|
Uretan idatziak
ITZAL UXAKA
Ene harpeko estalaktita bustietan
barrena itzuri ohi,
irristakor,
inoren karburo-argia sumatu orduko.
Kare-uraren etengabeko tanta-jariatzeak hazi
estalagmitak nekez estal dezake bere hots pausatuak —tak! tak! tak!—
milaka urtetan zaindu duen misterioa.
Lei-karraldoak harkaitzetan tarteka egin zirrikituetatik barneratzen diren
eki-siskil mehe bakanak ez dira
aski indartsu haren soslai zaharkituaren argazkia hormetan izozteko.
Hauteman ezinezko mugimendu telurikoak harkaitzen arteko hezur hautsiaren
durunda —kroosk!— eragitean,
harrikatzez marraztutako zaldi-bisonteen gainetik
eta hauts gorriz finkaturiko ahur heteroformen azaletik
labainduz
ezkutatzen da,
itzalen beldur bailitzan.
Uretan idatziak |