www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVI
BIDABURUAN

 

        Txanton eta Iñese senar-emazteak Jontxu-ren agerraldia izan ondorean, alkarregaz autuan ekin eutsen,a rek eskiñiriko etxebizitzea zala-ta-etzala.

        Jaio zanik aurrera beti, moillaganean bizi izan zan ontziburu azkarrak, eskeintzea entzun ebanean edo entzun barrian, alako larritasuntxua susmau eban barruan. Itsas-egiko bizitokitik legorrerago, lurrarterago, portutik asago joango zaneko damua.

        Bere denporan itsas-urrumarak entzuten oitua egoalako, otoz-otozko barri orregaz, zerbaiten utsunea izango eukelako bildurrak joa zirudian. Begien aurrean, urdiñaren ordez zelai ta soloen kolore berde-nabarra ikusten, ekanduko ete zan Kantauriko ume bulartsua?

        Osasuna zan, ordea, aldaketa barri orren zio. osasuna, galdu-agiñean ikusi arte, bere izakera baliozkoan aintzat artzen eztoguna.

        —Antzoriz (Santa Kataliña)ko bide zabalaren asieran, Basotxua deritxon tokia baiño leen, an bizi-bearra baiño ezpa-litz, gaitz erdi litzake —zirautsan geroago bere buruari lemazaiñak. Zerik samiñena, itsasorako egundo geiago ez naizela gauza izango jakitea, orixe dot.

        Eta ekin eta ekin, berbazko matasa nastea biribildu arte, bakoitzaren iritzi ta aburuak eio ondoren, ontzat artu eben senar-emazteak, Jon-ek azalduriko asmo ta eskeintzea.

        Opari ori zala bide, egundoko mutil egoki ta berebizikotzat jo eban arotza Txanton-ek, eta aren gorapen ta elesarietan ziarduan.

        —Ta mutillari gogoratu, edo bururatu obeto esan, niri egoki ta mesedegarri yatana! —esaten eban bein ta barriro Txanton-ek. Oindiño olakorik! Baiña aspaldion daukat nik, ori, gizon jaseko izango danekoa. Argia iñor ba-da, azkarra, ta beargiña, zelakoa gero! Etxe zaarraz barria egin, leen bizitza bakarreko zana, orain irukoa jaso ta iragi, ta alboan bertan, egurrak eta anporrak zur ta ol biurtzeko serra ederrak bi, ipini ei ditu!...

        —Bai, olantxe esan dau.

        —Lenengo urtenaldian, al ba dot, araxeraiño egin nai neuke ibiltalditxua, neure kabi barri izango dana, aalik lasterren ezagutu dagidan. Eta an, negu aldian, egon bere eguzki begitan dago-ta, bestelako leku epela egongo da, eguzkiak Otoio-ostean kuku egin arte. Eta moillara joan gura dodanean, andik txirimara Kolmenares-kalean beera, aldatz biguntxutik, ez naiz orren txarto be ibiliko. Itsasora amaika joan-etorri egin izan dogu baiña... zelan izango da ba! Oba izango dot, ausaz, legorrean tirabira egin, lur gogorrean itxulaztu, eta ez an, itsas frankuan, aztarrenik be, utzi barik, bear bada... Ainbeste arriskuren ondoren, nork daki nire azkenengo egunak ementxe zaartzaro baketsuan...

        Bere senarraren alboan aulkian jesarrita, mies-erropa zuriak atonduten ta adabakiak ipinten ziarduan Iñesek.

        Betiko egonarri ta patxarazko esakeraz mintzatzen zan Txanton. Lengoa zan bai, ortan; aren biotz zintzo ta gogo zindoak lengoak ziran; baiña makaleriak zantzu ta seiñale zitalak ezarten ditu gizonaren soin, kemen ta izakeran. Orrelan ba, gurari barri orrek, aringarri bezela, gozatu eroian aren egoera itun eta larria.

        Bapatean beste zerbait otu yakon arrantzaleari. Seme-miñak jo eban Txanton-en barrua. Ta semearen galdez lez asi yakon emazteari. Beiñola, jaiobarri zalarik, il egin yakon semetxu bat. Ta orain ez eukan semerik, dakigun alabeaz gaiñera.

        Orraitiño... semetzakoa izateko bidean egoan, alaba ederrarentzat senar egoki ta jaseko bat billatuaz. Ta nor seme oberik etxera etorkion Jon gaztea baiño? Etxe-eske etorkiona ez; etxe-eskeinka etorria zana, baizik. Benetan be, mutil axe izango litzakion baiño suin alakoagorik, seme antzeko xaloagorik! Zelan ez ete eban leenago olako buruerarik izan?

        Bere alaba maitea ez eukan ez, edonori emoteko. Mutillak, ordea, ez eukan utsik ez akatsik ez estakururik.

        Txanton-en asmo osoak ez yakazan bere emazteari gogo beteko, arek begiztatua eukan mutilla, Jon barik Kerman zalako. Isilik egoan, ostera, auzizalea ezalako. Ezetz eta baietz, goragoraka asi ordez, bide bigun maltzur eta isilekua artzen ekiana zan. Ekiña zan, ori bai, bere burubidea izentau ezkero. Leentxoago gerotxoago, bere arilleratzen ekizan ari-albañuak, bere pilloratzen egurrak. Isilka misilka, ezarian, billa ebillenaren aztarrenari jarraitu ta guraria lortu arte, bere uzia jadetsi arteraiño, ez eban nagikeririk erakutsiko ez etsipenik agertuko, katua saguaren atzean ala txoriren baten ondorik astiro, makur, zapal, lurrari deutsola joan oi dan bezela.

