Uretan idatziak
Patxi Salaberri

Kutxa, 2002

 

 

NEKEZ JASANGO HUKE HIK

 

 

                  1

 

Nekez jasango huke hik

—berdin nik!—

hainbat, eta hainbaten, dolumin!.

Bizirik bahengo,

ezkutuko borda batera

erretiratua hintzakeen dagoeneko.

lotsaz beterik,

bestez ahalketurik,

baina isilik!

 

Ez al duk hik

nahiago izan betidanik,

behiala,

Arantzazu esnatu aurretik,

Gailaurko dolmenaren ondotik

pasatzen zirenen irri eta kanturik,

eta gero.

behin elorria jaiorik,

leku beretik,

barre-algaraka zihoazen erromesen amets konturik?

 

Azkar igaroko dituk

hire heriotz unean agertu oinazeak eta saminak;

arratseko meza-osterako bukatuak izango dituk erostak eta intzirinak,

Esku-tinkatzeak, argazkiak, solasaldiak,

hire lurra ezagutzen ez dutenen hitz hutsak

laster eramanak izango dizkik

ilunabarreko bisutsak

 

 

                  2

 

Hiletetara joan ezik,

nola egingo omen hik

Gandiaga

adiskide min

ezezagun

hilari?

Lanegun batean,

akaso,

Arantzazu isilik lo datzanean,

bertako mendi tontor batean,

berdin Artzanburun

zein Artiako gailurretan,

baina aukeran,

hobe, zinez, Artason,

txalapartaren hotsa oihartzun,

irakurriko dituk hik

hark izerdiz ikurtu poemak

eta lumaz izkiriatu bertsoak?

Ozenki irakurri

eta

haien odol-ttanttoak isuri

zumar, pinu eta elorrien gainetik?

 

Poemok orduan,

bazakiat,

haize bilakatuko dituk airean,

ur bihurtuko istilean,

eta, poetaren gorputz-arima bezala,

hazi eroriko

lurrean!

 

Uretan idatziak
Patxi Salaberri

Kutxa, 2002