www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIII
IÑESE-REN UZIAK ARGITARA

 

        Asitako arloan eguneroko ikastalditxua egin ostean, alde eban Kerman-ek Zuriñe-ren etxetik. Eguerdi aurretxua zan, eta Argi-iturri nagusia kiskalgarri, gingan egoan, udako egunik beroenak eldu ziralako.

        Eztakigu egunaren beroatsunak eraginda ala zer, baiña Iñese, Txanton-en emaztea, arpegiko koloreak gorrituta egoan sukaldean, lapikoari azkenengo emonaldia egiten. Onen senarra, gizaiso aundia, leioan egoan, urrunera so, itsas zabalari begiak eskeiñiaz, edota ondatzetan azal-aragiak baltzituten edota uretan igeri atsegiñetan ebiltzanei iraizean begira.

        Paper eta agiriak gordeten ziarduan Zuriñek, eta lan ori amaitu orduko ta gauzak euren lekuetan bear bezela jarri baiño leen, dei-egin eutsan amak, sutondora joateko aginduaz.

        Beingoan egin eban alabeak, amaren esana. Joan zan suetera ta an sartuaz batera, atea ertsiteko adirazo eutsan bere amak. Ikusiaz beste barik, artega ta geraka suma eban Iñese.

        Zerbait gauza astunen bat iragarriko ete eutsaneko gertakizunetan ebillela uste izan eban; bearba, Jon-egazkoagaitik asarre edo agiraka egingo ete eutsan.

        —Entzuidana, ene alaba orrek, arazo baten joan etorri ta azi-orrazia.

        —Zer, ama, nogazkoa ete da zer ori?

        —Eugazkoa don, ain zuzen.

        —Ezer txarto egin dot, ala?

        —Etxakiñat zelan esan. Txarto egin donalako ez, bapere egin eztonalako baiño.

        Arnasa apur bat artu eban neska gazteak. Mutillaren mandatua isilik eukalako, agian? Ez, ziñez, iñortxuk ez ekian ba, ori.

        —Tira, ba, esaidazu, jakinguraz naiagotzu-ta.

        Orduan, andra arek arteak artu zituala zirudian, eta astirotsuago ta gozoago jardunaz, arpegiko berotasuna zerbait ibitzenago ta ausitzenago yoiakon.

        —Ene alabatxu orrek, badakin ik, ire aitak eta biok ardura aundiz azi ta ezi aunagula. Eugaitik egin yonaguzan lan eta aalegiñak, eta eroan yonaguzan neke ta lorrak. Arrantzale-alaba ezerez bat baiño zeozer geiago izango aunagulakoan, mariñek neska soilla baiño maillatxuren bat gorago iñoiz ikusteko asmotan.

        —Badakit, ama, zure gurarion barri.

        —Biar edo etzi, etorkizunean, gu izan gaitunan baiño eratsuagoki bizi izan aitenala nai gaienduken. Ez uste, orraitiño, ire aita, ondo gizon zintzoa, eta ni, zoriontsu bizi izan ez gaitunanik, orixe ez. Gure Jaungoikoak orrela nai izanda, itsas-seme adoretsu orregaz ezkondu nintzonan, ta ez egiña ik uste izan, arrantzaleak gauza ustzat yonadazanik. Ni neu, ik ondo dakin, ez non itxastar-arteko izan jatorriz, baserrian jaioa baiño; ta gaztetxu nintzonala erri polit onetara etorri eta arrezkero emen azi, emengo oiturak neuregandu, emengo euskerea ikasi ta labur esateko, bertoko egin nintzonan.

        Neskatilla esanekoa, adi egokion.

        —Urteak joan, urteak etorri, ez bertoko bakarrik, baita arranegitar be, egin nintzonan bein ta betiko, eta nire bizitza osoa arrezkero ortxe daukagun neurribako itsaso urdin zabalari begira ta begira emon yonat, ortxe nire ardurak eta amesak, nire etxeko-jaun eta maitelagunak ortxe izan yonazalako bere lanak, ortxe bere irabaziak, ortxe bere arriskuak.

