www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Arranegi
Eusebio Erkiaga
1958

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Arranegi, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1958.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVII
ERREKAKO ESAMESAK

(Vox populi)

 

        Ba dau gure erriak lenengo ikasketen maillaz goitiko beste ikastetxe nagusiago bat.

        Bertan iragan mende erdian ikasi izan dabe ainbat eta ainbat erriko semek eta baita inguruetako uri ta errixketako mutil gazte askok ere. Ori esanaz, Itsasketa eta Nautikako eskola adirazi nai dogu. Itsas andiean ibilteko bear diran jakingaiak ikasteko etxe bedegarra.

        Orraitio, beste ikaste-leku berezi-bereziak ere, oindiño ba dirala autortu bear, dana dan lez argi esateko.

        Ikasteleku, edo beintzat, jakite-lekuak bai, naizta jakintza ori erdipurdikoa izan. Zeintzuk ete? Nun ete dira toki ospatsu biok, irakaste-aulki goren biok? Ointxe azaldu bearko, uriko albista ta barri-zabalkunde-gela ta lagunak ta euren lanbide-kera ta iturriak, jakite-iturriak. Zabalkunde aldi ontan, propaganda dalako oraingo gar eta ekinbearren sorpuru, bear ba da, esango ditugun lekuak izango ziran.

        Tokiz txikiak, lurrez mendarrak, goi-bez motzak; baiñan «Unibersidade» bi, emonpidez, erionez, zabalgarriz ugari ta akitu eziñak. Teologia izan ezik, beste eledergai guztiak agertu, aztertu, ikertu eta azaldu ta adirazi oi dira euren lau orma barruan.

        Ba dira errian xauleku edo garbiketak egiteko etxe koxkor bi. Aintziña, garbiketak errekan edo ibaian edo iturrian egitenziranez, etxetxu oneiri Erreka izena gelditu yeke. Bi dira izan: bata Arranegiko errekea ta Ateko errekea bestea, aundi-maundi betiere erria zati edo alderdi bitan banatzen dalako.

        Soiñeko ta oeko meisa-erropak garbituteko lekuak, jatorriz, baiñan denporen aldakuntzaz, baita emakumeak batzeko batzarleku ospatsuak bere.

        Etxe txikiak dira, izan. Biak bardiñak, alderdi bakoitzetik amabi-amalauna metro luze, —luze ta zabal, jakiña, kuadrauak edo diralako— aurrean ate bakar bana dituela. leio estu luzangak ere ba ditue, baña geienbat gogorturik, lo egiten dira, ertsita.

        Ate ta leio inguruak arlanduzko, politak izan dira etxetxuok.

        Barruan, erdi-erdian ur aska andia, beti urez betea, soiñekoak, eunak, mantak, miesa-erropa zuriak txaboiaz edo kuztoreaz garbitu ta joteko. Jote au egiteko, uraren inguru osoan, lau alderdietan bardin bardiñik, arri laban egokiak ditue, —aska-saietsok polito polito izanik aldapatxu edo pikea— joteko oso aukerara jarriak.

        Uraska aundi orren neurrian, goi estalki bage dago, goibakoa da, eta garaitikoan, inguru osoan tellatua dauanez, utsune ortaz zerua agiri da beraren giñoan.

        Lau ormei deutsela, atxikiak, barrukaldetik, beste aska txiki ugari dago, arrizkoak oneik bere, batez be, azkenengo lana egiteko. Aska bakoitzak bere iturria dau, eta emen egiten dabe azkenengo lana, ur garbi-garbia erionez ipinita, eun eta miesak iturriaren txorropean ezarrita, argitu edo aklarau, gero etxeko leioan edo balkoian edo inguruko ormaren batean untze ta kordel batzuetan zintzilik edota sasi-gainetan edo lurrean zabal ipinteko, lenbailen legortu daitezan.

        Dana dala, emakumeak lan egiteko aterpea dabe, bai aska nagusiaren inguruan ta bai bazterreko asketan. An ezta euririk sartzen... aterri eztagonean ere.

