|
Uretan idatziak
BELAR-GOGO
Goiztiriko ihintza lurruntzeke duen belardian luze,
ortzi garden urdinera begira,
kamomila lorearen buztantxoa ezpain-ertzean,
landare, gorotz eta airearen usain nahasien artean,
bestelako hotsik gabe,
ardien, behien, zaldien ezkilak soilik
harkaitzezko arragoan!
Esaidak Walt, please:
Non da horretara iristeko bidea? Non kemena?
Lantoki argi-eroso-ergonomikoa,
paperez, mahaiz, tramankuluz bete-hornitua,
goikoen agindu izoztuak jaso eta behekoei samurkiro betearazteko prestatua,
garrantzi handiko hutsalkeriak erabakitzeko taxutua...
gizonen belarretaratzeko nahiak berbideratzeko moldatua...
Ordutegia: 08:00-17:00
Goizeko zortzietatik
arratsaldeko bostak arte?
Egunsentitik ilunabarrera...
Eguzki izpiak alferrik xahutzen bere indarra,
kamomila-lorea landarean zimelduz;
ezkilak, usainak, hotsak...
airean sakabanaturik
gogoa baino ez
begitaziozko belar urrunetan!
Uretan idatziak |