www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI
MAITEMIÑEZ

 

        Oi danez, gure neska-mutil sail ederra, dantzaketa ostean, gozotegira joan zan; egindako lanaren ordaingarritzat eta emakumeai zor yaken begiramenezko opariski lez, edari bigunak eta janari gozozkoak eskeiñiaz.

        Opiltxuneko dendara sartu ziran, eta mai askotan banandurik, barriketa alai eta esangarrietan ekin eutsen. Baita kanta samur asko ere, abestu ta oiuztau zituen, euren artean ain atsegiña dan olerkari errikidearena, eta oraingo gazteak jakin ere eztakiena, zorigaitzez:

 

                «Aro ona dago, kairantz goazan,

                kanpoan dabil iparra,

                gaurkoa da bai itsasaldia,

                eztago taiua txarra.

                Otzaratxu bat, otzaratxu bi,

                arraiña dator portura beti,

                besigu, lebatz, sardiña ta atun,

                eta beste asko ganeti.

 

                Palu, erremu, bela ta kordel,

                mazia ta ura bere bai,

                sartu daiguzan txalupan laster

                itxaron barik gizonai.

                Otzaratxu bat...

 

                Arrantzaleak barua ausita

                kanpora doaz zintzorik,

                betoz guztiak osasunagaz

                eta iñor bere ez gaisorik.

                Otzaratxu bat...

 

                Errira datoz iparraldetik

                belak betean ontziak,

                ondo dirudi egun argitan

                belan dabillen ontziak.

                Otzaratxu bat...

 

                Berrogei arratz besigu dakaz

                txalupa andiak egiñak,

                ogetamar bat txikerrak eta

                larogei lebatz potiñak.

                Otzaratxu bat...

 

                Erbaixeruak or goian dagoz

                arraiña iminten narretan;

                garbitu arin, lagundu daigun

                asto ta mando zametan.

                Otzaratxu bat...

 

        Bitartean, astiak txiri-txara iges egin eban, atsegiñez dagozenai oi dautsenez; eta eguzkia Otoioren atzean ostendu eta itsasoan murgildu zala, aspaldi zan. Aren ordez, gau estalki baltzezkoa asi zan uriko kaleak beteten, eta etxeetako argi-izpiñoak keiñukadak egiten.

        Jan-edana amaituta, gozozko sorgin-apariari azkena emonda, guztiak alkarri agur egiñaz kalera ziran, eta bakoitza bere lekuetarantz abiau neska-laguntzen, arean bere, aurreskuari dagokionez, mutil bakoitzak gonadun berea ebalako.

        Arteetan, plazako soinuketea ere burutu zan, eta lagunak lagun kaleak betean yioazan euren etxeetarantz, batzuk goialderantz, beerantz enparaukoak, eta abar.

        Bidezko zanez, Zingulin-ek laster beregandu eban Mariñe Besolodi, bere saieski kutuna, eta an yoiazan Berdara kalean gora. Pozik yoian Xirdo bere, Arantza beltzerana alboko ebala.

        Izarrak dirdizka ziarduen ozkarbi zabalean, gogoari ziri egiten dautsan isillezko aotsez, biotzari indar eragiten dautsan izbageko aginduz. Iparraize eme batek surrumurru egian zumardiko zugatz-ostoetan.

        Lagun bi yoiazan nasan zear, eta erdi-illuntasun artan, ezin zeitekean nortzuk ziran ezagutu.

        Arranegiko zabalaren barrenera eldu ziranean, kantoian gora egin eben, eta gero, eskumaldera. Zaldundegi-etxearen aurrez aurre gelditu ziran, iturriaren ondoan. Ango argi its, motel eta zurbillak indar andirik ez eukan-ta, ez zan errez arpegiak ikustea. Ordurako zeatz illundu eban.

        Autu luzeren batean ziarduen, antza.

        —... eta oraintxe baiño ereti oberik...

        —Esangura dozun ori, esan ziñeist —jardetsi eutsan emakumeak.

        —Bada, zera... asarre-bide ezpalitz...

        —Ez, gauza txarra ez baldin ba-da.

        —Gauza txarrik zelan esan neizu nik zuri... maite zaitudala esango ba neutzu?

        —Ori da guzti ori?

        —Guztia da, ba? Ala, nire esan au uste al dozu egoki-eza dala?

        —Ez olakorik, baiña uste-uste bagako zera azaldu daustazu-ta...

        Emakumeak, orra ba! onelako gertaeretan beti jokatzen dabe era bardiñez. Gizonezkoaren maitetasun-agerkundea, usterik bako azalpena izan oi da eurentzat, eta arritu ta konkortu antzean lotzen dira, euren inguruan —argiarenean inguma ta tximirritak bezela— jira ta bira egoak erre bearrean, gizonezkoren bat aspaldi ikusi ta ikusita gero, noiz entzungo dagozana entzuten dabenean.

