www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zenbeit sainduen bizitzea
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa  

Santa Theresa

 

        Erran dezakegu Santa Theresaz bere mendearen eta giriztino herri guzien admirazionea egin izan duela. Avila deithua den Espainiako hiri batean sorthu zen, ethorki ohorezkotarik atheratzen zen; ordean odolaren nobleziak baino prestutasunak eta berthuteak oraino gehiago bistatzen zituen haren burasoak. Bazituzten hirur alaba, eta Theresa zen guzietarik gaztena. Nola ezagutu baitzioten haren adinari zagokon baino izpirituko atzartasun gehiago, altxatu eta eskolatu zuten artha berezi batekin. Alaba gazte haren baitan ikhusten zuten Birjina sainduaren alderako debozione guzizkoa ahal zen buraso yainkotiar hei egiten zioten atseginik handiena.

        Aitak lakhet zuen salbamenduari daronsaten liburutan; irakur-arazten zuen, egun oroz, bere familia guzia bildurik, sainduen zenbeit bizitze. Etzen aski Theresarentzat irakurtzen entzutea; maite zuen oraino berak irakurtzea bere adineko anaia batekin. Liburu hetako historio edifikagarriek bozten zuten guzia; etzen haren loriaren parerik ikhusten zuenean badirela asko neskatxa gazte bere odola Jesu-Kristoren ohoretan eman izan dutenak. Hulako etsenplu ukhigarriek huntaraino sustatzen zituzten bi haurride gazte hekin bihotzak, non ilkhi izan baitziren, ixil-ixila, etxetik Turkoen herrirat heltzeko martirioaren bilha. Batak eta bertzeak zazpi urthe zituzten ordu hartan. Osaba batek bathu zituen, bidean zohazela, eta bihur-arazi zituen aitagana. Martirioaz etsitu zutenean, gogoari eman zioten hermitauek bezalako bizia eraman behar zutela: egin ere zituzten, haritz hostoz, bi egoitza xume othoitz egiterat ibiltzen ziren baratze batean.

        Oxala bethi iraun balute liburu onek sor-arazi zituzten haste dohatsuek! Bainan ez; liburu gaixtoek laster gaitskirat itzuli zuten Theresa gaztearen bihotza. Galdu zuen ama hamabi urthetan; eta abiatu zen, ordutik, liburu profanoen irakurtzen. Suntsitu ziren, emeki-emeki, haren sentimendu laudagarriak, eta bihurtu zen munduko alderat. Ikhasi zuen liburu ondikozko hetan nola behar zen hartu munduaz onhetsia eta maitatua izateko. Hamalau urthetara zenean, egin zituen adiskidetasunak neskatxa bere ahaide batekin, zeina baitzen presuna mundutiar, haizatu bat, eta horra zerk eman zuen arima galtzeko hirriskurik handienean. Ahantziak ziren aitzinagoko xede on guziak; eta oraino barnago sartzerat zohan munduko arinkerietan, baldin aitak ez balu ezagutu alaba baitan egin zen uztekabeko ganbiamendua. Buraso zuhurrak egorri zuen berehala seroren komentu baterat.

        Theresak, iragan zitueneko zortzi egun komentu hartan, egin zen osoki bertze bat. Erakutsten zuen munduaren alderako higuntzarik handiena, eta bere ergelkeriez urrikirik minena. Lothu zitzaion egundainoko khar berarekin zeruko bide dohatsuari. Sinhetstean zen Andre-dena Mariari zioela zor bere ganbiantza salbagarria. Ama hil zitzaioneko, eman zen ahuspez Birjina sainduaren imayinaren oinetan, eta othoitztu zuen haren ama maitetzat baliatzeaz. Etzakien oraino zertarako zen, ala zen ezkonduko, ala zen seroratuko. Duda hortan zatzala, erori zen eritasun handi batean, eta aitak erakharri zuen bereganat haren lasterrago sendarazteko xedez. Amor eman zuenean gaitzak, burasoak egorri zuen bere alaba hiriz kanpoan bizi zen aizpa baten etxera. Theresak nahi izan zuen ikhusi bere bidean zuen osaba bat, zeinak bere bizia bakhartasunean baitzaraman. Ahaide saindu haren solhasek ezagut-arazi zioten deus gutik egin zuela ez baitzuen bere arima sekulako galdu. Eman zion zinki bere buruari serora egin behar zela, garaiturik seroratasunari datxeikon bizitze nekhatuak, eta osasunaren herbaltasunak haren baitan sor-arazten zituzten arrazoinamendu guziak. Ala ungi gostarik, eta asko nigar gogo isuririk ardietsi baitzuen bere aitaren laudamendua!

