Santa Kruz
Junes Casenave

1992

 

 

Seigerren jelkaldia

 

(Jelki Lojendio Lotenanta et etsaiak,
exker, ekar armak orgetan).

 

         Lojendio

Guri ogen egitetik

Eüskaldünak baztertürik,

Harat eta honat goatza,

Oso traba gabetarik.

 

Bizkai eta Gipuzkoan

Indar haboro jarteko,

Mondragon sarri dütügü

Arma hoik segürtatüko.

 

(Sar Santa Kruz, Soroeta eta lagünak, esküin).

 

         Santa Kruz

Aldi hontan orano ez,

Debrüaren hirotüak;

Ez dütüzüe eginen

Jauregietan asmatüak.

 

Jarraikitzen zütüegü

Züen zotükü güzietan;

Bergararik elki eta

Jin gira züen aztaletan.

 

(Güdüka llabür bat, lagün bat zauritürik,
erho bi etsai, besteek ihes egin;
ezar etsai hilak ziloan).

 

         Santa Kruz (zauritüa besotik hartüz)

Soroeta trebe zira;

Lagün horik zihaureki har;

Etsaiak iholaz ere

Ez dü hau atzaman behar.

 

         Soroeta

Gidatüko ditit arren

Zük erakatsi bezala;

Bena zihaurk begireizü,

Goaita dira zure bila.

 

(Soroeta eta lagünak joan; egon Santa Kruz zauritüareki; biak ebil).

 

(Sar Arzeluz komandanta, eta etsaiak exker).

 

         Arzeluz

Mendi hoik gainti bahoa,

Nahi heigün saihets egin;

Badük zerbait arrenküra:

Nor hiz hi? Aigü gureki.

 

         Santa Kruz

Ni Karlisten gaintikoa

Santa Kruzen güdari bat;

Prefosta ihes nindoan

Hebentik mendietarat.

 

(Sar Andalutarra, exker, eta sogin; sar Satan taula zolatik, dantzan; bi ele sala Andalutarrari; dantza eta joan ber günetik).

 

         Andalutarra

Bena ez otoi ingana:

Santa Kruz da gizon hori;

Hola zion lehen kosiak

Ikusi düan bezain sarri.

 

         Arzeluz

Holako gezurra arren

Nahi üken dük sakatü:

Primo de Riberak hitzaz

Zer egin erranen deigü.

 

(Santa Kruzi esküak lot).

 

Beraz herriko etxean

Andalutarra dükek zain;

Ontsa begira txori hau,

Zale beit da trebe bezain.

 

(Santa kruz gelan sar, Andalutarra zain; oro joan).

 

         Santa Kruz (alegia eri dela)

Aieia! ene bürüa!

Lehertzen dela uste düt;

Bai eta ene sabela:

Goiti urtuki behar düt.

 

(Joan balkoala; Andalutarra jarraik).

 

         Santa Kruz (mintza)

Ekar ere oihalxkot bat,

Ozpin azkarrez bustirik.

(Eman oihal xerra lüze bat; bürüan ezar).

Oi, hobeki nüzü hola

Bürüa üngüratürik.

 

Hur xuri egin behar dit,

Zü hürrünt zite hebentik;

Hortan pürü errespeta:

Apeza da sakratürik.

 

(Andalutarra ützül, Santa Kruzek bürüko oihala har,
saihetsetik txilintxaut; korda batetarik bezala jauz eta joan).

 

         Andalutarra (soegitez)

A! bai zale egin düala:

Hegaltatü da txoria.

(Eman aitzina besteer bürüz).

Güziak hel, ea ikus!

Ikert ezazüe hiria.

 

(Jiten oro, paseia, eta bezala joaiten).

 

Santa Kruz
Junes Casenave

1992