Izoztu zitzaigun negu hura
Jon Barberena

Denonartean, 2016

 

 

ZURI-ZURIA

 

Gertatutakoaz inork zalantzarik izan ez zezan

fluoreszentearen argi zuri-zuriak

errealitatearen itzalak agerian uzten zituen.

Erizainek jarri zizkizuten maindire zuriek

zer funtzio ote zuten

galdezka zebilen nire bisai zurbila.

 

Gerora paper zuri batzuk eskutan

medikuak unibertsitatean aspaldi ikasi

eta geroztik, maiz errepikatuko zituen hitzak

ahozkatu zituen.

«Bertze bat gehiago»,

pentsatuko zuen nire sinadurak

orri zuria zirrimarratzerakoan.

 

Irakurriaren irakurriaz

liburu maitatuenaren orrien gisara,

zure aurpegi horitua

gure maitasunak margotu zuela

pentsatu nuen.

Maitatuena zinelako,

maitatuena zarelako.

 

Eta orduan ausart

zure ezpain izoztuak musukatu nituen.

eta dena bukatu zela ulertu nuen

fluoreszentearen argiaren zuritasunean,

kolorerik gabeko musuan.

 

Izoztu zitzaigun negu hura
Jon Barberena

Denonartean, 2016