Izoztu zitzaigun negu hura
GABEZIAK
I
Zerbikalak tenkatu zaizkit, nahigabeak hesteak estutu, eta Ikeako estorearen gisa korapilatu eta bildu zait sabela. Medikuak aholkatu dit arnasa trankil hartzeko eta horrela bizitza orekatuko dela.
Baina galdua du bizitzak bere-berea zuen bizitasuna eta zurekin bizi izandako bizipenak bizi-bizi datozkidanean iragana bihurtzen zait bizigai bakarra. Baina bizipenak penetan hartzen ditut bizipozak poztasunik ez dakarkidan arnasaldi luze bezain urdurian.
II
Komuneko pisuaren marmar metalikoak pisua galdu dudala diosta zu galtzearekin batera hiruretan hogeita hiru kiloko gorpu(tz) ihar hau inoiz baino astunagoa nabaritu arren.
Ondoko ispiluaren islak gaztetako dirdira galdu dudala diosta zu galtzearekin batera itzalen dirdirak inoiz baino nabariagoak begiztatu arren.
Dutxako uraren lurrinak gorputzeko beroa galdu dudala diosta zu galtzearekin batera, baina odola irakiten nabaritzen dut, hezurrak astun, begiak ilun eta odola bor-bor arroztutako gorpu(tz) honetan.
Izoztu zitzaigun negu hura |