        Orregaitik, Kerman alabearen irakasletzat etxeratu ebanean bere, ez eban belarririk agertu lenengotan, eta arrezkero Zuriñe-ri zerbait adirazi eutsan arren, gaur bere, senarrak ez ekian ezer olakorik.

        Ori dala-ta, Txanton-eri bururatu yakon lenengo suin-geia Jon izan zan, eskeintzeagaitik esker ona agertzeko, agian.

        Afalduten ziarduelarik eldu zan Zuriñe, egin-barri eben goizapari atsegiñaren gora andiak egiñaz eta beste kontu ta gertaerak azalduaz. Aita eta ama adi egokiozan, alabearen jita edo isuria zein mutillengan eta zan jakin nairik, bakoitzak bere santuari argi egin guraz egozan-ta.

        Neskatillearen itzetatik, ostera, ezin esan gauza garbirik, mutil guztiak bardiñean aipatzen zitualako.

        —Entzuizu, Zuri —jalki eutsan aitak— ez al dautzu ezer iragarri Jon-ek etxe barriaz?

        —Bai, emen egon dala eskeintzen, esan daust bakarrik.

        Orduan aitak, mutillaren goralpenak egin eutsazan alabeari, leen emazteari egiñak barriztauaz. Alabeak, baiña, aitak baiño geiago ekianez, Txanton-en zintzotasuna ta on-gurea ezagutuaz, Jon-ek leenago berari egiñiko isil-mandatua iragarri eutsan. Aitarentzat, ezti gozo ziran itz orreik; amarentzat, barriz, lor ta naigabe.

        Ta bakoitzaren asmoak asmo ta gurariak gurari, egun gitxiren buruan aitak batetik eta amak bestetik, bide biren erdian jarri eben Zuriñeren gogoa ta naimena. Bidaburuan ikusten eban bere burua, nundik joko ez ekialarik.

        Zein bide bereixiko ete eban? Nor aukeratuko? Amari jaramon egin? Ala, aitaren gogoari amor-egin, Jon-ek aurretiaz egindako eskabideari baietzaren usaiña iratziaz?

        Edozelan ere, bien amesa beteterik ez egoan. Bata artu, bestea uka; ortxe egoan untze, matasa ta atsekabea.

        Baiñan irugarren oztopoa, eta larriena eban Zuriñek. Bata naiz bestea adiskide izanik, beste geiagoko ezer ez ziran beretzat. Ez yakozan, benetan bere, osoro errotuten bere kolko-barruan. Batak, maite-autorpena egin arren, ezeukan berak nai eukean ariurri edo izakerarik; ez ekian zergatik, baiñan orrela zan. Eta Kerman-en asmoak, Iñeseren uziak gorabeera, ez ziran errez jakitekoak, antza.

        Argitasun bat nai eban, bere etorkizunari buruz, nundik edo andik alako ezaugarri berarizkoren bat.

        Eta bere buruaz ekin-ekiñean ziarduala, atetako atean aldaba-ots galantak entzunerazo zituen.

        Bitartean, gautu eban osoro, eta eskillara-burura urtenaz, dei egin eban gure neskatxak:

        —Nor da?

        —«Otoiope» portura dala —erantzun eutsen didar zoliz, kaletik.

        Soiñeko erropa onak ariñak-arin erantzi, maizago batzuk jantzi ta bizkor bai bizkor joan zan kaiganera Txanton-en alabea.

        Atun-pillo polita ekarren untziak. Orregaitik, pozez etozan barruko gizonak, eta berealakoan asi ziran masaganera egaluze lodi biribil baltz-zidarrezkoak jaurti ta jaurti.

        Andrazko mordo batek eta arrantzale batzuk atunok otzaretaratu eta ibillera azkarrez eroaten zituen pisuetara, zenbat ekarri eban beingoan jakine ta gero saltzekoan, euren diru-mukuruaren neurriaz edo sariaz jabetuteko.

        Egundoko arrera ona egin eutsen untzikoak euren arduradun eben neskatilla liraiñari. Batez bere, Zingulin-ek. Untzitik legorreratu kaiskada batean, ta Zuriñe-ren albotxuraño elduaz, isilmisil esan eutsan belarri-ertzera:

        —Entzuiña: Gorantziak uekana emoteko euri, agindu yeustanan atzo bertan Xirdok, eta eztakiñala asko euganako gomutea zelakoa yonan berak...!

        Itzok entzutean, kerixa eldua baiño gorriago egin yakazan arpegiko koloreak Zuriñe-ri; gaba zanez, ostera, ez eukeon iñork igarterik edo susmaterik izan.

        Leentxoago, arratsaldean Elutzetako jan-edanean izan zituen irri ta barre alaitsuetan,z erbaiten utsunea ete eban uste izanikoa genduan gure neskatoa, baiñan ez ekian une artan utsune ori zerk sortu edo zerk egiña zitekean.

        Barri gogoko ori beraganatzean, ostera; gazte urrunduaren urrunetiko goraintziak artzean, alako zarrada bigun bat senti eban; alako arnas-aldi bereizi bat barruan; alako ames-laiño-kutsuak igurtzi ebala bere burua uste izan eban...

        Bide biren bidaburuan egoan ordutxo bete leenago; aurrez-aur eukozan mutil gazte bi, bietarik bata ere, atsegin osoko ez izan arren.

        Eta orain...

        Bidaburu orrek irugarren zidor bat agertu eban. Ez eskuma ta ez ezker, erdiko bide argi bat, eguzki gozoak izpiztatua: biotzarena.

        Eta nork ekian irugarren bide urdin ori, iruren —aita, ama, alaba— gogoko izango ete zanentz?...

        —Ai, olakoren bat Antiguako Amak, —zinkurin egin eben Zuriñeren ezpaiñak...

 

aurrekoa hurrengoa