        —Bada, leen ezpazekian ere orain dakizun-ezkero, zer diñostazun entzun nai neuke.

        —Zer esan? Zer esatea nai dozu ba? Erabatera eta itsumustuan erantzunik ezin emon neizuna, jakin bear zenduke.

        —Orrezkero, belu eldu nazanentz adiraziko?

        —Niri esana, beste zenbat geiagori ere ez ete dautsazu esan?

        —Baiña ez bene-benetan, zuri orain azaldu dautzudan lez.

        —Tira ba, orrelan izan dedilla... baiña, noian etxera berandu dalako, kaleak guztiak ere utsik dagoz-ta.

        —Orduan biar gabaz.

        —Biarko barri Jaungoikoak daki. Gabon, eta ondo lo egin! —ots baten esanaz, arin-aringa joan zan neskatillea euren atetarantz. Ertzedegian egoan atea, apurtxu bat zabaldu eban eta an sartu zan beingo baten.

        Mutillak Arranegi-kalean zear gorantz egin eban, eta kalertzeko argipetik joakeran, burutsik yoian gazte bat ezagutu genduan.

        Jontxu zan.

        Kaleetan ez ebillen ez, lagun andirik. Baiña andik geroetara bere, gabontz, mozolo ta saguzar banakaren batzuk ba ebiltzan ibili; egorik bageak, jakiña ba.

        Urrun-samarretik etorren berbaotsa, itz zaparradea, gero ta urreago, gero ta ozenago, eta noizean beingo barren algara gangarrak, Ezpeleta kalean atso bateri leiora urten eragin eutsen eta itzaldi pipertsu au eraso:

        —Zer dakarre eurok, kankailluok alakuok! Nortzuk, eta betikoak! Itsasoko urak guztiak ez aal yakez noiz edo noiz ardau biurtuko, alakoren baten naia edanaz asetu eta ito daitezan. Bestelako bakea izango genduke auzuotan. Lotsagalduko, mozkor, ordi, barrua zaragiak berak baiño bere baltzago daukazuenok! Lotsatu be, etzarie egiten-ta, lotsatu be! Zantarreriari emonda zearo, partilla usaiñik ba-da! Lanbasok alakuok! Eztautzue beingoan diruak sakelik erreko! Zoiaze ondarrera, edo Tala-ra, edo kabuko tanborrera!...

        Itzaldi luze, zorrotz eta garratzori arnasa baten esanda gero, draska! ertsi eban leio-atetxua andra zimelak.

        Baetozan —atsoaren esanak gorabeera—, baetozan oillo-oilloka, alkarren jarraian, alkondarak kanpoan zituela, batak besteari oratuta erreskadan, banan banan, iru morrosko, aize ta eguzkiz baltzituriko arpegi ta kokotondo mardodunak, Ezpeleta kalean zear, isil-samar abestuaz:

 

                «Jarrai, jarrai, jarrai,

                geure aldra ederrari,

                etxaramon egin

                atsoen esanari...»

 

        Euren Zaindariaren aurrera, San Pedropera eldu ziranean, euretariko batek —Mordoillo, Karel eta Gorosti ziran iru «erregeok»—, agindu eutsen beste biei:

        —Txo, ementxe egin bear yeutsaguk gure patroi nagusiari agurra. Ortxe yagok egon, geuri begira egon bere, geu lez arrantzale utsa izanda, zeruetako kaporal egin zana. Gora geu, ta geutarrak! Aixaixorri! Ardor— motxorruak kaiganean! Goiazan Maria Txatxarrenera, erriko bandan!...

        Doi-doi lortu eben ardandegi artan sartzea, ateak ertsiteko orduantxe egozan-ta. Baiña andik laster atara zituen, eta Arranegiko zabalerantz egin eben.

        Karel-ek ez ekian nun ebillen bere, ez legorrean oiñez, ala ontzibarruan ala ur-azalean uin-artean.

        —Nun bizi aiz, Karel? Ementxe, eztok?

        —Asko yakiat nik ba! —erantzun eban Karel-ek, arrauzi andi bat egiñaz. Ta orren urrengo barre-karkaixa zoroa.

        —A zelako zirri mamiña egin dautsadan Timutitxuri!...

        —Isilik egon adi, zantar iperdi, tentelduta ago-ta!

        —Zaldunkalean gaiagozak, eta doiala kantalbarrenean gora etxeraiño bera bakarrik —esan eutsan bigarrenak irugarrenari, guztiak alkarrengandik aldenduaz eta banatuaz.

        Egunak txirrist egin ebaneko, elizarantz yoiazan andratxu goiztarrak an idoro eben lurrean luze, zan giñoan, Karel gurea, barruna eban zaztarraren besoetan lo.

        Izan bere, ardautzan kareleraiño sartu zan-ta...

 

aurrekoa hurrengoa