        Lanaldia edo... ikastaldia, egunero izaten da leku bi orreitan. Uda ta negu, oporrik gabe; bai goizean ta bai arratsaldean.

        Baiñan goizetakoak, alako gazmin ta gazigeza bereizia izaten dakie, izparringi ta egunkariak izaten daben lez. Goizekoak beti jakin-miñago, opagarriago.

        «Eskola» nagusi ontara, beste antzekoetara bezela, era askotako ikasleak dabe jokera. Gazteak batzuk, beste batzuk areago, asi barriak, isil-samar egoten dakienak, entzule edo «oyente» diralakoak, noski. Eta batez bere, ikasleme gazteen arduradun, begirale ta irakasletzako lez —ikasle ta irakasle, guztiak emeak dirala esan dogula uste dogu— emakume aspaldi garatuak, andra egiñak, eta urteen bide latzetan zear ibiltaun oituak diranak. Eta naiz-ta adiñez zarko-marko ez izan, errekara edo ikuztetxera edo... Irakastetxera, «Uni» ortara alegia, joanen joanaz, irakasle soil ezezik goi-mailla jagira ere eldu diranak. Erabat esan, oneixek ditugu emengo egiazko ta benetako «Doctor honoris causa» izendunak, maisuandra jator biurtu diranak.

        «Doktor-eme» onein artean ba egozan bi, entzute aundikoak biak, ta irakurlearen ezagunak. Ate-aldeko errekea alde batera utziaz, gaurko jarduna, Arranegiko errekeaz izango dogu.

        Arranegiko erreka ortan, bada, kukurruku zoliak egiten ekezan dotoreme biak, beste askoren artean Timuti Belarri eta Mikela Begi ziran. Erriko eguneroko zeregiña ondo baiñ obeto beteten ekienak.

        Ez ziran katedratiku bakarrik, baita korresponsalak ere.

        Uri osoko, ta inguruko, albista ta barri ta esamesen BEGI ta BELARRI ziran arren, kaialdeko arloetan batez bere, Arranegiko sailletan ain zuzen, «espezialistak» ziran. Begi-belarrien usmaketa lanak beti betiro alkarrekiko, —konbinazioka— egin ondorean, euren MINGAIÑAK emon ta iragarri oi eban azalpen zeatz, biribil eta osoena. Alegia, oraingoek «sintesis» izenez iruntsiten dabena.

        Eskolapetik asi ta Talaraiño etzan izango arazo, gorabeera, albista edo jazoerarik euren erakarkiñak edo jasogailuak suma, oratu ta beragandu ez ebanik. Errialde orretako bizi-zirkiñak euren esku ta ardurape egozan, kontrolpean nunbait ere.

        Ta sarri askotan, ez egitadak bakarrik, baita lagun askoren asmo, burutasun, gogoeta ta biozkadak ere, aurretiaz igarri ta susmauten ekien emakume biok, euren esanak siñestu ezkero beintzat.

        Goiz artan bere, Beeko edo Arranegiko errekea lagunez beterik egoan. Udako legortez ura urri-samar ebillela-ta, ez eben egun oso osoan urik emoten, aurretiaz izentauriko ordu batzuetan baiño.

        Ori zala-ta, andra ta neska, ezkondu ta ezkongei ta alrgun, bakoitzaren aldia noiz zan zeitekan ez jakiñik, lagunik ugari ta ura eskas izanik, zer gerta ere, taldeka ta erruz yoiazan. Barrua bete samar egin zan arren, oindiño tamalez egozan beste asko kanpoan, sartu eziñik.

        Mikela ta Timuti bere, goiz aretan goiztarrenak ez izan-ta, luze eretxian egozan barruratzeko beta noiz izango.

        Alakoren baten, sartu ziran ba. Baiña ez barrura orduko, batzu-batzukin asarrezko berba batzuk izan barik.