        Itz gordin samurrok esatean, negar-anpulu galantak eriozan begi bietatik Iñese-ri. Zotin batzuk bere egin zituan, eta gero, amantal-barrenagaz legortu, matarlan beera yoiakozan negar-tantak.

        —Ezer txarrik esan aal dau osagilleak? —galdetu eban neskatxak, isialdi arek biei ere barruan zarrada naigabezkoa egin eutsela oarturik, ta itz egin bitartean betiere isillaren izua uxatu oi dalako.

        —Ezton, Zuriñetxu, ari orretakoa orain zuri adierazi nairik naiarabilena. Ez yon gaur osagilleak ezer makurragorik iragarri. Umearoan ondo azi eta gaztezaroan obeti ezi aunagula esaten niñardunan nik. Baiñan urteak txirimara igarri ere egin barik joan oi dirala-ta, bakoitza bere sasoian, norbere biziera ta garaitiko gauzak ere erabagi eginbear ditunala, ondotxu dakiña ik. Ta auxe esateko gogoz naiengonan.

        —Zeu noiz ezkondu ziñan? Ori esateko?

        —Bai. Bein baiño sarriago irakatsi yentzunat; ni, ire urteak baiño aldiz aurretik ere, komentu barrura sartzeko gai ez nintzala igarririk naiengonan, ta amasei udabarrirako mutillik askori irri ta barre, itz eta txistegin bere bai, ta orrelako beste gaztekeri ta arinkeriak. Amazazpi urte beteagiñean, mutil txairo begi urdin batek, Tutuluneko seme zaarrenak orte kontseiupean isilmandatua egin, eta goizetik gabera, alkarri begira, bata besteari begiraka, aurrez aurre nun ikusiko, asi gintzonazan. Ganeko egunetan, alkarrentzako izango giñalakoan amesez beterik bizitzen asi baizen laster, beiñola itsasora joan, geisorik ekarri eta andik denpora asko barik eroan yonen or goiko Solo santu baketsura. Eta andik geroetara, Txanton ire aita laztanak esan yeustanan euk asmau eikeana, ta neure buruari galdegin eta ama neureari bere esana entzunaz, urtea joan baiño leen eleizaratu naiendunan, Antiguako Amaren oiñetan auzpazturik, Bikario zaarrarengandik ezkon-buztarria artuaz, bizitza osorako alkarren izateko.

        —Bai ederto be, ama, norberak maite dauan gizonagaz eta arek maitatua izanik.

        —Ondo esana, izan be. Ointxe arira jo bear yonagu. Gaztezaroko urterik gozoenak ik oraintxe ditun. Baiñan, bizimoduaz ire burubidea erabagiteko ordua geroago ta urrerago don. Ezkongei betiko ez izatekotan, lekaime-edo ez joatekotan, beti neska gelditzeko asmoak aurretiaz izan ezik, beranduegi barik aalegiñez, aukerako mutik jaseko batekin atondu bear euken. Ik euk, etxakiñat ba nik, oindiñokarren ezton iñoganako joera berezirik, ezton? Oso egoki izan oi don olakoetan, umeagan ezer zerik ez ikustean, gurasoak eurak bideak garbitu ta laguntxu egoki berebizikoa begiz jo, aukeratu ta erdi-eskuratutea.

        —Ama, nik sarri entzuna dot, ostera, gurasoak egiñiko ezkontzeak eztauala atze onik izaten.

        —Ai, ene alabea, bai sarri askotan norbere arinkeriz egiñiko amaikak baiño. Ez al dakin aurretiaz bizi izan diran urteetan, aitak eta amak, bizitzako gauzarik makiña bat ikusi ta ikasi oi yoezanala, ta bigarrenez jaioko ba-litzoaaz, zer orreik asko beste era batez ta aldaturik egiteko asmo ta gogoa izango laieunkeena? Eta bigarrenez jaiote ori, ezton besterik euren umeen joan-etorriak leen-ikusi ta alderdi onenez zuzendu nai izatea baiño; bigarren aldiko egitadak, zuurrago, egokiago ta onuratsuagoak izan daitezan.

        Eguerdiko amabien kanpaiak ots astunez iragarri eben egunaren gerrialdia. Amabiak, bota platerera begi biak... esaera zaarra.

