Santa Kruz
Junes Casenave

1992

 

 

Hamalaugerren jelkaldia

 

(Jelki Santa Kruz, Kaperotxipi, Hilario,
Otegi apez ardüradüna, lagünak eta apezixün bat, esküin).

 

         Kaperotxipi

Badügü heben gizon bat;

Berak apez dela diozü.

Gerlan sartü nahiz eta

Elestatü behar zütü.

 

         Apezixüna

Badakit xüxen zirela;

Apez nüzü zü bezala.

Jiten nüzü zure gana,

Gerlan sartzeko berala.

 

         Santa Kruz

Hi apez hizala diok;

Ea ikusiko diagü.

Hortarako bi galtotto

Arrunt eginen deiagü.

 

Ubi vivis, quid quoque vis?

Dic vero nobis breviter.

Ad quid autem impetrandum

Venisne tam alacriter?

      Non bizi hiz, zer nahi dük?

      Erran izagük llabürzki.

      Bai zeren galtegitera

      Jin hiz hain alageraki?

 

         Apezixüna

Jauna, parka izadazü.:

Eüskara ez dit ikasi;

Züeki berantü gabe,

Sail hortan nahi niz hasi.

 

         Santa Kruz

Liberalek hitzeman düen

Ene bürüaren sari,

Hamar mita pezeta hen

Bildü beharrez hiz ari.

 

Hilario badakizü,

Beti bezala, zer egin;

Bena bakean jar bedi

Lehenik Jinkoarekin.

 

         Otegi

Gizoneki ez bezala,

Zelüko Aitarekilan,

Adixkidetü behar zü,

Hareki jarri bakean.

 

(Otegi eta Apezixüna baztert; eman parkamentüa).

 

         Hilario

Berala beteko dit

Eman deitazün manüa.

Erho nahiz zebilanak

Gal beza bere bürüa.

 

(Santa Kruz baztert eta egon kanpo so;
Hilariok tiroka, Satanak sar, ezar ziloan).

 

         Kaperotxipi

Egitate horik dütü

Lizarragak ezonartzen.

Liberalek, beren alde,

Bazterrak gainti salatzen.

 

         Santa Kruz

Ala bekaixti beit dira

Nik egiten düdanetzaz!

Ni aldiz axolati niz

Orotan gerla legetzaz.

 

Lizarraga ezdeüs bat da,

Lotsa güdü egitera.

Itsuskeriaz zapatzen

Liberalak nausi dira.

 

(Oro joan).

 

 

Kanta foruak

 

Bazütüan herriak

Lege eta Foruak.

Hoik bere hontarzünak,

Hoik bere berezgoak

Ohidüraz zütüanak.

 

Milaka urtez geroz,

Beretü zütüalakoz,

Menteetan ahal oroz,

Bihotzez eta gogoz,

Haiekilan zoan botz.

 

Hoiek zen betidanik

Herria moldatürik;

Orai aspaldidanik,

Demokrazia gatik,

Ziren begiratürik.

 

Hoik gure zorihona

Arbasoek emana,

Bizitze Eüskaldüna

Parpiñatzen düana,

Zaintü behar dügüna.

 

Bazterretan zühainak

Barna bere erroak:

Hantik sortzen adarrak.

Herriaren Foruak,

Haren erro adarrak.

 

            Errepika

      Zühaina da berritzen

      Berainez dü egiten.

      Gihaurk dezagün üken

      Nausitarzüna heben:

      Hori beit dago züzen.

 

      Utz arren bakoitxari

      Berogüz dadin ari;

      Errespetü ekarri

      Behar da jenteari,

      Halaber Herriari.

 

Santa Kruz
Junes Casenave

1992