        Aita baitarik ilkhi zen ordu beretik, Theresak ezagutu zion bere buruari uzkurtasun ezin erranezko bat serora sartzeko; ordean garaitu zuen etsaia haren berarenganik zuen gudu horran sarthu zen animo guzizko batekin Avilako Karmneliten komentuan, zeinetan baitzuen adiskide maite bat. Hogoi urthe zituen ordu hartan. Serora arropa hartu bezain sarri, haren bihotza izan zen sustatua Jainkoaren alderako amudiorik bizienaz. Ordutik, etzen batere herabe berthuterik gorenen pratikatzerat, etzuen bertze gogorik, baizik nondik, eta nola beheratuko eta mortifikatuko zen. Haren atseginik handiena komentuko eginbiderik aphalenen eta arbuiagarrienen bethetzean zatzan. Zilizioa, burdinezko gerrikoa, izifrina, egunorozko barurak, hauk guziak deus guti zitzaizkon arima miragarri hari. Nola osasuna xumetakoa baitzen, mortifikazione hek guziek hagorandu zuten haren gorphutz herbala. Eritu zen munduak haren biziarentzat beldur izateraino; halarik ere, egin zuen bere profesioneko botua guziek ederretsten zuten animo eta khar sainduenekin. Komentu hartako erregelek etzuten debekatzen handik, edozein ordutan ilkhitzetik, horra zergatik aitak egorri zuen alaba seroratu berria bere aizpa baitarat har zetzantzat behar zituen erremedioak.

        Nolakoak etziren Jainkoak Theresaren gainerat hedatzen zituen grazia hautetsiak! Huntaraino zaraman urrun kontenplazioneko dohaina, non nekhez aurkhitzen baitzuen arimen gidari aski argiturik haren disposizione miragarrien ezagutzeko. Ordean bazen haren baitan gauza bat barnea deskantsatzen zioena, eta hura zen bere burua ikhustea ekharria Jainkoa geroago eta gehiago maitatzerat, eta guzien gainetik han yarraikitzerat. Gaitza etzitzaion gutitzen; aitzitik emendatuz zohakon. Oinhaze bortitzek ezarri zuten azken hersturan. Etsitu bezala zuten haren biziaz; eta aitak erakharri zuen bere etxerat: hirur urthe iragan ziren osoki sendatua izan zen arteraino. Hartu zuen San Josef bere arartekotzat. Uste zuen saindu haren laguntzak athera zuela bere eritasun handitik; erraten ere bazuen etzuela behinere San Josefen arartekotasunerat bide egin entzuna izan gabe bere othoitzean. Ez da miretsteko ezagutzaz bethea balin bazen saindu haren alderat, eta egin bazituen egin ahalak harenganako amudioa eta fidantzia baster guzietarat hedatzeko.

