Santa Kruz
Junes Casenave

1992

 

 

Hogeitabatgerren jelkaldia

 

(Jelki Urruela eta Franzizko, Delport, Billafranka,
Loreta andereak, Santa Kruz, esküin).

 

         Franzizko anderea

Hau dügü maltzurkeria;

Lizarraga zoin okerra!

Berarik ihes joan zinen

Üsnatü eta haren herra.

 

         Santa Kruz

Oro bildü ginelarik,

Erran züan eri zela.

Beharamenean han zen,

Atzaman behar nündüala.

 

         Billafranka anderea

Gipuzkoan Lizarraga

Ezarri düe bürüzagi.

Diozüe hartarik zirela

Baztertzen ehikiegi.

 

         Santa Kruz

Egin dütüdanak oro,

Mengoa xüxenarekin

Gipuzkoako bazterretan

Egin ditit arraheinki.

 

         Urruela

Errege bultzatürik dago

Beste aitzindarietzaz.

Ez dü berririk jakiten

Zük egin gaüza honetzaz.

 

         Loreta anderea

Lizarragak dio han eta hor

Herra düzüla bürüan,

Ebanjelioko lansaila

Ez egiten üngürüan.

 

         Santa Kruz

Katoliko izan eta

Elizari niz lotürik,

Aiten sinestearen zain

Nahi izan plantatürik.

 

         Delport anderea

Berri gaixto hanitx bada:

Herrian direla nausi

Liberalek düe agertzen,

Gureak ohointzan hasi.

 

         Santa Kruz

Bestalde ere izan da

Lizarraga franko ausart:

Bi aintzindari erho dü:

Arbelaiz, Esteban Indart.

 

Banoa berriz Gipuzkoalat

Gaüza hoien xüxentzera.

Artolen gibeletarik,

Gizonen arrabiltzera.

 

(Oro joan; sar artzainak ardieki).

 

 

Kanta «Artzaina»

 

Artzaina bortüan botzik badoa,

Gozatzen düalarik aro beroa.

Hola iraün dezan badü aihoa;

Zohar izan bedi ere geroa.

 

Goiz hontan haatik jeiki da hozpil,

Bere soin osoa düalarik dildil;

Olaren barnean badago zainil;

Arren nekez baizik ez daite ebil.

 

Lanoz ülün daude mendiko mailak;

Idekitzen dütü korale kihillak,

Ardiek dütüe hartzen maxelak,

Ez dütüe arauz joko arroilak.

 

Oro lotü dira helar honari,

Petigora dira lasterkan ari;

Eta üzten dütü beren üsnari;

Bera zaie joanen biltzera sarri.

 

Aize hegoa da orai jeikitzen,

Bortü alagiak dütü argitzen,

Zelüa zohartzen eta urdintzen;

Ekiak bazterrak arrunt berotzen.

 

Artzainak üzten dü bere ola;

Begistatü eta bere artola,

Haren gibeletik doa berala,

Makila bat hartüz beti bezala.

 

Arratsa jinen da argiz beterik,

Gaüa ere bertan ixil ixila,

Ametsez beit date txurdunpatürik,

Gogoa norabait ihes galdürik.

 

Santa Kruz
Junes Casenave

1992