www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zenbeit sainduen bizitzea
Bernard Larregi
1777

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamen Çaharreco eta Berrico Historioa (Bi-garren liburua). Bernard Larreguy. Fauver-Duharte, 1777.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Yaun-doni Mikael Arkanyelua

 

        Elizak irakhatsten daroku Jainkoak kreatu zituela aingeruak mundua kreatu zuen ordu berean. Aingeruak izpiritu huts dire, eta ez dire gorphutzekin baltsatuak izateko eginak. Zerutik dituzten dohainen eredurakoa da heien perfekzionea. Jainkoak eman izan diote ungiaren eta gaitskiaren ezagutza, eta bataren edo bertzearen egiteko libertate osoa. Bere perfekzioneak lilluratu zituen hetarik hainitzak. Laudatu behar bidean bere ungi-egillea, eman zitzaizkon urgilluari. Etzuten nahi izan obeditu Jainkoa. Zer gerthatu zen? artikiak izan ziren ifernuko zolarat erretzerat eternitate guzian; ordean aingeru onak bethi humil eta leihal agertu ziren Jainkoaren alderat: hala-hala, bortitztuak izan ziren grazian. Zeruko izpiritu dohatsu hek bethi Jainkoaren aitzinean daude; ikhusten, adoratzen eta lorifikatzen dute bere kreatzaillea; ez dire behinere baratzen haren maitatzetik amodiorik khartsuenaz. Jainkoa hetaz baliatzen da hedatzekotzat bere manu sainduak kreaturetarat, eta beregainki gizonetarat. Aingeruen bidez ezagut-arazten du bere nahia edozein ordutan. Hek dire gure begirailleak, eliza guziaren, eta gutarik bat bederaren arartekoak eta laguntzailleak.

        Dela testament berria, dela zaharra, biak mintzo dire zeruko izpiritu dohatsuez. Hirur aingeru agertu zitzaizkon gizonaren iduriaren azpian Abrahami erraterat izanen zuela seme bat, Rafael aingerua yarraiki zitzaion Tobia gazteari heltzekotzat Ragesenganat. Irakurtzen dugu oraino Gabriel aingeruak egin zuela Daniel yakintsun ethorkizunaz, eta Mesias mundurat ethorri behar zen mugaz. Aingeruek eman zaroen artzainei Jesus sorthu zelako berri kontsolagarria. Aingeruek zerbitzatu zuten Salbatzaillea mortuan, eta bortitztu olibetako baratzean. Hitz batez errateko, Iskritura sainduak maiz aiphatzen ditu zeruko izpiritu dohatsuak.

        Bakharrik hirur aingeru dire zeineen izenak baidire ezagutuak; hek dire Mikael Arkanyelua, Gabriel eta Rafael. Yaun-doni Mikael da aingeru guzien buruzagia, eta gehienik ohoratu behar duguna. Daniel profeta mundura gabe gure Arkanyelua ezagutua zen etsaiaren gainean eraman zuen garaitiaren arrazoinaz. Hil zenean Moise hanbat mirakuilluen egillea, faranek igurikitzen zuen idolatriarat emanak ziren yuduek adoraturen zutela profeta handi hura Jainko bezala. Sinhetste hartan, erakharri zuen populu hura tenplu eder bat egiterat Moisen ohoretan; ordean Yaun-doni Mikael agertu zen yuduen alde, eta gibelatu zituen idolatria hartarik.

        Yaun-doni Yauni ebanyelistak, erraten daroku eman izan zela gudu handi bat zeruan Yaun-doni Mikaelen eta Luziferen artean; Luzifer eta haren lagun aingeru gaixtoak izan zirela garaituak, eta etzirela geroztik zeruan agertu. Mundu guzia gal-arazi nahiz dabilhari suge zaharra, zeina baida deabrua, artikia izan zen ifernurat bere aingeru, edo zerbitzariekin batean. Batzuen arabera, Yaun-doni Mikael zen Josueri agertu zitzaion aingerua haren laguntzerat kananeendarren zebatzen. Josuek erran zion harenganat zen aingeruari: nor zare zu? gure alde zara, ala gure etsai? Aingeruak ihardetsi zion: ni naiz Jainkoaren armadako printzea. Erran dezakegu egia guziarekin Yaun-doni Mikael elizaren laguntzaille izan dela egundainotik. Ez dugu ikhusten Gabriel eta Rafael aingeruak agertu direla behinere mundurat Salbatzaillea zerurat igan geroz; eta ikhusten dugu Yaun-doni Mikael hainitz aldiz agertu dela eliza eta giriztinoak laguntzerat. Atzarria dago guzien gainean, eta bereziki Frantziaren gainean. Haren arartekotasuna seinalatu izan da gure erresuman; horra zergatik Louis hamekagarrenak altxatu zuen, duela hirur ehun urtheen ingurua, gerla gizonentzat ordena bat deithua dena Yaun-doni Mikaelen ordena, zeinak errege baidu buruzagitzat. Ordena hartako Jaunek ekhartzen dute, egunoroz, lephoko urrezko bat zeinari baidatxeiko gure arkanyeluaren zigillua, edo errepresentazionea.

        Yaun-doni Mikaelen alderako debozionea beregainki berotu behar duena, eta gehienik erakharri behar gaituena gure fidantzia haren baitan ezartzerat, da yakitea hark daramatzala arimak Jainkoaren yuiamendu ikharagarrirat, hartzerat behin bethiko sententzia; nolazpait ere, haren eskutan artikitzen dugu azkeneko hatsa. Zenbat arrazoin ez dugu beraz galdetzeko eta prezatzeko Yaun-doni Mikaeleri arartekotasuna!

 

aurrekoa hurrengoa