Santa Kruz
Junes Casenave

1992

 

 

Laugerren jelkaldia

 

(Jelki Serano eta etsaiak, exker;
Urkizu, Urue, Bizkaiko aldundikoak eta lagünak, esküin).

 

         Serano

Algarreki heben gira:

Aski izan da erhaite.

Eüskal Herrian jagoiti

Agian bake badate.

 

         Urkizu

Eüskaldünek betidanik

Besterik ez dügü nahi;

Bake züzen batentako

Ez gütüzü arrabuhi.

 

         Urue

Ikasi dügü züzenen

Begiratzen arraheinki

Eta Foru sakratüak

Behar dütügü etxeki.

 

         Serano

Badükezüe Gernikan

Beti biltzeko ahala;

Nik Foruak üzten deitzüet

Hitzeman düdan bezala.

 

         Urue

Hola aitzinetik ere

Izan zaigü hitzemanik;

Bena aldi bakoitx ere

Elea izan da janik.

 

         Serano

Ikusten gütüzün hoiek

Ez ditizügü ez hunkiko;

Baita ere gobernüak

Beit dütü begiratüko.

 

Bestalde züen armak oro

Ezar gure esküetan;

Bakoitxa bere herrenküan

Egon ere armadetan.

 

         Urkizu

Arren hola denaz gainen

Bagoatzü bihotza arin;

Lagünak botzik dirate

Bakea beit dügü egin.

 

(Urue, Urkizu eta lagünak joan).

 

         Serano

Hona menpetürik dira

Oraidanik Eüskaldunak.

Bertan gozatüko dütüe

Aspalditik zor zaitzenak.

 

(Oro joan).

 

 

Kanta Gerla

 

            Errepika

      Etxe, zühaintze, botxe gibeletik goaita,

      Gizon bat, beste bat hedaillo eror eta,

      Ikustez egoiten gira bihotza idor.

      Senar, emazte, seme balitz edo aita,

      Gütarik nork ote iraün lezake gogor.

 

Berria zen hedatü

Gerla bat zela piztü.

Jentea zen haidürü,

Aspaldi ez ekürü.

Lazdürak züan hartü

Hetan nigarra sortü.

 

Hor ziren agertüak

Jada ondorio beltzak;

Etxetan aitamak

Jorik ezinbesteak;

Bazoatzan semeak

Hainbeste maitatüak.

 

Senarrak haurrekilan

Bere emaztea han

Berbera ützi züan

Hezteko badüke lan,

Bai etxen bai eskolan:

Ote noiz artinokoan!

 

Bakoitxa ixil dago

Berez dira biziko;

Gaü egünak oro

Dirate lüzeago,

Bihotzetan beit dago

Zauria zilatüko.

 

Santa Kruz
Junes Casenave

1992