www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zenbeit sainduen bizitzea
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

San Bernat, abadea

 

        San Bernaten ospea hedatua da mundu guzirat; haren mirakuilluak ezagutuak dire bazter guzietan. Birjina sainduak ez ahal du izan egundaino hura baino zerbitzari leihalagorik eta khartsuagorik. Argitzen zuen mundu osoa, eta ohoratzen beregainki Frantziako eliza. Erresuma huntan eta Langrezko diozesan zen sorthua. Ethorki handitik zen: familia zaharrenetarik eta ohorezkoenetarik ilkhitzen zen. Bazituen zazpi haurride, eta itzul-arazi zituen Jainkoaganat guziak. Berthuteak odolak baino oraino gehiago ohoratzen zituen haren buraso prestuak. San Bernaten amak amets egin zuen (izorra zelarik) zakhur ttipi bat zakharkela bere erraietan fangaz hari zena. Ama hura laztua izan zen amets hartaz, eta kontsultatu zuen gizon Jainkotiar bat, zeinak erran batzion mundurat emanen zuen haurrak begiraturen zuela leihalki Jaunaren arthaldea, eta etzela baraturen oihu egitetik elizaren eta fedearen etsaieen kontra. Ama hark berak hazi zituen bere zazpi umeak. Maite zituen guziak; ordean egin zuen ametsak bazakharken maitatzerat bertzeak baino gehiago umerik gaztena, zeina baitzen gure saindua. San Bernat altxatua izan zen artha handirekin eta haren odolari zagokon bezain ederki. Egorri zuten eskoletarat; ikhasi zuen igurikitzeko zen baino hagitz gehiago, eta zer bide etzuen egin berthutean! Hitz guti zuen, astiroki pisatzen zituen gauzak, eta lakhet zuen mundutik urrun bizitzea.

        Ezin erran daite zertarainokoan heltzen zen San Bernaten debozionea Andre-dena Mariaren alderat; bere haurtasunean ere, aski zuen entzutea Mariaren izena yartzeko bozkario guzietan. Nahi zutenean gibelatu haurtasunari darraizkon huts xumetarik, aski zen Mariaren aiphamen bakharra: nork izan du egundaino garbitasunarentzat gure sainduak bezanbat amudio? Zenbat asaldura, bizkitartean, etzuen yasan behar izan etsai gaixtoaganik! Haren berthutea behar zen ez erortzeko bathzen zituen behaztopa lerragarrietan. Aldi batez, gerthatu zitzaion landatzea, aphur bat, uztekabean bezala, bere begiak emazteki baten bisaiarat, izan zuen hunenbat urriki flakezia hartaz non sarthu baitzen lephoraino bereganik hurbil zuen, eta erdi hormatua zen ur batean iraungitzekotzat lohikeriaren sua, bere bizia beraren goztuz.

        San Bernat etzen nahi bezain laster hastandu mundu-petik hobeki begiratzekotzat inozentzia. Sarthu izan zen pobreziarik handiena, eta penitentziarik dorphenak galdetzen zituen ordena garratz batean. Hasi zen eskuratzetik, eta ordena hartarat erakhartzetik hogoi eta hamar aitoren seme, eta bere sei anaiak: sei haurridek ardietsi zuten burasoaganik komentuan sartzeko laudamendua. Aitaganik urruntzean hetarik zaharrenak erran zion gazteenari utzten ziotzola bere ontasun guziak; haurride gazteenak ihardetsi zion: erran nahi da beraz zerua hartzen duzula zuretzat, eta utzten duzula neuretzat mundua. Ez naiz batere antolatzen horrela: anaia gazteen hunek egin zuen haren haurrideek egin zutena. Utzi zuen hark ere mundua. San Bernatek erakharri zuen oraino Jainkoaganat osaba bat, eta aitoren seme bat ospe handitakoa, geroztik aphezpiku izan zena. Gizon gazteek aski zuten entzutea gure saindua ukho egiteko munduari. Agertzen zenekotzat, amek gordetzen zituzten bere umeak, eta emazteek bere senharrak haren hitz sarkhorren beldurrez.

        San Bernat lothu zitzaion fraide saindu bati dagokon bizitzeari ezin erran bezanbat kharrekin. Gogorki zebatzen zituen gorphutzeko sentsu guziak, eta bazaraman penitentziaren dorphetasuna bidegabe egiterainokoan bere osasunari. Othoitzean eta meditazionean zituen bere gogoa eta atsegina: hetan ikhasi zuen iskritura saindua hedadurarik handienean: berak ere erraten daroku etzuela izan liburu sainduak ikhasteko bertze nausirik baizik haritzak eta oihanak.

        San Bernaten famak, eta haren hogoi eta hamar laguneen etsenpluak, erakharri zuten mundutze handi hat komentu bererat; lekhurik ez izanez heldu ziren guzientzat, emendatu behar izan ziren komentuak. Gure saindua egorria izan zen bere lagunekin lekhu izigarri batetarat, eta etzuen nihon han baino lakhetago. Egin izan zuten mortu hartan, ez nekhe handirik gabe, egoitza xume bat kapera batekin: eman zitzaion komentu berri hari Clairvauxen izena, eta San Bernat izan zen hango abadetzat ezagutua. Alferretan nahi zuen bere burua gorde, Jainkoak laster ezagut-arazi zuen munduaren argitzeko zadukana. Arima Jainkoaganat itzuli nahiak heldu ziren, osteka, San Bernaten gobernuaren azpian bizitzerat. Aphezpikuek, erregeek eta printzeek Clairvauxerat zuten lehia kontseilluketarat.

        Teszelin, San Bernaten aita, etzen bere semeak baino gutiago ekharria egiterat bere salbamendua; hura ere sarthu zen hek bezala komentuan, eta eraman zuen bizitze saindu bat Clairvauxen. Gure sainduaren arreba batek izan zuen bere anaia ikhusteko gutizia. Urrun da urrikitzeko izan baitzuen bere urhatsez. Haurride sainduaren Jainkozko solazek ukitu zioten bihotza; utzi zuen hark ere mundua, eta sarthu zen serora. Gauza miragarria! borrokan eta oinhaze-pean bizi zen gure saindua, eta bethi ezti, bethi arrai, bethi allegera ikhusten zen. Eri zen hurren bethi, hagorandua zen haren gorphutz herbala, halarik ere zenbat obra handi etzuen egiten! Nork sinhets ehun eta hirur hogoi eta hamar komentu izan direla hark eraginak! zenbat konziliotan etzen aurkhitu elizaren argi bizi bat bezala! zenbatetan etzuen bakea eman handien, printzeen artean, armada beretan ere! zenbat heresia etzituen suntsi-arazi! Aski zuen agertzea, eta ordu beretik, heretikorik thematuenak garaituak, konfundituak aurkhitzen ziren. Bere ibiltze eta nekhe guzien erdian, ematen zuen, egun guziez, meza saindua. O! nolakoa etzen Jainkoaren alderako haren kharra lekhu guzietan, eta bereziki aldarean! Gaizkitu zeneko, aphezpikuek, abadeek, fraidek eta ezin erran bezanbat munduk nahi izan zuten ikhusi guzien admirazionea egiten zuen gizon saindu hura. Hil zen hirur hogoi eta hirur urthetan, eta Clairvauxko elizan izan zen ehortzia.

 

aurrekoa hurrengoa