez erremuak —jateko koillarak, alegia— edo aoan edo platerean, bideak tximisteak baiño bizkorrago egiten dituezalarik!...

        Jan-edanaz bapo egin ondoren, kanta-kantari ekin eutsen, beti lez, basetxeko oilloak euren inguruan ogi-apur ta jaki-ondakiñ bila piko ta piko janguraz ebiltzan artean.

        Txuspiñ-ek kantua asi, ta beste guztiak batean jarraitu eutsen.

 

                «Mundekatik ekarri neban

                atso bat ostuta,

                leioan esegi neban

                uleak, uleak orraztuta...»

 

        Ta orretariko oiuzki ta kanta ariñak abestuaz, une gozoa emon eban taldeak, igarri be egin barik iru bat orduk iges egin eutselarik. Andik lokatuteko sasoia eldu yaken, ta damuz eldu be, ordu atsegiñak oi daben neurri labur ta latzez.

        Onetan egozala, Zuriñek adierazo eutsen garaitikoei:

        —Ai, ene lagun maiteok! Zuek joan siñeie orain erromeriara, baiña nik etxera berra dot, gure amak niri onaiño etorten uztea bere, naikoa egin dau-ta.

        —Ez zaitez orren goiz etxeratu, Zuriñe. Zatoz geugaz, erdu orain ta gerotxoago joango zara —zirautsan Irenek—. Ez gagizuz onen goiz laga.

        —Ezin baiña. Bestela amak,... emon emonak egingo daustaz.

        —Bai zera jo!

        —Ez be, zuek eztakizue gure ama nor dan...

        —Tira ba, orduan, bakarrik joan bearko dozu.

        —Ez bakarrik —esan eben Txuspiñ-ek eta Seberik biak batean. Geu be, aruntz goiaz, itsasoratea goizaldean izango dogu-ta.

        —Orrelan ba, urrengo zatozen arte! —zirautsen gonadunak gure arrantzaliei.

        Eta alkarri agurrak egiñaz, arrantzale biak eta Zuriñe errirantz abiau ziran beinbeiñean farolerako bidea artuaz. Garaitikoak, Gardata alderantz yoiazan, andik gero Izpazter, erromeri lekurantz egiteko.

        Bapatean, oinkada batzuk arrapaladan egiñaz, Zuriñe-ri dei egin eutsan urrunetik Jon-ek. Totolo ta Txuspiñ astiro astiro aurrera yoiazan, baiña neskatillea geldi lotu zan beste gaztearen deia entzunda.

        —Entzuidazu, Zuriñe.

        —Zer dakaztazu orain be, arnas-estuka?

        —Leentxuago zeuenean izan naiz.

        —Gurean? Zer ba? Ez al daustazu baketan itxi bear?

        —Ez, eztautzut baketan utziko, arik eta nai dodana lortu arte.

        —Bai, naikoa dozu. Zetan izan zara?

        Aurreraka yoiazanetik batek, Nerek uste dogu, didarka esan eutsen:

        —Zer darabiltzue zuek or isil-isilik? Ez ete dago, gero, zeozer zeuen artean?...

        Bizkor-ek irribarreka geitu eutsan Zuriñe-ri:

        —Ointxe esango dautzut. Badakizu Basotxu bidean egiten diardudan etxea laster amaituteko dagona. Etxe orretako bizileku bat, lenengo oiñekoa, edo beekoa, zeuen amari eskeiñi dautsat, zuen aitak gora ta beera ibili bearrik izan ez dagian.

        —Ai, zarbo galantori! Ba zabiltz zu, satorra lez, azpiak jaten. Alabea beingoan limurtu edo zuritu ez dozunean, amaganaiño jo dozu.

        —Nai dauanak, aal dau. Badakizu zer egin dodan? Geure erriko kanta zaarrak diñoana bururatu yat, ta beste bideak alperreko ba-dira be... Ona, entzun:

 

                «Larrosatxuak bost orri ditu,

                kabeliñeak amabi,

                gure umetxua gura dauanak

                eskatu bere amari...»

 

        —Guzurrak urteko dautzu! —irriz esan ondoren, iges egin eutsan Zuriñek an zain eukozan arrantzaliekana.

        —Emakume ezigaitza! —iñoan berekiko Jon-ek—. Baiña, tira. Gauza baten jakin guran ibili naiz estu egun oneitan, eta orain ba dakit. Eztaidan itxaropen-izpirik galdu. Aurrera, Jon, beti aurrera.

        Zer zan, ostera, ekian gauza barri ori?

        Egunik egun, iraganiko aste batzuetan, barruak jaten erabillen susmo zitala, beaztun mingotsez erreta jarten eban ezpaia. Kerman, Zuriñe-ren ondorik ete ebilleneko susmo ta peku garratza.

        Baiñan, ezetz zirudian. Agirian egoan Kerman Txantonen alabearen gura etzana. Bestelan, ez eban itxiko bertanbeera bakarrik Zuriñe, une aretan.

        Orixe jakin nai eban Jontxuk arratsalde aretan. Ba ekian Zuriñe etxera bearreko zana, baiña bera, Jon, isilik lotu zan Kerman-ek zer egiten eban ikusiarte. Eta Kerman erromeriara yoian beste neskatilla gazteekin batean.

        Orixe zan ba, arotzaren itxaropen-dirdai barria. Orixe Jon-en barrua zabal jarri eban albistea.

 

aurrekoa hurrengoa