Uretan idatziak
Patxi Salaberri

Kutxa, 2002

 

 

AMILENA (1956-)

 

Ez! Zinez!

Ene poemek ez dute idatziak izatea besterik nahi,

nire lumak es du urrerik nahi,

es ene izenak ezagun bihurtzerik nahi,

aiher baitzaizkio anonimotasunaren askatasunik gabe bizitzeari!

 

Eta ozenki diot

Es dut ospearen zaratarik gura,

ez famaren arrunkeriarik nahi,

betiko hautsiko bailidakete amilenaren fereka jasotzen dudan talaia isil hozkarria.

 

Eta are gutxiago arnasa hartzeko gai naizen artean,

ongitxo baitakit sonaren bataioak ene aurre-eskelaren liburutaratze-larderia

lekarkeela,

eta eginkizun hori

irarkolako bazter ilun-ezkutuenean legokeen idazle, kronikari edota historialari

zabarrenaren esku geratuko litzatekeela.

Eta haren ustezko objektibitate-nahiak

eta

zuhurtasunik ezak,

nire izenaren ondoan,

nire jaiotza-data marratxo batez lagunduta ezarriko zuela parentesian.

Eta irakurle guztiak,

eta ni neu ere bizirik diraudan artean,

hura ikustean,

marratxoaren ondoko hutsunea noiz beteko zain....

beste gizon baten ziklo hutsala behin betiko ilaundurik ikusteko goait!

 

Ez, ez dut horrelakorik desio,

bizirik irauten dudan artean,

nahi izan gabe ere,

eta hil arteino,

irarkola ziztrin bateko txoko ilunenean legokeen idazle zabarrenaren aginduz,

herioaren aiduru sakailatu beharko bainuke

bizitza

derrigorrean,

 

Uretan idatziak
Patxi Salaberri

Kutxa, 2002