Izoztu zitzaigun negu hura
EGUBERRIAK
I
Begiradak zabalegiak eta manikiak argalegiak somatzen ditut norabiderik gabeko kale honetan. Eguberrietako argiek gorpu(tz) honen itzala areagotu bertzerik ez dute egiten. Lurrundutako kristal labainkorra da nire bisaia. Urrundutako burmuin labainkorra neure burua.
Hanka dorpe eta astunez Camperrak putzu sakon batean murgildu ditut, baina ez dauka zer bustirik urak tristuraren zipriztinetan blai eginda dagoen haragi zati honetan. Oroitzapenen artean, Gabon kantak mututu dira bat-batean eta ez da isiltasunaren itzala baino gelditu argiz betetako kale jendetsuan.
II
Neguak pagoak biluztu eta izeiak girnaldez jantzi ditu. Egunak laburtu eta udako minigonak luzatu. Erakusleihoak beherapenez bete eta gure etxea zorionez hustu. Eta udaberriak pagoak jantzi, izeiak biluztu, egunak luzatu, gonak laburtu eta erakusleihoak beherapenen ehunekoez hustuko baditu ere, ez da zorionez beteko gure etxea.
Mahaia jantzirik, erraiak biluzik, oroitzapenez beteta eta ilusioz hustuta; ospakizuna labur baina Gabon-gaua luze doakigun goserik gabeko otordu oparo hau lekuko.
Izoztu zitzaigun negu hura |