        Barrura ziraneko, errekako atea iragan ebenekoxe, Timutik eta Mikelak laster ikusi zituen... ikasle-irakasle guztien arpegiak. Amalau-amabost urtetik asi ta gorakoak ziran an miesa ta eunak ta beste edozer oial garbigarri eskuetan arturik, euren txukunketa lanean ziarduenak.

        Erdiko askan ta inguruetakoetan be bai, oialak iñun diran astiñaldi ta zartakadak artzen zituen, uretan batbatean sartuaz, igurtziaz, arriak jo eragiñaz, biurtuaz, eta guk al dakigu zenbait irabiaketa geiago egiñerazoaz. Iturri guztiak zabalik egozan, gaiñera, emonalean ura erioela.

        Zarata ta zaparrada artean, gizalba langille ta jaseko aenmingaiñak ez egozan alper gozoan, nagi ta bagai. Bai zera! Itzegiteko, alkarreri norbere barri ta albista ta jakingaiak adierazote, nai ta naiezkoa eben, gaiñera, didarrez, oiuka jardun bearra. Eztarri ta bular edo auspo onak bear ziran an itzaldi mamintsuak egiteko, buruko argitasunaz batean, jakiña.

        Antxen egoan, obeto esan, an ziarduan zetan edo atan atzeko ormaonduan, atearen aurrez aur, askatxu berezian, orduko sasoian sarrien joaten zan emakume bat. Bear ba da, egunean eguneango bezerua, iñoiz bere utsik egiten ez ebana, ta ori dala-ta-eztala, nor bera baiño egokiagorik, irakasleme azkarren artean, zaarren ta ikasiena nunbait zanez, ango dekanu izateko?

        Nor zan berau? Artazitxuneko alarguna zan, edo beinbat, izen orregaz ezagutua. Baiña, Berdara kaleko Oraldi-usteleneko atso sorgiñak esaten ekianez, alarguna barik bizi-alarguna edo... ete zanekoa; baiña ondo argitu bako arazoa ei zan.

        Mikelari ta Timutiri etxaken nunbait, atsegin, dekanutzakoa.

        —Artazitxuneko bizi-alarguna or yagona oin be

—esan uetsan isilpean Mikelak bere lagunari. Bestelako «preata» polita dona ori! Goizeko izarretarako jagi ta etorriko zonan atsuori errekara, gazteen kontu, ipuin, barriketa, irain eta esamesak lenengotik asi ta azkeneraiñoko guztiak batu, entzun ta gero or zear balabala zabalduteko asmoz.

        —Zaarra don ori! Goizeko kafesnea artzeko baiño be, amurru ta gurari ta gutar andiago yon orrek emengoxe izkimizkiak jakiteko. Batzu batzuk barriketa utsez manteniduten ei donaz —geitu eutsan Timutik.

        —Ori bai, beiñepein. Arpegiko narrua ez yakiñat garbitu yonentz, baiña miinganeko zikiñak onezkero aldendurik izango yonaz berbearen berbeaz. Orren mingaiñak, ba, onezkero, txopo-ostroak ipar-aizetan baiño zirkin geiago egin izango yonan-ta.

        —Bai, gero! Isildu gaitezan, ostera, emen dagon lagunen lagunak amaika zer-esan ta barritsukeri izango yon-ta. Ia zer entzuten dogun.

        Buru-buruan eroiezan burdiñorrizko kankarruak eratsi ebezan gure neskazar biok. Eta or saka ta emen bultza, bientzako lain tarte ta leku egin eben, erdiko uraska nagusiaren biran egin be.

        Norbaitek, orraitiño, erremuskada asarrea egin eutsen, berba garratzak azalduaz. Eldu-barriak leen egonazen kaltez sartu zireala, alkarrengandik urreegi egonik, besuak erabilteko leku aiserik ezebela izango-ta.

        —Leen egon gareanok, txarto, geure lanak amaituteko, ukondoak gorputzari deutsaguzala egon bearko dotu-ta. Eta etorri diranak, bardin. Eztogu orrelan ezer aurreratuko geure eginbearretan.

