Uretan idatziak
Patxi Salaberri

Kutxa, 2002

 

 

BALADA HARI BAKARREKO KONTRABAXURAKO

 

«Ez dut, ez, internetik

munduan barrena

lasai,

arriskurik gabe,

lohitzeke,

mugitu gabe,

ahitu barik,

bakardadean

ibiltzeko.

 

Ordenagailurik ere ez dut, izan ere,

banketxeetako kontu-operazioak kontsultatzeko

eta

burtsako gorabeherei berehalakoan aurre egiteko

eta,

nagusien aginduetara espekulatu ondoren,

aberasten jarraitzeko.

Areago, konturik ere ez daukat bankuetxeetan, eduki

 

Higikorra ere falta dut

bazkaltzera joaterakoan

telefonogailua mahaigainean ageri-agerian uzteak

ematen dituen dotoretasuna eta garrantzi irudia

neronek ere izan ahal izateko.

 

Trajerik ez janzteak ere

ez bide dit txairotasuna erdiesten gehiegi laguntzen,

nonbait.

 

Gainera,

ezagun dut

ez naizela jatetxeetara hurbiltzen,

aski baitut

udal zerbitzuak oparitu lapikokoa

 

Kotxerik ezean,

oinez

joan ohi naiz handik hara

eta hortik hona.

 

Jakina,

kotxe deportiboetan ohi diren zimurrik gabeko larru leun beltzaraneko

neskatxa gazte eder begi argiak ere ezin besotik zintzilik izan, peitu baitut

deskapotablea.

 

Uda parteko ohiko bidaiak ere

parkeko bankuetan inork utzitako katalogoetan

edo

paper-ontzietatik baturiko aldizkarietan baino ez ditut dastatzen,

urruntxo geratzen baitzaizkit lurraldeok

eta nahiago izaten ditut hurbilekoak,

oinez egin daitezkeenak

 

Hondartzak,

irla palmondodunak,

ur garden urdinak,

piramide egipziarrak,

sumendiak,

etxeorratzak

eta kanguruak..

beheko tabernako telebistan ikusten ditut

Izan ere,

eta egia aitortuz,

udan zabalik uzten didaten auzoko taberna bakar honetara

sartzeko besterik ez baitut

sosik

 

Ene oporrak ere

ez dira lan-opor

dagoeneko ez baitakit zer den lan egitea,

ez bada

langabetuen bulegoetara garai batean egin ohi nuen

hilabeteroko joan-itxoin-jasan-etsitu-etorria.

 

Damurik,

ez izateagatik,

ez dut

ez jainkorik

ez eta deabrurik ere

ene uste eta sinesmenen oinarri bilakatzeko

eta ene geroko salbamendu eternala ziurtatzeko.

 

Ez,

ez dut gauza handirik,

ez ondasunetan,

ez lagunetan,

ez bertutetan

eta ez dirutan,

egunero bizirauteko kemena baino ez, nonbait.

 

Estresik ere ez dut, jakina,

arina, arrunta, bakana

baita nire bizitza xumean garraiatzen dudana.

 

Are gehiago,

filosofo-teologoek diotenez,

sendagile-ikerlariek konprobatu dutenez,

neronek ere sinetsi nahi dudanez,

ezer ez edukitze horrek

ematen dit

zinez

zoriontsu izateko

aukera,

egokiera,

parada

bakarra

 

Luzatu dizkiodan txanponak jaso ondoren,

irriño hits batez,

«mila esker jauna!» iruditu zaidana edo

marruskatu du

transkribatutako balada

begitarteko zimur lohietan islatzen zuen

zabor-arakatzaile mutu hordi hark.

 

Uretan idatziak
Patxi Salaberri

Kutxa, 2002