www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zenbeit sainduen bizitzea
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

San Frantzes

 

        San Frantzesek egin izan du mundu guziaren admirazionea munduko ontasunentzat zuen arbuio miragarriaz. Elizako saindurik handienetarik da. Sorthu zen Asisa deithzen den Italiako hiri batean. Iduri zuen, sorthu zen oren beretik, Jesu-Kristoren bizitze sainduari nahi zitzaiola yarraiki guzietan. Salbatzaillea bezala Frantzes ere heia batean sorthu zen. Tratularia zuen aita, Bernadon zuen izena. Joanesen izena eman zioten bathaioan gure sainduari. Deithu zuten gerorat Frantzes, zeren arte laburrez ikhasi zuen frantzes erdaraz mintzatzen. Etzitzaion eman eskola handirik; abiatu zen gaztedanik tratuan. Bazuen izpiritu; ungi egina zen gorphutzez, eta bihotz on bat zuen. Urrikari zituen beharretan zirenak. Bereganatzen zuen bere arraitasunaz eta kortesiaz mundu guziaren amudioa. Yaidura gehiago zuen atseginentzat ezen-ez diruarentzat; ordean higun zuen libertinkeria. Bertze berthute guzien artean, karitatea zen haren baitan gehienik seinalatzen zena. Ezin eman ziozokon barneak pobre bat utztea egin gabe amoina. Egia da bada gerthatu zitzaioela behin utztea pobre bat, utztekaberik bazen ere, egin gabe karitatea; ordean zer urriki etzuen izan! Abiatu zen berehala eskaille haren ondoan, eta eman ziotzon zituen guziak. Ordutik finki hartu zuen gogoan, agindu ere bazioen Jainkoari eginen ziotela amoina galdeginen zioten pobre guziei.

        Tratuko barraiadura etzagokon ungi gure sainduari, bertze zerbeit gehiagotako zadukan probidentziak. Asisako populuak izan zuen eskatima handi bat Perousakoarekin ethortzerainokoan elkharri lothzerat. Frantzes etzen gutienik agertu bere zuzenen alde. Eman zuen erakutsterat bere animoa; ordean hartua izan zein, eta egon zen urthe baten ingurua Perousako presondegian. Hura izan zen ordua hasi izan baitzen higuntzen mundua. Ilkhi zenean presondegitik, eragin zuen soineko eder bat: yauntsi zuen bezain sarri, bathu zuen aitoren seme pobre bat erromeski emana. Bihotzak gaindi eginik, eman zion bere soineko ederra, eta hartu zituen ordainez, bertzearen arropa txarrak. Ondoko gauean ikhusi zuen ametsetan palazio eder bat arma distiosez bethea, eta arma hek ziren zigillatuak gurutzearen seinaleaz. Iratzarri zenean, hartu zuen amets hartarik Jainkoak gerla-gizon handi bat egin nahi zuela hartaz. Sinhetste hartan sarthu zen erregeren zerbitzuan; ordean Jainkoak egorri zion bigarren amets hat ezagut-arazi zioena bihurtu behar zela Asisarat, eta etzuela behar zerbitzatu hartaz landan bertze nausirik. Frantzesek konprenitu zuen ordu hartan, hark egiteko zuen gerla izpirituala zela bere burua, eta bere pasioneak zituela bere etsaiak. Bihurtu zen bere sor-lekhurat: utzi zituen alde baterat tratua eta gerlako ofizioa yarraikitzekotzat bakharrik Jainkoari: egin zituen bere egin ahal guziak, ezagutzekotzat probidentziak zer galdetzen zuen harenganik.

