Izoztu zitzaigun negu hura
Jon Barberena

Denonartean, 2016

 

 

ETXEKO KALERIE

 

Inoiz baino handiagoa somatzen dut balkoia,

beti amestu baino inoiz izan ez genuen terrazaren hedadura

hartzeraino.

Hutsuneak sortutako ilusio optikoa da.

 

Urterik urte zaindu zenituen geranioak

idortu, zimeldu eta zurekin batera hil ziren.

Bota ditugu lorontziak zakarretara

iragana birziklatu daitekeelakoan

edo agian galdutakoa berreskuratu nahian.

 

Huts-hutsa gelditu da balkoia

barneko gela mobleztatuak bezala.

Beteak bezain hutsak.

 

Eta nik geranioen artetik, kezkati,

kanporantz begira ikusiko zaitut

berandutzen naizenetan,

hutsuneak sortutako ilusio optikoaren menpe

dauden begi triste hauekin.

 

Izoztu zitzaigun negu hura
Jon Barberena

Denonartean, 2016