        Eritasunetik altxatzea kaltiar izan zen Theresarentzat. Nola baitzen hainitz ohoratua eta estimatua, ibilli zitzaion mundu oste bat bere atsegina erakutsterat; mundutiarren solas funtsik gabekoek iraungitu zuten, aphur bat, Jainkoaganako zuen kharra. Etzuen leheneko gozotasun bera edireten bere othoitzetan. Sinhets-arazi zion bere buruari hipokrisia bat zela berthutedunaren itxura egitea, haizatua zenean gogo guzia. Beldurtzeko izanen zen athera zadin salbamenduko bidetik, aitaren heriotzeak ez balu sar-arazi bere komentuan; harat zeneko, eman zitzaion, zen guzia, meditazioneari. Auhendatu zuen bihotzeko kharatstasun handienarekin munduaren alderat izanik heldu zen yaidura sobraniaskoa, eta kontsekratu zitzaion bere Salbatzaille maiteari egundaino baino khar gehiagorekin. Ezin erran bezain barna sartzen zen kontenplazionean, eta perfekzionerat heltzeko hirritsarik handienean zaraman bere bizia: etzirurien leheneko hura. Etzuen batere axolarik munduaren errankisunez; orobat zitzaion hartaz ungi edo gaitski mintza zitezen. Bere ohiko kofesora lekhuaren gainean ez gerthatuz, yo behar izan zuen kofesor arrotzetarat, zeinek hartu baitzituzten ilusionetzat eta ametsentzat zerutik zituen argi eta inspirazione miragarriak; gibelatu ere zuten mahain saindutik. Zer bihotz min Theresarentzat! ematen da berehala, ahuspez, gurutzefika baten oinetan, eta isurtzen-tu nigarrik kharatsenak. Bere Jesus maitea errezibitzeko egin zitzaion debeku hark zaurthu zuen haren bihotza damurik minenaz. Etzuen nihon deskantsurik; ordean entzun zuen, ordu hartan berean, barnetikako boza kontsolagarri bat erran zioena: «ni naiz mintzo zaitzuna, eta ez naiz behinere zureganik hastanduko». Hitz hauk entzutearekin, suntsitu ziren haren damu hiragarri, eta atsekabe min guziak. Isuri zituen, ordainez, allegrantziazko nigar gozoenak, eta haren bihotza aurkhitzen zen bozkarioz gaindi egina.

        Theresak ifernuaren gainean egin zuen meditazione batek hunenbat asaldatu zuen haren barnea, non uste baitzuen etzuela aski egiten salbatzeko, eta behar zuela altxatu komentu berri bat, edo hobeki erratzeko, ordena berri bat, zeinetan eraman beharko baitzen bizitze bat oraino mortifikatuagoa. Yarri zen egiabide hartan; erosi zuen etxe bat bere xederat heltzeko. Zenbat errateko etzen izan haren kontra! Zer burla, zer iroi etzuen behar izan yasan alde guzietarik! Ordean deusek ere etzituen kantitzen haren pasientzia eta animo saindua. Sarthu zen bertze hirurekin eraginik heldu zen komenkuan, zeinetan hartzen baidu bere ethorkia Karmeliten ordena hertsi eta errespektagarriak. Gaitz da erratea zenbat zuen lakhet sofrikarietan. Edo nahi zuen pairatu, edo nahi zuen galdu bizia: aut pati, aut mori.

        Theresak gomendatu zioten serora lagunei, bere azken eritasunean, izateaz sustatuak Jainkoarenganako amudiorik khartsuenaz; Birjina saindua bere ama bezala maitatzeaz; eta ezagutzeaz San Josef bere ordenako patrointzat. Etzuen nahi Karmelita batek yakin zezan deusere bertzerik, lekhat salbamenduko bidea. Huna zer iskribatu zion Sevillako Karmeliten buruzagiari: «etzait behar ahantzi ederretsiko nuela aita Marianaren guthuna ez balu zenbeit Latinezko hitz hartan ezarri. Othoitzten dut Jainkoa begira detzan, ene alabak Latina yakiteko gutiziatik. Nahiago dut izan ditezen yakintasunik batere gabe ezen-ez erhetorika istudiatuak». Hil izan zen sentimendurik ederrenetan 1582ean. Kofesorak galdetu zion, hiltzerakoan, arekin izanen zuenez haren gorphutza izan zadin Avilako komenturat eramana. Huna gure saindak zer ihardetsi zuen: «ez dut deusere neurerik, agian emanen darotet lur guti bat lekhu huntan berkan». Haren gorphutza izan zen Avilarat altxatua, ehortzia izan zenetik hirur urtheen buruan. Haren oin bat Erroman datza orthuts dabiltzan Karmeseen komentuan. Guk ere badugu (esker Espainiako erregina bati) haren erritarik bat Frantzian, Parisko Karmeliteen elizan.

 

aurrekoa