        Kamariz zolhan aldi batez, bathu zuen lepradun bat, era haren gaitz itsusiak nahasi zion barne guzia; ordean orhoitu zen Jesu-Kristo zerbitzatzeko, behar zuela lehenik bere burua garaitu; yautsi zen beraz zamaritik, besarkatu zuen eri hura, eta eman ziotzon, zituen diru guziak. Etzen bain laster igan zamarirat non lepradun hura suntsitu baitzen bet-betan. Gerthakari hunek gehiago baizik etzuen ukitu gure sainduaren bihotza. Yarri zen osoki perfekzionerat daraman bide dohatsuan; etzuen ordutik nihon lakhet, lekhat, othoitzean, eta mundutik urrun bizitzean. Nigar marrasketan zagoela bere bekhatu iraganez orhoitzean, agertu zitzaion Jesu-Kristo gurutzean hil izan zen estatu berean. Ikhusgarri ukigarri hark hunenbat iharrosi zuen Frantzesen bihotza non ezin bara baitzetzakeien bere auhenak eta nigarrak Salbatzaillearen pasionea aiphatzen zuen aldi guzietan. Sustatua aurkhitzen zen khar saindu batez, nahi izan zitzaien yarraiki Jesusen pobreziari eta sofrikariei. Etzuen halako atseginik nola pobreekin eta lepradunekin ibiltzea. Erromako eliza batetarik ilkhitzen zela, bathu zuen pobre multzo bat karitatea galdetzen zutenak: fagoratu zituen bere diru guziez: etzen hartan gelditu: erran ziotzan erdi bulhuzia zen pobre hetarik bati bere soineko ederrak, eta berak yauntsi zituen haren arropa txarrak. Gure sainduak iragan zuen egun hura guzia pobreen baltsan zirtzilla zarioela. Supherra zen berenez, eta ederki agertu nahia. Ordean hain ungi zebatzen zuen urgilleria non iduri baitzuen berekin ekharri zituela mundurat humiltasuna eta pobreen alderako amudioa.

        San Frantzesek, othoitzean zatzala San Damienen elizan, zeina baitzen erori hurrena, entzun zuen boza bat gurutzefikatik heldu zela ziruriena: boza hark erran zion antolatzeaz eliza hura. Gure sainduak uzte izan zuen Jainkoa bera mintzo zitzaioela. Lehiatzen da obeditzerat; badoha bere aitaren etxerat, hartzen-tu zenbeit oihal peza, saltzen ditu hek zaramatzan zamariarekin batean, eta badoha San Damieneko elizaren artha zuen aphez batenganat; othoitzten du eliza gizon hura errezibitzeaz bere etxean bera eta elizaren antolatzeko ekhartzen ziotzon diruak. Aphez hark hartu zuen arraiki bere etxerat gure saindua; ordean, diruaz bezanbatean, etzuen nahi izan eskutarat hartu. Frantzesek utzi behar izan zuen diru hura leiho baten gainean: iragan zituen ondoan zenbait egun aphez prestu harekin othoitzean eta penitentzian, ikhus zuen urrundanik bere aita fulian heldu zela hura zen etxerat, gorde zen berehala beldurrez erran bide gehiago bere burasoaren aserradurari. Athera zen laster gordea zagon lekhutik, eta agertu zen Asisako karriketan guzia desegina, eta bertze bat egina. Iduri zuen burutik arindua; ondotik zarraizkon haurrak burlatzen zirelarik hartaz. Aitak ikhusi zuenean bere semea planta hartan, erakharri zuen bere etxerat, yazarri zion bortitzki, eta eman-arazi zuen lekhu barne batean erhotu izan balitz bezala. Aita hura ilkhi zen bere etxetik, bere egitekoz, zenbeit egunentzat. Amak eman zion, arte hartan, Frantzesi etxetik atheratzeko libertatea: gure sainduak egin zuen berehala bide San Damieneko aphezaganat. Aitak, bihurtu zenean etxerat, aurkhitu zuen bere semea eskas; haren galtzeaz baino min gehiago zuen bere oihal pezeen galtzeaz. Abiatu zen bere semearen ondoan. Frantzes athera zitzaion bera biderat animo saindu batekin, eta erran zion: hobeki naiz Jainkoarena ezen-ez zurea. Hura da bakharra zerbitzatu nahi dudana. Ez duzu zeren kondatu gehiago ene gainean. Nausi handiago baten zerbitzuan edireten naiz. Aitak ihardetsi zion: horletan bihur diezadazu ene dirua, eta zato aphezpikuaren aitzinerat zure zuzeneen desmetimendua egiterat. Frantzes gogotik erori zen aitaren nahirat: agertu zenean aphezpikuaren aitzinerat, utzi gabe aitari mintzatzeko astirik, khendu zituen soinean zituen arropak, eta bihurtu ziotzon bere aitari guziak: etzuen deusere begiratu beretzat baizik gorphutzean zakharkeien zilizioa, edo ille latzezko athorra. Erran zion bere burasoari: orai arteraino deithu izan zaitut ene aita, hemendik aitzinat fidantzia gehiagoekin erranen dut: gure aita zeruetan zarena. Aphezpikuak atsegin hartu zuen Frantzesen egiteko moldeaz: besarkatu zuen amultsuki, eta egorri zuen San Damienerat, emanik bere benedikzionea.

