Izoztu zitzaigun negu hura
Jon Barberena

Denonartean, 2016

 

 

UDAZKENA

 

 

I

 

Oroitzapenak bixi-bixi

Pausoak ttur-ttur

Izar bakanak dir-dir

Haizea fir-fir

Izterrak dar-dar

Odola bor-bor

Sentimenduak zinbulu-zanbulu.

Parke iluna mutu

eta isiltasuna hausten

hosto erorien kris-krasa bertzerik ez.

 

 

II

 

Hosto herdoildu zaurituak

adarretatik zintzilik aieneka,

gaztainak morkotsen atzaparretatik ihesi.

Soroslerik gabeko hondartza babesgabeetan

olatuak dira txiringito abandonatuen bezero fidelak.

Klororik gabeko igerileku berdeetan

ikaztutako azalek ez dute pareorik hedatu.

Musikarik gabeko enparantzan

pipa azalak dantzan darabilzki hego haizeak txistuka

uda iragana bezain etorkizuna den

musikarik gabeko urtaro honetan.

 

Izoztu zitzaigun negu hura
Jon Barberena

Denonartean, 2016