Uretan idatziak
Patxi Salaberri

Kutxa, 2002

 

 

SARKORRA DA OSO

 

Sarkorra da oso

ferekatzen ez den biolinaren soinua

bakartasunean;

inoiz ez, halere,

gorrak desira dezakeen bezainbeste.

 

Biolin-urratzaileari isuri intziriak

zinkurinago dira

bihotzera iristean.

 

Kirrinkago eta mingarriago,

nekez estal lezake

kanpoko eguzki distirantak

izarrik gabeko doinua.

 

Melodia

ebakitakoan

sorturiko

hots hautsi bakoitzak

pentagrama beltzaren

bila hastea luke

xede bakar

 

Zeren, zizpuruka izan arren,

biolin marketsak

ezin kamus baitezake

musika-argiaz amesten duen

itsuaren ilusioa!

 

Uretan idatziak
Patxi Salaberri

Kutxa, 2002