        Ori ta guzti be, ez eben etorribarriak amoreeman, ta isilik baiña, sartu ziran; ta lanean asi be bai, ontzi zabaletatik euren miesak atarauaz; iñori jaramon egiteke, edota etxamon eginda.

        Erabateko gauzak ziran une artan, elebide ta barriketa-gai. Urteko atuneta gorabeerak; zeintzuk erabillen arraiñik geien, eta abar. Eta batzun iritxiz, Anporrandiñekoak ziran jo ta ke ebiltzanak, ikatz-zorrak ordukoxe ordainduta eukezalako, ta ganera etxebizitza barri bat erosteko tratuetan ebiltzalako. Beste batzun ustez, Ogimerkenekoei urrik emotekorik ez zan, eurak erakutsirik ez emon arren. Ta Ondobiziñeko untzi barri? Onexek bai ekarrela bitsa! Astean astean, zortzian bein ala sarriago etorria zan kaira eta beti beterik, egaluzez plenplen.

        «Otoiope» bere, ondo baiño obeto asi ei zan egaluzetan, ta ori, ezbearra zala-ta, Txanton lemazaiña legorrean geldituta.

        Geroago, ortik urten eban Zingulin-en autuak. Onen emaztegeiak ei eukan egiten sekulako arrio edera, eztakit nik zenbat izara ta badakit zenbat atorra ta praka labur... Mariñe, Besolodiñeko alaba zaarrena bera.

        Urrengo, egun batzuk leenago auzo-errian izan zan erromeriako kontuak eta erromeria ostekoak. Dantzaketa aretabatzuk oiñez bidebarritik, beste batzuk beribilletan etorriaz. Baiñan... alako ta onako, urlia ta sandia, bidezaarretik eta zidorretatik bere ibili ete zireanekoa. Beartu ezkero, esango ei zituen izen ta abizenak be. An, Zerengapean, ibili ei ziran bai, gaberdi inguruan edo... —neko neskatillea ta aren adiskide...— nekoa be; ta mutillak ez jakin errikoak ziran ala kanpotarrak.

        Orduan asi zan eztabaida gogorra. Debate-aldi, nunbait.

        Sargori astun geldiaren ondoren asi oi dan erabateko galarren aize indartsua zirudian.

        Errekan egozan guztiak talde bi egin zituen, geienbat, targo bitan banandu ziran, batezbateko edo neutralak guztiz gitxi izanik. Batzuk aitaturiko neskatillen izen onaren alde, orrelakorik sinitu be egitea irain gordiña zala adirazoaz. Eta beste aldekoak, ori ta geiago be, premiña aundirik ba-litz, mundu guztiaren agiri, egiak zirti-zarta esateko bildurrik ez lotsarik ez leukeela izango ziñoenak.

        Makalenak, eta lotsakorrak isilik egozan.

        Naaste ta iskanbil aretako talde edo alderdi biei beingoan agertu yakezan bakotizaren buruzagiak. Kukurruku ta gari egiten oituak egozan oillartzakoak.

        Salatarien sailleko buru, Artazitxuneko bizi-alarguna. Izen onaren aldekoen buruzagi, ostera, Mikela ta Timuti jarri ziran.

        Arteetan, ez dakigu ziur ziur, izena ain zuzen ez eben aitatu-ta, ez bata zein neskatxa zan ez bestea ere, nungoak ziran bakar bakarrik. Zeaztasun orren ardurarik bear ez-ta, begoz izenok isillean.

        Ekiñaren ekiñaz —nork jaso an esan ziranak guztiak, manetofonikaz izan ezik—, bai aldra batekoak eta bai bestekoak aspertzenago ta moteltzenago yoiazan, banaka banaka isilduaz.

        Azkenerako, iru emakume zorrotzen gain gelditu zan buruko edo gueneko eztabaidea. Buruzagiak ziran, izan bere, amaierako ezpatalariak.

        Neskazar biak batetik; eta bestetik Artazitxu.

        Eldu zan, eldu ere, thesis-a argitubearra, eztabaida gorena, zezio bakana.