        Ordu hartan Frantzesek hogoi eta bortz urthe zituen: hautsi zituen allegeraki munduarekin lothua zadukaten lokharri guziak, eta abiatu zen mortuan barna kantatzen zituelarik bidean Jainkoaren laudorioak. Iragaten zela oihan batetarik, erori zen ohoineen eskutarat. Zehatu zuten dorpheki, artiki ere zuten elhurrez bethea zen zilho baterat. Zer bozkario gure sainduarentzat paira ahal izatea Jesu-Kristoren ohoretan! Haurreko adiskide batek ikhusi zueneko Frantzes Gubbio daritzon lekhu batean, erakharri zuen bere etxerat, eta eman zion tunika txar bat estalkitzat. Gure sainduak zerbitzatu zituen hospitaleko lepradunak; hobeki garaitzekotzat halako erien zerbitzatzeko barnetik zuen desgustua, besarkatu zuen hetarik gaitzaz maldatuena, eta eri urrikalgarri hura sendatu zen ordu hartan berean.

        Frantzes orhoitzen zen bethi San Damienen eliza antollatzeko Jainkoak eman zion manuaz. Bihurtu zen Asisarat, egin zuen eske bat obra hari lothzekotzat. Hari zen bera ere lanean harginak bezala. Eliza hura allogatua izan zen arte laburrez. Lurrerat zohan hurren Porzionkula zaritzon Andre-dena Mariako eliza, nola ezin erranezko debozione bat baitzuen gure sainduak Jainkoaren amarentzat, hartu zuen eliza haren altxatzeko xedea, eta konplitu zuen bere nahia bere nekhearen eta eske baten bidez. Asisatik lekhoa laurden bat ahal da eliza hartarat. Eliza hartan ardietsi zituen Frantzesek fagore guziz miragarriak: eliza hura da oraino haren ordenaren ethorkia bezala. Egun batez, meza entzuten hari zela Porzionkulako elizan, entzun zituen ebanyelioko hitz hauk: ez dezazula izan ez urrerik, ez zilharrik, ez eta bertze dirurik. Bidean zohazenean ere ez dezazula izan ez zakhurrik, ez soineko aldatzekorik, ez oinetakorik, ez eta makillarik.

        Frantzesen bihotza sustatua izan zen momento hartan perfekzionerat heltzeko kharrik bizienaz. Ezagutu zuen ebanyelioko hitz hetarik Jainkoak zer galdetzen zuen harenganik. Khendu zituen berehala bere oinetakoak, artiki zuen bere makilla, eta ukho egin zioten bethikotzat urreari eta zilharrari. Etzuen begiratu bere tunika baizik; khendu zuen orobat bere gerriko larruzkoa, eta hartu zuen soka bat ordaintzat. Eman zen gero predikatzen. Nola haren etsenpluak haren hitzeen araberakoak baitziren, egin izan zuen ezin erran bezanbat konbersione. Mundu guziak ederretsten zituen haren prediku gozoak; etzuten baitezpadako edergaillurik, ordean solidoak ziren eta sarkhorrak. Batzuei etzitzaien aski zela haren entzutea: nahi izan zitzaizkon yarraiki hark hartu zuen zeruko bide dohatsuari; ontasun guziak utzirik, yarri ziren haren gobernuaren azpian. Lehenik, izan zituen hirur dizipulu. Heldu izan zenean hamabitaraino, egin nahi izan zuen hek guziez gorphutz bat bezala. Aphezpikuak eman zaroen guziei predikatzeko botherea, eta bere benedikzionea.