        Kanpai nagosiaren durunda otsak, amabietan eta jai-aintzitiko illunabarretan izaten dira soillik. Edota zorigaiztoko eguenetan, etxeren bat su ta gar erreten dagoela-ta. Eta baita itsasoan laiño edo gurma sarratua dagon egunetan bere, deitzalle itun, ulun eta itzala izan oi da, utzi ta itsas-gizonei portura bidea ezagunarazoteko gogoz.

        Ama-alabak eten eben unetxu batez euren barriketa luzea. Aitaganaiño eldurik irurok egin eben arrena.

        Biak bakarrik gelditzean, etxekandreak ekin eutson:

        —Eta orain itaune bat egin bear yeutzunat: ik ez al don iñoiz iñogaz amesik egin? Edo mutil apaiñen baten irudia ez al yan kolkoan barru-barrura sartu? Ez al don beinbere iñorgaitik lorik galdu? Ez, ezta? Ba, orduan, erdu ona, esan. Zer deritxan geurera datorkigun mutil bana-banako Kerman-i? Ai, nik ire ogei urte oindiño bete bakoak ba-naieunkanaz!... Laster arin sare estua bota ta norbere gustokotxu bat bota-barrura egingo naieukana.

        —Kerman atsegin ete yatan?

        —Zer esan bakoa, ene alaba ori.Gazte jaseko bat ondoan gertauten danean; mutil eder galanta norbere alboan eukitekoe retia daukanak, zer besterik egiten yakiña, bere senean ba yagona ta emakume zentzuneza edo ganorabakoa ezpaldin ba-dona, ereti ortaz baliauta, egoki dagokiona lortzen alegindutea baiño?

        —Kerman jasekoa ta alagalakoa eztanik, ez neuke nik neuk esango. Ez yat niri ostera orrelakorik bururatu be egin.

        —Ai, alia. Oraingo neskak dauken gatza! Zeren begira ete yagonaz, sasoirik onenean bear diran tretza ta sare ta lakirioak gertau ta ipini barik! Gero, ezton neska zaarrik faltako...

        —Baiña, ama, senargaia norberak autetsi bear al dau?

        —Dana dala, zerbait egin beintzat, or ganora bage manatan egon barik. Mutillik onenak neska ziztriñen eskuetan jausi ditunala eta beste batzuk erbesteko emakumeen sareetan galdu, entzungo yonagu gero, ta orduan izango ditun izatekoak. Or konpon! Ai, Zuriñe, ik eztakiñ asko munduko barririk. Gaur egunean, begien aurrean ikusten yonagu, eztona egoki neskatillea papaua lez erdi lo egotea, iñor alboratuko ete yakon zai. Bestelako senar izango induken ik Kerman, eta i, aren emazte zabal. Nork yon arek lako aziera onik, ekandu zindorik, karrera ederrik ta jatorri oberrik bere, aberatsak eurak izan ezik?

        —Ezta txarto esana, ama.

        —Ene biotzeko aingeru ori! Amaika ameskeri irakurri ta ikasten yoenaz gaurko neskatxa biozperak, nobela edo elebarri diralakoetan. Eztaukana berakautakoa makala, mundua, zineetan agertzen diran irudikeri zoragarrietan lez dabilela sinistuten ba-don. Maitetasuna, zine ta teatroetan otsbaten ta zerugoitik agertzen don, iñoiz ikusi be ozta egin oi diran lagunen biotzetan. Bizitzanostera, emen benetan esan gura yonat, gure ingurukoengana izan oi yon joera gure biotzak; ingurukoren bat bere itu, xede, jomuga ta azken.

        —Zaarra da ori, ama, ezagutzen eztana maitatutea errez eztalako.

        Prakadunok eta gonadunok zenbat eta alkarren urreago egon, ainbat laztanago, maiteago, alkarrenago egiten gaitun. Nor yabilna iregandik urreen, nor daukana egunero eure ondo-ondoan...? Orra ba, argi esan, esanbear guztia. Ez al don eure amaren esanik egingo? Bai damutuko ere!...

 

aurrekoa hurrengoa