        —Bai. Ezta, erriko lagun guztiak ondotxu ezagutuko ezpa-genduz be! —iñoan bizi-alargunak—. Askok emen, arpegia bai ona: baiña... egikerak! Ai, alia, egikerak.

        —Iñoren egikerak ezin leiz, askotan, zelakoak izan diran esan, ikusi edota ondo jakin ezik beintzat —erantzun eutsan Timutik.

        —Eztaukagu ezer esateko berorregaz —geitu eutsan Mikelak, atsoari sorbalda-gaiñetik erdeiñu ta destaiñazko begirakunea egiñaz.

        —Ba, nik, ointxe be, badaukat zer esan barri-baririk, zuek beti LO ta beti GOR zagozenok eztakizuen arren.

        —Ene! Ara osterakoa! Zer dakizula zuk, gero, guk eztakigunik?

        —Neuk zer dakidan? Ona entzun, bart bertan jakin nebana. Azkenengo orduko albistea. Karrabasueneko andra gaztea, Durdukiñeko Maribizar bat eta neure burua, irurok gengozan Artaloraneko etxa-urretik ez urrun. Badakizue etxe au, etxebakarra, nun dagon. Ba andixek urteten ikusi genduan gau beranduan Salome Umegiña, ta sasoi aretan eta leku aretan ikusteaz, arritu egin giñean iru androk, eta zerbait susmauaz, galdez joan gaiakozan Salomeri:

        —«Erdia, Salome, entzuizu. Nun izan zara edo zetan zabiltz emen?

        —Zetan nabillen? —erantzun euskun, eta onetxek dira aren berbak, Jaungoikorako!—. Neure ogibideko zeregiñetan. Ortxe etxeon izan naiz, eta egun asko barik etorri bearko dot barriro be.

        —Ene ba! —esan geuntsan. Zelan etxe orretan zeure arazoak egiten, or neskatilla bat baiño ezta bizi-ta?

        —Neskea? Ez yagon or orain neskarik. Gabonak baiño leen galdu zonan.

        Zer diñon? Artaloraneko Trini...

        —Sasilora esatea, egokiago litzaken, nunbait be...! Tira, ba, androk; gabon bat deigula gure Jaungoikoak.

        —Ta orixe esanaz, joan zan joan Salome, geiegi dan berbarik esatea ez yako areri gustaten-ta».

        Erreka osoan mundu guztia isildu zan.

        Iturriak bere, ertsi edo sarratu egin zituela esan zeintekean.

        Entzungarria ta ardurazkoa zan, beraz. Dekanoaren epaia.

        —Laster arin jakin genduzan ganetiko kontu ta zeetasunak —jarraitu eban patxaraz ta maisukeraz, argi ta geldiro, ikasguko lagun guztiak adi adi egokiozala konturatzean—. Erbestean egoan aspaldion aren nebea, Trinirena —azaldu eban Artazitxuk—, eta bart bertan, etxeratzean eta bere arreba ezkongeia itxura aretan, —astun ta tuntur—, ikustean, bertan jo ta garbitu bear ebala-ta, gogor bai gogor artu ei eban. Ta orduan, neskea didar ta garraixika kaleko leioa edegiten asi zanean, etxetik iges egin ei eban aren nebeak. Baiña, gero, arrebeaz errukituta, Salome bialdu ari lagun egitera, ta jazorikoaren zertzelada guztiak bear dan begiramenez jakin eta berberari adirazo egikiozan.

        —Ta ori emengo iñork be, eztozue jakin —esan eutsen Artazitxuneko bizi-alargunak inguruko guztiei, aoa zabalik eukazan inguruko entzulei arro-arroki begiratuaz—. Baiña are gitxiago dakizue —jarraiki eban— mundu onetara laster yatorkun sein errubagearen aitatzakoa nor dan, diñoenez beintzat. Orretxegaitik esan dot ba, nik ba, askok arpegia ona, baiña egikerak...

