|
Uretan idatziak
ITAKA
Lanetik itzultzean inoiz ez dut sirenarik aurkitu bide bazterrean.
Agi denez, Ulises maiteminarazi nahi zuten kantak eta
gorputz lirainak ez dira enetzat.
Errepidean egunero suertatzen zaizkidan kotxe-ilara luzeak jasan ahal izateko
beti zuzentzen ditut begiok bazterretako zuhaitz-ezpel hostotsuen itzalpeko
belar ureztatu
berderantz,
batez ere udako bero saparen garaian,
baina sekula ez dut ikusi enegana zuzentzen den bular narorik ez xuxurla eztirik.
Auto-ilaran etengabeko galga-eman-eta-azeleragailua-zapaldu
—mekaguenzotz! ez al dakik gidatzen, ala? kontuz ibili hadi, koino!— nabilenetan,
ilunabarrero, alegia,
ene nekeak sirenak ditu ameskai.
Haiek baino ezin lot bainintzakete betiereko errealitate lazgarri honetatik
aldentzeko ontzi
bakarreko mastara, beraien zain jarraituko dut
udaldeko arrats itsaskorretako kotxe-ilara geldoen
luban lehorren bazterretara beha.
Ene Itakarako bidean noiz barrikada gertatuko zain.
Uretan idatziak |