|
Santa Kruz
Santa Grazi - Santa graztarrak
Historia eta kondaira tinki algarlotürik beit dira, bakoitxa asmüaren hegaleki noratnahi hegalta daiteke. Mendien erditan, perla untzi bat bezala, jarririk dagon herri ttipi honen bizimoldean, egoera geografikoak badü hanitx ikusteko. XI. gerren mentealano, günea Urdatx deitzen zen. Ordü hetan, Nafarroa-ko Leire-ko apatiaren ardüradünek apata elizaren eraikitzea erabaki züen; Zalduban 303. gerren urtearen altexean martirisatü eta mente bat geroxeago Prudentzia olerkariak goretsiko züan Grazia neskatila gaztearen izenean eliza omentürik izan zen. Eta Urdatx, Santa Grazi bilakatü zen, Erronkari eta Ziberoaren baitezpadako iragangia. Mihi lüze zonbaitek dioe «salerospenetako» bide bat baizik ez zela, Merkatü komunaren hastapena! Lüzaz «mündü bazterreko herri». Ühaitza-ren eta mendiaren arteko bidexka bat doidoia baliatüz, herritarrak beretarik bizi izan dira, beren berezgoaren eta libertatearen bekaixti, kanpoko südürsartzeak arraheinki ohiltüz. «Eüskal Herriko zortzigerren probintzia», hanitxetan dioe. Ahaide bereziak eta perdoek parpiñatzen düen mintzoa herritarrek harroki baliatzen düe. Herritar bihoztoiak, bazterrek behartü bizimolde gogorrari bühürri; haien gogoaren pizdüra, haien ele txorrotxak, zentzü borogatüz, zentzü ikasiz beno hobeki, moldatürik izan dira. Herritar «jeitiarrak», kantore herrikol maitazale, beren ogüz kantari, bai egünorozko bizitzearen, bai mai- tarzünaren, herioaren, boztarioaren, bai ihikistaren eta trüfaren hitz izaritan aipazale. Herritar ezinobekienik batzarriaren, algarretxekidüraren, algarlagüngoaren egileak. «Bortak idekirik» delako egün baten antolatze beharrik ez düe. Hortan bego, ez dezazüen zihauretan erran: « Ez, otoi, gaintiaraz..., paradüsüa beno «sordei» dago I... » Oroek badakizüe honünea gaixtünearen itzalean askitan bizi dela. Orai arren Santa Kruz. Ikus eta entzün. Herri osoaren alabadereko indarraren ondorea da... Hor agertzen da gure kültürari ekarten deiogün lotüra, kültüra hortan beit gira menteen lüzean hegatü. J. CASENAVE-HARIGILE (frantsesetik ützülirik)
Santa Kruz |