        San Frantzes ibilli zen bere dizipuluekin, herriz herri, predikatzen ebanyelio saindua. Zenbat konbersione etzuten egin bazter guzietan! Horra nolakoa izan zen gure sainduaren ordenaren hastapena. Ordena bat da elizari hainitz doktor, martira eta saindu eman diotzona. Emendatu zirenean San Frantzesen dizipuluak, Asisako aphezpikuak nahiko zuen yabe zadin zenbeit ontasunez hek guzien haztekotzat. Ordean gure sainduak etzuen nahi bertze ontasunik baizik probidentziatik eta giriztinoen karitatetik ethorriren zirenak. Aita-sainduak etzion eman nahi izan San Frantzesi bere ordena altxatzeko laudamendua. Damu hunek etzuen lotsatu haren bihotza; eman zitzaion othoitzari. Aita-sainduak, ondoko gauean egin zuen amets batetarik lekhora, erakharri zuen Frantzes bere aitzinerat: ezagutu zuen haren hitzetarik saindu handi bat zela, besarkatu zuen, eta eman zion gogoan zarabillan ordenaren altxatzeko laudamendua.

        Ez ahal da nihor egin dukenik San Frantzesek baino penitentzia gehiago. Bere nekhe guzien erdian, barurtzen zen egun guziez. Etzuen yaten hurren behinere deusere errerik. Aurkhitzen bazioen bere yanari gusturik, ematen zion hautsa gainetik. Dorpheki zakharkeien bere gorphutza: lurra zen harenetzantza harria haren bururdia. Tunika ihetxi bat zuen soinekotzat urtheko denborarik gogorrenetan ere. Etzen hurbiltzen surat negurik bortitzenean. Aski zitzaion haren bihotza berotzen zuen zeruko sua. Predikatzen eta erien zerbitzuan zaramatzan egun osoak, eta gauen parterik hoberena gurutzefikaren, edo sakramendu sainduaren zinetan: eta nola! nigarrik kharatsenetan. Ez bide da izan gizonik San Frantzes baino humillagorik. Zertutik zituen grazia seinalatuen erdian, iduritzen zitzaion hura zela lurraren gainean zen bekhatorerik handiena. Ezin erakharri zuten aphez izaterat, lurreko xixaria baino zerbait gutiagokotzat zadukan bere burua. Zenbat mirakuillu etzuen obratzen! Sendatzen zituen eriak, biz-arazten hillak.

        San Frantzes egon zen eri bi urtheen ingurua. Eraman-arazi zuen bere burua Porzionkulako komenturat. Harat zenean, erran zioten bere dizipuluei khen ziozotela bere tunika, eta eman zezatela lurraren gainean hiltzekotzat ahalik pobrekiena, Jesu-Kristo gurutzean hil izan zen bezala: dizipuluek egin zuten bere nausiaren nahia; ordean goardianoak eskaini ziotzon tunika xahar bat eta soka bat, erraten zioelarik etziotzola beretzat ematen, eta har zetzala obedientzia egiteko. Orduan gure sainduak hartu zituen. Ikhusi zituenean bere dizipuluak nigar marrasketan, altxatu zituen eskuak zerurat: gomendatu zioten hertsiki Jainkoaganako amudioa, leihaltasunik handiena begiratzeko ordenako egin bideak; gomendatu zioten bereziki pobrezia, eta izateaz sinhetste itsu bat eliza katholikoan. Gomendatu zioten oraino amudio khartsu bat Birjina sainduaren alderat: gomendio hautarik lekhora, San Frantzesek othoitztu zuen Jainkoa arren benedika zetzan haren ume maite guziak, eta balia zakioten aitatzat. Hil zen berrogoi eta bortz urthetan, hitz hauk ahoan: athera zazu Jauna, ene arima gorphutz huntako presondegitik. Gure sainduaren gorphutza ehortzia izan zen lehenik San Damieneko elizan; eramana izan zen gerorat, zeremoniarik ederrenean Asisarat bathaiatua izan zen elizarat.

 

aurrekoa hurrengoa