        Eta Artazitxu atso barrabanak bere entzuleak isil, otzan ta eskurakoi jarri zituala igarri ebanean, jaurti eban, jaurtiguraz eukana:

        —Badakizue nor dan aitatzakuori? Arrantzale kolore gorri, begi zuri bat. Izenez, Xirdo.

        —Guzurra be, berbea da-ta! —didar egin eutsan Timutik

        —Olakorik entzuteko be! Zelan diñozu iñon izenik, egia dan ala ez jakiteke —zirika ekin eutsan Mikelak, erreta.

        —Atso zorgin guzurtia.

        —Amaika amaika ta erdiko ibili izango ziran or!

        —Ezta guzurra, kontxo! —iñoan atso piperrak.

        —Zure aotik beti be, sugeak eta zapoak urteten ikusten oituta gagoz-ta!...

        —Gauza zindorik edo garbirik sekula esan ete dau, gero, berorrek!

        —Garbirik? Ez esan, ta ez egin. Bere antzekoak dirala guztiak uste dau orrek.

        —Zer da ba nik egin dodana? —oiu egin eban atso nabarmenak.

        —Zer egin? Talako Sankuan atzeko ormak berbetan ba-lekie!...

        —Bai orixe! Ondarzabalekoak ba lekie be!...

        —Nik gauza loirik? —atsoak gero ta estutuago.

        —Nork ba, zeuk baiño? Entzuizu: zeure gizontzakoa be, edo gizontzako zenduana be, nundik nora artu zenduan eta nundik nora aldendu?

        —Neeeuk?... Zuek baiño garbiago daukat nik barrua, ta soiñekoak, be bai, ganeko zein azpiko! Ikusi, ikusi!... —ta ori adirazoaz, gonak jaso, eta azpiko gona zuri ta atorra muturra erakutsi nai eutsen an inguruko emakumeei, orrelako naspilletan arranegitar andra lotsagabe batzuk egin oi ebenez.

        —Bai, zalea don errotaria!...

        —...arto ordez, emoten garia.

        —Turrit!!... —esan eutsen azkenean neskazar letradu biak atso gaizto zimealri. Emen gagoz gu neskazaarrik, orixe bai, baiña geure iztarrak iñork ikusi, ez ikutu barik!

        Mutillak! Une onetan asi zan benetako ekaitza.

        Batzuk atsoaren alde zarbait egin nairik, geienak aren kaltez, egundoko zaparrada, naste ta iskanbilla sortu eben. Ango irain, destaiña, ezespen, erdeiñu, garraixi, didar ta baita zantzoak be!

        Batbatean, orraitiño, teillatuan zear edo, trumoiaren antzeko zarata lodia entzun eben, burrruuun! burrun!... eta gero, plausta! gauza andiren bat edo luzeren bat jausi zan ereka-erdiko askako uretara, baztarrak urez ta txipriztiñez beteaz.

        Ene penea bada-ta!... Zeruak ete etozan goiak beera?

        Orduko ikarak eta estutasunak! Ango bildur-izu, txilio ta didarrak.

        Berealakoan amaitu zan eztabaida gordiña.

        Zer zan jaso zana? zer zan jausi zana? Piñu-anpor luze bat, bilinbalaunka teillatuan beera. Zerutik jausi ete zan —Jovis-en ta ugarasioen eztabaida barriratua— andra lotsagaldukoen mingaiña atertu ta isil zedin?

        Bai zera! Emakumerik geienak ate ondora eldu ziranean ezin ikusi aal izan zituen an urrunean orduko, ariñeketan yoiazan lau txerrenkumak, Basotxurako bidean zear; arako Aken, Zozpal eta beste mutiko biak.

        Mutil biurri aei bururatu yaken okerreria, ondore onekoa ta onuragarria izan zan, atsoen barriketa likitsa eten-erazoteko.

        Ta biurrikeri orreri esker, ez zan egun artean, Arranegio errekan, odolik isuri.

        Baiña, norbaiten izen ona bai, zikindu zan edo...

 

aurrekoa hurrengoa