Santa Kruz
Junes Casenave

1992

 

 

Lehen pherediküa

 

Agur ikus entzuleak;

Egün zaizüe eskentürik,

Santa Kruzen bizitzetik

Pastoral berri hau bildürik.

 

Elduainen sortürik zen

Salmoako etxaltean,

Mila zortzi ehün berrogeita biko

Martxoko hogeita hiruan.

 

Ikasi züan Tolosan,

Bai eta ere Gasteizen;

Han ikasleen artean,

Hobenetan jarten züen.

 

Marotoren bai besteen

Saldükerien entzütez,

Gaüan loak ez züan hartzen,

Lohordi zagon nigarrez.

 

Erretor bezala züen

Ernialden izentatü.

Apal eta agüdo zen,

Ixil ere eta kartsü.

 

Bere eüskaldün ideiak

Ez beit zütüan gordatzen,

Goiz batez haren hartzera

Liberalak heltü ziren.

 

Bena ihes egin züan,

Iparraldealat joan.

Hantik bertan elki eta

Gerlan sartü zen ordüan.

 

Hiru elkialdi züan

Lagüneki antolatü,

Borroka ez ohizko bat

Gipuzkoan abiatü.

 

Batbatetan jauzten beit zen,

Liberala lotsatzen zen.

Kolpü bat egin ondoan,

Arrunt hantik galtzen zen.

 

Haien hona nahi beit züan,

Maite züen herritarrek.

Makila kaldüak zütüen

Gozatzen salazaleek.

 

Ungürüko herrenküan

Baziren ezaltekoak,

Liberaleki batean

Santa Kruz beizten züenak.

 

Bera ez jakin ote non

Güdükan ari zelarik,

Aileditiarrak ziren

Barnen goxoki bildürik.

 

Oro bühürtzen beit zeitzon,

Azkenekoz ihes joan zen;

Haren ustez hola beit züan

Hobeki gaüza lagüntzen.

 

Ezinbestean zelarik,

Aramaion hitzeman züan,

Bizirik elkitzen bazen,

Misionetan egitea lan.

 

Sail handi ebaki züan

Jamaikan, Kolonbian,

Haur, behardün, preso, eri,

Oro hartüz antsian.

 

Han hil zenean, bazüan

Lautan hogeita lau urte,

Saintü arau ikusirik,

Hain beit züen maite.

 

(Jelki tiatre zolatik Satan eta Asmodeo, zerbütxaria).

 

         Asmodeo

Zer orano egin düzü,

Güzien nausia, Satan?

Taigabe ezarten düzü

Zure südürra orotan.

 

         Satan

Hala dük botzik nizala

Santa Kruzi agitüaz,

Elduainen apez beit düe

Zokoalatü arruntaz.

 

         Asmodeo

Hori düzü guretako

Izan daitean gorena;

Batere düdarik gabe

Harentako apalena.

 

         Satan

Euskal Herriarentako

Kolpüa dük franko gaitza

Ez ahal dikek holatan

Aisa jarraik haren hatza.

 

         Asmodeo

Zure hoinak boztarioz

Jarririk dütüzü sütan;

Nik beno lehen bi jauziz

Iharraus bazterrak, Satan.

 

(Satan dantza, gero Asmodeo, gero biak).

 

Santa Kruz
Junes Casenave

1992