Izoztu zitzaigun negu hura
Jon Barberena

Denonartean, 2016

 

 

KOLTXOIAREN MALGUKIA

 

Erran beharreko gauza guztiak errananak omen daude,

itsasoak inguratzen duen

gatzik gabeko mundu honetan.

Agian, horregatik irakurri gabe utzi ditudan liburuek

eragin didate gehien.

Agian, horregatik isiluneek nire belarrietan oihartzuna sortzen dute.

Solas mingarriena bezain samina ez ote da isiltasuna?

Erraidazu kabroi hutsa naizela, erraidazu hanka sartu dudala.

Zure begietan entzuten dut, zure ahoak isiltzen duena.

Erakusleiho berean preso gauden bi maniki gara.

Hor gaude, baina ez gaude.

Ginen, baina ba al gara?

 

Etxeko objektuak mintzo zaizkigu.

Atearen kirrinka eta eskaileren karraska hotsa

inoiz baino ozenago entzuten dira bizi garen isil(g)une honetan.

Ohatzean sartu zara.

Mesanotxeko argia itzali duzu: Klik

eta koltxoiaren malgukiaren karrakak

bizkarra eman didazula hots egin dit.

 

Izoztu zitzaigun negu hura
Jon Barberena

Denonartean, 2016