|
Uretan idatziak
AZTI-BEGI
Botilari begiratzen zionat,
eta han
heu ikusten haut, alaba,
beiraren okerduran
islaturik,
etorkizuneko azti-ispiluan baihengoen,
etxetik urruti,
Gambridgen, edo Parisen,
edo hain gogoko dunan NewYorken, edo... nonahi,
gugandik urruti...
ikasten, lanean, zerbaiten arian,
heure mundua egiten..
(barkaidan, baina
negar malkoak
zatozkidan
bihotzetik begietara!)
neuk,
geuk
erakutsitakoaren ildotik,
agian,
baina hirea egiten.
Eta
urrun ikusten haut, maitea,
urrun,
hire lagun min bihurtu den neska edo mutil horren
jaioterria bezain urruti.
Eta
— neure ile urdinen aginduz—
nik,
guk
erakutsitako oro
(mintzaira, jendea,.,. giroa)
hire begi-ninietan lausotuaz doala
Ikusten dinat.
(Eta ardo-botilari neure malkoak
edarazten zizkionat,
samintasunez,
inoiz ez bezala negar eginez,
bihotzean gero eta bete-ezinago den hutsune bat nabarituz..?
maitasunez,
alaba!)
Eta hain nirea,
neurea izan haizen hori,
kuttuna,
urrun hago,
gero eta urrunago...
eta etorkizuna aitortzen didan botila berde madarikatua
hormaren kontra hausteko gogoa
sentitu dinat,
bortizki haustekoa.
Baina hausteak
tristeago utziko nindinan,
aurrerantzean ez baihinduket islaturik ikusiko.
(inoiz
ulertuko ahal dun
egungo
nire
botila-begiratze hauen arrazoia,
betidanik barkaezina iruditu zainana!)
Uretan idatziak |