Izoztu zitzaigun negu hura
Jon Barberena

Denonartean, 2016

 

 

IRAGANAREN COLLAGEA

 

 

I

 

Denbora kartoizko kaxa erraldoi bat da.

Noizbehinka, zabaldu, eta mimoz eta kontu handiz

bizipenak tolestu eta bertan sartzen ditugu.

Gehienak denborarekin, beheitiko aldean hondoratuko dira betiko,

bakan batzuk berriz, ahanzturaren hautsetatik babestu eta oroitzapen bihurtuko dira.

 

 

II

 

Oroitzapenak puztuz

eta ilusioak hustuz

Karmele anitzetan kolpatu zuen

orainaldiaren gordintasunak.

 

Nekearen orbanak

eta saminaren ziztadak,

aurpegiko keinu txikienean ere

margotu zizkioten

urteetan zorroztutako

erlojuaren orratzek.

 

Lauretan hogei urte zituela

Amma Oblatas Zentro Gerontologikoko medikuak

Alzheimer hitza tartekatu zuen esaldi potolo batean.

 

Eta oroitzapenak hustuz

eta zoriona puztuz

Karmelek aspaldi ez bezala irribarre egin zuen,

ahanzturak, maiz, zeregin terapeutikoa duen

oroitzapenen collage kronologikoan.

 

Izoztu zitzaigun negu hura
Jon Barberena

Denonartean, 2016